Katalunia 1-O: fededunak, eszeptikoak eta estralurtar demokratak

Katalunia 1-O: fededunak, eszeptikoak eta estralurtar demokratak

“Katalunian independentzia lortuko dutela sinesten dute”, aitortu zidan konbentzitu berriaren zirrararekin Feroe Irletako kazetari batek, Raül Romeva kanpo harremanetako sailburua Bartzelonan elkarrizketatu eta gero, “Euskal Herrian baina, Kataluniaz galdetuta, eszeptikoak baino ez ditut aurkitzen”.

Kazetari atzerritarrak Bartzelonan mugimendu independentista eredugarria topatu zuen. Demokratikoa, europarzalea, atzerritarrekiko begiruneduna, bakezalea, mobilizatzailea, irribarretsua… zaila da aurreiritziz zikindu gabeko demokratentzat akatsik detektatzea.

Katalunia 1-O: fededunak, eszeptikoak eta estralurtar demokratak

1-0: oraingoan bai?

Urriaren 1erako deitua du Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak independentzia erreferendum loteslea –9N ez bezala–. Jirabiraka dabilen noriaren hirugarren txanda: legez kanpokoa da, gure legearen baitakoa da, ez da egingo, egingo dugu, baliabide legal denak erabiliko ditugu, irudimenez soluzioak aterako dira… eta helduko da egun handia, beste behin. Azaroaren 9an izan zenaren aldean benetakoa, irailaren 27an emaitza korapilotsuek galarazi zutenaren aldean definitiboa. Oraingoan bai?

Hasteko, espainiar Estatuak erreferenduma galarazi ezin badu –ez du indarkeriaz egin nahi–, higatu egingo du.

Gutxiespen politikoa eta mehatxu legala dira Madrilen tresna nagusiak. Isunen beldurrez ditu arduradun politikoak, funtzionariak, bolondresak, enpresak, poliziak… Helduko dira bankari eta multinazionalen oharrak, atzerritik Madrilen aldeko adierazpenak…

Gauzak horrela, Rajoyrentzako onenean, Generalitateak gutxieneko baldintzak ezin bermatuta galdeketa bertan behera utziko luke.

Txarrenean, baldintza eskasetan bozka dezaten lortuko luke Madrilek. Helburua: independentziaren kontrakoek ez bozkatzea eta aldekoek motibazio txikia eta zailtasun logistikoak izatea –hauteskunde egoitzak murriztuta, adibidez–.

.

Irabazteko bete beharrekoak ala galdu

Independentistei erreferenduma irabazteko gehien falta zaiena ezezko botoak dira. Podemos-en jarrera lagungarri izan dezakete. Gutxi gora behera katalanen erdia dago alde eta erdia kontra, baina bietako batek du mobilizatzeko gaitasuna.

Veneziako Batzordearen baldintzak gorabehera, gakoa da, batetik, parte hartzea, %50etik gora edo behera izatea, eta ezezkoen ehunekoa esanguratsua.Hauteskunde eta galdeketa aurrekariak ikusita, erronka benetan zaila.Bi faktore horiek eman edo kenduko diote zilegitasuna Katalunian eta munduaren aurrean.

Nazioarteko agendan dago gaia, eta erreferendumaren aldekoa da hedabideen joera, horren erakusle berrienak hauek: New York Times, Irish Times, Le Monde. Europako estatu baten hitz abegikorren aurrekari bat nahikoa izan liteke domino fitxak erortzen hasteko. Baina lehen urratsa Bartzelonan gertatu behar da. Balizko garaipena eraginkor izan dadin Katalunia hitzetatik ekintzetara igaro beharko da, nolabait esatearren. Espainiari ultimatuma eman. Independentzia aldarrikatu. Nazioarteko erakundeei erantzuna eskatu. 

Erreferenduma ez bada behin betikoa, prozesua irtenbide gabe geldituko da, erre dituzte zituzten guztiak, eta gizartearen animoa ere ez da orain dela hiru urtekoa. Bere burua berrasmatzeko gaitasun kolosala erakutsi dute independentistek, baina egitate guztiek amaiera etsigarri batera daramate bidea. Urte batzuetarako behintzat. Puigdemontek eskupean kartarik ez badu gutxienez. Bitartean, putreak prest, odola usaindu zain daude… baita etxe barruan ere.

.

Demokrazia Europan

“Nola ez du ba Europa demokratiko batek Kataluniaren erabakia aitortuko?”, galdetzen zuen faroetarrak, “Danimarkak onartuko zukeen, nik uste”. Faroe Irlak Danimarkako eskualde autonomoa dira. Torshavn hiriburuko legebiltzarrak nahi balu independentzia bihar aldarrikatu zezakeen, Kopenhage metropoliaren oniritziarekin. Hein batean, estralurtar demokrata baten begirada da atzerriko kazetariarena.

Katalunian arrakasta posible dela saltzen dute independentistek.  Begi bistako kontrakotasun askori muzin eginda, fedea eskatzen dute. Arrazoizkoa da. Politikaren funtsa da ezinezko dirudiena posiblearen baitan kokatzea: batetik, aldez aurretik norberak bere helburuei uko egiteak posizio ahulean jartzen duelako, eta, bestetik, autobetetzen den profeziagatik: abiapuntu faltsu bat sinesgarri egiteak –independentzia posible da– gertaera horretan eragina dutenen jarrerak aldatzen dituelako, ondorioa benetako bihurtuz.

Euskal Herrian eszeptikoak garela zioen faroetarrak. Ez dugulako erreferendumaren arrakasta hain erraz ikusten, boikota eta debekua debekuaren gainetik eskaintzen duen Espainian. Gehiengoak hain labainkorrak diren Katalunian. Horrez gain, Europako estatuak Madrilen aldamenean mantenduko direla uste dugulako, demokraziak gutxi axola duelako estatuz osatutako kluben negozioaren baitan. Fede tanta bat baino gehiago behar da Europak Katalunia demokraziaren izenean aitortuko duela pentsatzeko. Arrazoia izatea inoiz ez delako izan ezein bataila irabazteko nahikoa. Edozein kasutan, duintasunez galtzea hobe dela esan izan dute iraultzaileek, amore emanda bizitzea baino.

Katalunia 1-O: fededunak, eszeptikoak eta estralurtar demokratak

Estralurtar demokratak  Estralurtar demokratak  Estralurtar demokratak  Estralurtar demokratak

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

4 pentsamendu “Katalunia 1-O: fededunak, eszeptikoak eta estralurtar demokratak”-ri buruz

  • Ustet ez dela gutxiengo parte hartzea jarri behar erreferendunean, ezezkoarenak ezezkoaren alde badaude, doaztela bozkatzera.
    Demagun %60ko langa jartzen dela, Katalanen %55 indepedentziaren alde badaude ta denak bozkatzera joaten badira, baina ezezkoarenak ez badira bozkatzera joaten, erreferenduma ez luke baliorik izango, baina ezezkoaren %45a bozkatzera joango balitz, ta parte hartzea %60a pasako balu, emaitza baliozkoa zatekeeen? Zergatik ? Aldekoak berdinak dira %55eko parte hartzearekin edo %60,70….rrekin.

    Beraz ezekoen aldekoek abaintaila dute, bozkatzera ez joatea gehiago balio dielako, bozkatzera joatea baino

    Duela gutxi izan dira Frantziako hauteskundeak, lehen itzulian Macronek bozken %32a atera du gutxi gora behera ta horrekin jada asamblea nazionalaren gehiengo zabala du, baina baiezkoarenak %40a badira ta ezezkoarenak %30a, ezezkoarenak ez badira bozkatzera joaten, emaitzak ez du balio?
    iruzur hutsa.

    Bukatzeko, gurean badirudu askok Kataluniaren porrota nahi dutela, nik eztakit zer gertatuko den, baina dakit saiatu gabe ez dela ezer lortzen ta ez dut beste ideiarik ikusten independentzian aurretatzeko….

    • Iñaki Larrañaga 2017-06-28 12:54

      Arrazoi duzu parte hartzearen zifrei buruzkoan. Baina Kataluniak badu Frantziak ez duen handicap bat, ez dela erreferendum “legala” edo adostua. Hori, indepeek tamalez, ezin dute ahaztu, ta langa gorago jartzen du.
      EHko porrot nahiaz… oso ados.

    • Ez dut uste abertzale askok kataluniaren porrota nahi dutenik. Kontua da hemen estatuaren estoldak ikusi ditugula behin baina gehiagotan. Badakigu noraino heltzeko gai diren, eta hori dela eta askoz ere pesimistagoak gara

  • Amonamantangorri 2017-06-29 22:29

    Katalunian JPSk plebiszitua irabazi balu bezala ospatu zuen hauteskunde gauean. CUPen irakurketa, aldiz, zuhurragoa izan zen: gehiengo parlamentario subiranista bai, bada (CSQPekoak halakotzat hartuz gero); gehiengo independentista ez.

    Orain, generalitatak erreferenduma kosta ahala kosta egitea lortzen badu, honen emaitza duda izpirik gabekoa izan beharko da nahitaez, ezezkoaren nahiz baiezkoaren aldekoen parte hartze nahikoarekin.