Beigbeder idazlea Sautrela saioan

Beigbeder idazlea Sautrela saioan

Beigbeder idazlea Sautrela saioan

Larunbat honetan Sautrelaren 302. atala emitituko da ETB1en, 15’15 tik aurrera, eta gonbidatu berezi bat izango dute elkarrizketan: Frederic Beigbeder frantziarra.

Zaila da 1965ean Parisen jaiotako idazle honen profila egitea, idazle ez ezik, kritikari eta telebistako izar ere bai baita. Frantziako telebistan maiz agertzen da kultur iruzkinak egiten, bai literarioak, bai zinemaren ingurukoak ere. Agertzen den horietan, gainera, ez da isil-misilean pasatzen den horietakoa; estilo zorrotza du, probokatzailea, aho beroa batzuetan, baina beti muga batzuen barruan, zabarkeriarik gabe.

Sautrelak Lapurdiko Getarin harrapatu zuen idazlea uda honetan. Txiki-txikitatik han pasatzen ditu udak, bertako sentitzeraino eta bere etxean egin zion elkarrizketa Hasier Etxeberriak. Gainerako udatiarren gisara, jantzi nasaiekin ibiltzen da, abarketak jantzita, azala beltz, beti itsasora begira, bart egindako parrandatik garbituko duen olatua noiz etorriko…. Idazten ez ezik, tenisean jokatzen edo surfean ematen ditu egunak, eta Paris aldeko bisitariak hartzen. Besteak beste, Michel Houellebecq idazlea izan da aurten bere etxean, hiriko zaratari ihes eginez.

Oso gaztetatik hasi zen Beigbeder idazten. Familia ‘on’ bateko seme da, guraso aberatsak, kulturarekiko kezkatuak, igande arratsaldeak liburuak irakurtzen ematen dituzten horietakoak. Semeaz gizon nabarmena egin nahi zuten, eliteko, baina semea bihurri atera zitzaien, eta, bere gizarte-eraginagatik baino, lagunekin antolatzen dituen festetan egiten duten zaratagatik da ezagun. Horixe kontatu du Beigbederrek azken aurreko liburuan, ‘Un roman français’ izenekoan: bere sendiarentzat semeetan txikiena izan den desastrea. Leienda, ordea, oso gustuko du Beigbederrek, leienda horretaz elikatzen baita bizitzan aurrera irten eta hozkailua oparo bete ahal izateko.

Lehen arrakasta literarioa berandu samar ailegatu zitzaion paristarrari, ia etsitzear zegoenean. Literatura eta lan publizitarioa uztartzen zituen garai hartan, eta horrexi buruz idatzi zuen, publizitate munduko zikinkeriaz, gorputz perfektuen atzean ezkutatzen den lehia basatiaz. Frantzian hautsak ederki harrotu zituen ‘99 francs’ izeneko liburu hark, erruki gabe zigortzen baitzuen publizitatearen ingurumari oso-osoa. Hain izan zen handia iskanbila, lantokitik bota baitzuten. Baina ez zioten kalte handirik egin: hantxe hasi zen bere izar-karrera.

Sautrelan egindako elkarrizketan Beigbeder oso etxeko agertu zen, gertuko, ‘star’ handiek komunikabideekin izan ohi duten eskarmetuaz eta adeitasunaz. Bere bizitzaz jardun zuen, bere haurtzaroaz, eta, bereziki, literaturaz. Izan ere, idazlea ikusita, irudi luke ‘bon vivant’-a besterik ez dela, aberaskume friboloa, baina literatuaz asko daki, eta idaztearen ofizioaz zer esanik ez.

Euskaraz ezer ulertzen ote duen ere galdegin genion saioaren azken aldera, eta har non hasi zitzaigun umetan ikasitako eliza-kantuak abesten: “Jaungoikoaren bildotsa, zuk kentzen duzu munduko bekhatua...” Hala ere hobea da idazten, kantuan baino. Zin dagigu.

MzU1Nw==

Beigbeder idazlea Sautrela saioan