Etxetik kanpo kaka egiteari buruz

Etxetik kanpo kaka egiteari buruz –

Etxetik kanpo kaka egiteari buruzAgian ez da honi buruz asko hitz egiten, baina hor dagoen errealitate bat da, eta bada garaia gaia mahai gainean eta komuneko tazan jarri dezagun.

Izaki bizidunok behar fisiologiko batzuk dauzkagu, horien artean, arnasa hartzea, edatea, jatea, lo egitea, eta noski, kaka egitea. Ez bagina noizbehinka libratuko, zaila egingo litzaiguke arnasa hartzea, nekeza edatea edota jatea, eta ia ezinezkoa lo hartzea. Behar hauek, izenak dioen moduan, ez dira nahiak edota kapritxoak, hil ala biziko kontuak baizik, senak ala aginduta egiten ditugu gorputzak eskatzen digun unean, baita jaio berriak garenean ere.

Ez digu inork irakatsi gure behar fisiologikoak asetzen. Arnasa lasaitzen beharabda bai, elikagaiak prestatzen ere, eta baita sabela hustu ostean garbitu egin behar garela, baina beharra bere forma oinarrizko eta primitiboan asetzen ez. Arnasa hartzea bezain naturala egiten zaigu.

Hain justu ere horregatik da hain zaila ulertzen pertsona batzuek, zirina dariola egon arren, ez mokordorik egitea etxetik kanpo dabiltzanean.

Ezagutzen dut lauzpabost egun oporretara joan eta sabeldarraio egonik ere komunetik igaroko ez den pertsona bat. Beste adiskide batek ez du kasik inoiz kakarik egiten etxetik at, baina parranda egun batean naturaren deiadarra aditu zuen bere barne zingiretatik hoska; bada autoa hartu, etxera joan, gorotza bota, eta berriz ere itzuli zen gaueko girora.

Beste askok, aldiz, satorra ate joka daukatela nabarituz gero, mundura ongietorria ematen diote egokitzen den tokian: eramangarriak diren plastikozko komun horietan; edozein tabernetan, tapa hankarekin altxatu behar den horietan; egon badaude sasi artean husteko inongo trabarik ez daukatenak: “Zergatik ba, bitartean masusta batzuk jan ditzaket eta!”

Etxetik kanpo kaka egiteari buruz

Mintza gaitezen garbi: tabernari batzuk kabroi hutsak dira gai honi dagokionez. Lehenik eta behin “komuna bezeroentzako” bakarrik den kontua; horretaz gain maiz, oso maiz, ez da paperik egoten; eta noizbehinka kisketarik ere. Hori ez bada arrisku handiko kirola, ez dakit zer izan daitekeen.

Bulego, lantegi eta zentro komertzial handietan zailtasun handiak daudela agerikoa da, komun guztiak ilaran daudenean, bereziki ezaugarri akustikoei dagozkienak. Metodo ezberdinak daude lotsa apur bat daukatenentzat: mokordoa uretan ez erortzea, eztula egitea aldamenekoak ere jakin dezan hor zaudela, puzkarrak do baxuan musikatzea…

Kaka egitea bizitza da, eta sabela ondo husteak ematen duen zoriontasuna ez du yogur iragarki onenak ere islatzen. Etxetik kanpo norberaren beharrak lasai asetzea heldutasun ezaugarri eztabaidaezina da, eta mintzagai izan dugun arazoa pairatzen duten adiskideei laguntza psikologikoa ematea gure ardura.

Gehienbat, “joan hadi kaka egitera” adierari beste esanahi atseginago bat emateko.

Etxetik kanpo kaka egiteari buruz

Zer duzu buruan “Etxetik kanpo kaka egiteari buruz”-ri buruz

  • Lantokiko komunean mokordo galanta botatzea bizitzako plazerretan handiena da, barrenak husteagatik kobratzea baita. Mokordo iraultzailea da gainera: enpresarioak langileak lanaren fruitua berea egiten badu, langilearen gorputzaren fruituaz kargu ere egin dezala.