Lander Ugartemendiaren herrialdea

Lander Ugartemendiaren herrialdea

Nola haurrak kurtso bukaerara, hala heltzen dira politikariak uda hasierara ere, neka-neka eginda. Ohiko erretolika ahaztu eta, batzuek, pentsatzen dutena ere esaten dute.

Lander Ugartemendiak urrutiegitik datozen kakaoa edo kafearen ordez, Idiziabaleko baserri batean egindako morokila gosalduko du egunero, edo Itziarko gaztainak edo Lezoko pikuez egindako marmelada, berdin dio. Kontua da Gipuzkoako Batzar Nagusietan diru sarrerak bermatzeko errentari buruzko eztabaidara baraurik joan zela, gosaldu gabe.

Gauzak horrela, Ahal Duguko batzarkideei `bertakoak´ ez izatea leporatu die, jada jeltzaleei ere ahaztua genien diskurtsoa erabilita, zer eta jarraian “joan daitezela `gainontzeko erkidegoetara´…” esateko!

Lander Ugartemendiak, tronpatu zenaz jabetu, eta barkamena eskatu ei zuen agudo. Baina eskerrak eman behar dizkiogu, berari esker badakigulako `gure´ agintarietako batzuek zer darabilten buruan, eta beraz, lagundu digulako aukeratzen gure gizartea norekin eraiki nahi dugun; zeintzuk ditugun benetako `herrikide´.

“Ahal Dugu-k Espainiako Estatu osoan duela zabalkundea” esan nahi omen zuen Ugartemendiak… Gasteizen EAJ babesten duen PSOEk bezalaxe, Madrilen EAJk babesten duen PPk bezalaxe.

Lander Ugartemendiak akaso ez du izango jeltzaleek DBErako -RGI euskaraz- proposatu berri dituzten aldaketak defendatzeko arazorik, bere burua kristautzat izan arren; Burkina Fason, Chiapasen eta Boli Kostan izana da misioetan, Korhogotik blogean kontatu duenez.

Amerika eta Afrika ebangelizatzen ibilia da, arerio politikoari “zuen herrialdean baduzue nahikoa lan” esatera ausartzen den gizona.

Lander Ugartemendiak ez du ez gezurrik esan. Badugu nahikoa lan gurean, bera bezalako pentsamoldea dutenekin. Zenbat ote dira EAJn?

Lander Ugartemendiaren herrialdeaLander Ugartemendiaren herrialdea

11 pentsamendu “Lander Ugartemendiaren herrialdea”-ri buruz

  • Deklarazioek badute kutsu desegokiren bat, baina ni behintzat ados nago atzean duen mezuarekin: Ahal Dugu/Podemos estatu osoan aurkezten den alderdia da, eta gainontzeko erkidegoetan ez ditu hemen proposatzen dituen ekimenak gauzatzen. Gobernatzeko beste era bat eskatzen badute gauza dezatela euren gobernuetan aurrena, eta eman diezazkigutela gero lezioak.

  • ba nik eztabaidaren bideoa osorik ikusi dut eta bat nator esaten duenarekin (ez dauka zerikusurik Podemosekoek egindako bideo horrekin). Izan ere, Podemos-ekoek ez dute ezer proposatzen eta, gainera, gobernatzen dutuzten Españako hainbat lekutan ez dute RGI-aren antzeko ezer martxan jarri…beraz, zein sinesgsrritasun dauka horrelako partidu batek????

  • Esan duenarekin euskaldunon gehiengoa ados dagoela ulertzen duzue zuek, herri xumearen gainetik airean intelektualtasun ezkertiarraren graziaz flotatzen zabiltzaten horiek, ezta? Badakigu zehazki zer esan nahi zuen, eta orokorrean begibistako egia baino ez da.
    Podemos, bere osotasunean, alderdi atzerritarra da. EHn, Podemoseko kideak bi motatakoak izan daitezke: espainiarrak edota espainiara asimilatuak. EAJn tona bat espainiar badago ere (gehiengoa agian) badu izaera euskaldunaren kutsuren bat, natura bipolarrean noizbehinka azaleratzen dena, gure amonen bozkak mantentzeko agian.
    EAJ defendatu beharra ere.

  • Behin EAJko batek zentzuzko zerbait esaten duela eta kristoren kalapita. Podemosekoak, herri honekin identifikatu eta beraren alde egiten ez duzuen heinean ez zarete hemengotzat hartuak izango. Espainiar eskuindar baten gauzarik antzekoena espainiar ezkertiar bat da, euskaldunok noizbehinka gogoratu beharko genuke

  • Ugartemendiak esan duena ez da politikoki zuzena izango, baino euskaldun askok pentsatzen duguna da. Nik ez diot norbanako inori esango hemengoa den ala ez, baina argi dago Podemos, PSE eta PP bezala Euskal Herriko lurralde batzuetan sukurtsalak dituzten espainiar alderdiak direla.

  • Alpargatero 2017-06-29 12:19

    Esandakoaren funtsa egia izango da, baina modu gordinegian esan zuen. Ezin du esan “zuek hemengoak zarete eta zuek ez”; denak dira hemengoak, nahiz eta batzuek burua (eta burutza) Euskal Herritik kanpo eduki.

  • Ba niretzako Espainiarra sentitzen dena ez da EHkoa, hemen bizi edo jaio den hiritar espainiola izango da euskaldunek duten baino eskubide gehiago izanda, baina ez Euskaldunak, nik frantsesa jakiteagatik frantsesa bihurtzen ez naizen modun.
    Beraz guztiz bat nator hainbeste nazka ematen didan EAJrekin.
    Zer dira Espainia edo Frantziaren batasuna nahi duen hiritar Espainiar ta Frantziarrak? Espainiarrak edo Frantziarrak.

  • ganbaratxotik 2017-06-29 13:47

    Bernardo Atxaga nongoa da hortaz?
    Frantziako eta Espainiako eskuinari bozka ematen z/dioten euskaldun elebakarrak nongoak dira/ziren?

    Nik gauzak ez ditut zuek bezain argi. Sentimentuak alda daitezke? Nola lortzen dugu euskaldun sentitzen ez diren horiek erakartzea? Marra jarri eta hain erlatiboa eta neurtezina den sentipena objetibatzera behartu?
    Larria irudituko litzaidake EAJk gai hau erabiltzea, mundua estaltzen ari den xenofobia-lainoaren karietara. Nago goxoki tentagarriegia izango dela batzuentzat.

    • Inor ez da nor beste norbait zer den esateko, bakoitzak badaki zer den. Gustatu ala ez Euskal Herritar asko euskaldun zein espainol sentitzen dira, eta Espainiarekin lotura mantendu nahi dute. Beste asko, gutxiengoa, euskaldun bakarrik sentitzen gara, eta Espainiatik at eraiki nahi dugu gure herria. Konponbiderik ikusten duenak esan dezala faborez!

      • Hiltzen Hil 2017-06-29 19:52

        Bada modu bat, baina horrek eskatzen du paradigma-aldaketa handi bat euskaldunon mundu-ikuspegian. Eraiki dezakegu gure herria gure erara outsaider moduan, alegia, erakunde ofizialetatik eta euren joko-arauetatik kanpo, herri-antolakuntza paralelo bat sortuz, beste hitzetan.
        Erreparatu Ijitoengan: ez dute ordezkapenik erakundeetan, ez dute bozkatzen, ez dituzte zergak ordaintzen, ez dituzte “gure” legeak onartzen ez betetzen, ez dute dirua apenas bankuetan uzten, euren bizi-bideak ez dira gureak… eta, noiztikan izan da hori eragozpen bat etnia bezala biziraun eta euren nortasuna mantentzeko? Hain justu hortan datza haien sekretua: paioen bizi-estilotik at bizi dira eurek hala nahi dutelako, eta ez bazterkeriagatik. Izan ere, outsaider modu horregatik mantentzen dute haien izaera, familia-klan bidezko antolakuntza-soziala, euren balioak (hobe esanda, anti-balioak), euren ohiturak, siniskerak etabar. Gu, aldiz, alderdikerietan zatituak, gure izaera eta nortasunaz paso egiten, desmobilizatuak, desmoralizatuak, deskohesionatuak, helburu gorenik gabe…. Euskaldun bezala bizirauteko irtenbide bakarra Korporatibismo-etniko bat garatzea litzateke nire aburuz, hots, ijituen edo juduen tankerako antolakuntza tribalean sakontzea, Estatu eta erakunde atzerritarretatik kanpo. Eta horretarako ez dugu inoren baimenik behar, guk geu burutu dezakegu, eta hori da, finean, benetako independentzia.

  • ganbaratxotik 2017-06-29 18:57

    Konponbidea errespetuaren printzipioari eustean datza. Inork ez dezala berea inposatu. Praktikan eta legea aitzaki espainol sentitzen direnak ari dira errespetuaren printzipioa urratzen bere sentipen eta identitatea inposatu nahian. Beraz, nahi duenak nahi duen bezela sentitzea du, eta sentipen hori garatzeko eskubidea izan. Espainolak badute eremu, lurralde, espazio,…..nahikoa errealitatearen ikuskera hori garatzeko nahiz eta Euskal Herrian, Katalunian edo Alemanian bizi. Euskaldunok ez. Beraz hortxe dago koxka: guk gure eremutxoa, lursailtxoa,espaziotxoa…izatea gure sentipen eta gurariak garatzeko askatasun osoz. Espazio horretan espainiar, kataluniar,marokiar,edo inongoa ez dana biziko dela? jakina, errespetu eta duintasun osoarekin.
    Nola lortzen da hori? Katalunian ari dira saiakera bat egiten. Ez dakit guk hemendik , gure jokaerekin,laguntzen ala traba egiten ari ote garen.