Gogoeta desordenatua Helduen Euskalduntzearen norabideaz

Gogoeta desordenatua Helduen Euskalduntzearen norabideaz

Josu Lezametak helduen euskalduntzeari buruz idatzi du Baga Biga Blogan.

1983eko urrian, HABE sortu zen urte berean, eman nuen nire lehen euskara klasea helduen talde batean, inoiz kontatuko dizkizuet orduko urteetako zuri-beltzezko batallita batzuk. Baina gaur etorkizunaz hitz egin nahi dut.

Eta ez zait gustatzen nola datorren, Helduen Euskalduntzeak aspaldion hartu duen bideak kezkatu egiten nau, irudipena baitut abiadura bizian goazela, baina kontrako noranzkoan.

Gogoeta desordenatua Helduen Euskalduntzearen norabideaz

.

Akreditazioak, tituluak…

Zuetako gehienok ez zarete beharbada honetan bat etorriko nirekin, baina ikaragarrizko hanka-sartzea iruditzen zait akreditazioak euskaltegian bertan lortzearena. Pertsona batekin hirurehun ordu pasatu eta gero, barreka askotan, bere kontu pertsonalez berbaz sarri… nik ez dut nahi titulu edo akreditazio ofizialik aitortzea neure esku egon dadin. Baliteke argudio moduan flojotxua izatea, baina aizue, Justizia begiak estalita irudikatzen da eta zerbaitengatik izango da, diot nik.

Gainera, akreditazioarekin batera, beste kontu labainkor bezain garrantzitsua dator:

.

Dirua

Halaxe da: nik, ikasle horrekin orduak eman ditudan honek, erabaki behar dut dirulaguntza jasoko duen ala ez; baina ez asistentzia kontuan hartuz, hau da, etorri bazara bai, bestela ez; emaitzari begira baino. Baten bati ikastea gehiago kostatzen bazaio, ez du kobratuko; besteak bezain azkarra ez bada, 400 € atera beharko ditu poltsikotik; gehiago ere bai. Urtero.
Dirudien bezain gordina da, denez: gainditu ezean -edo derrigorrezko azterketak (*) egiteari uko eginez gero- ikasleak ez du diru-laguntza jasoko. Gainditzen ez baduzu, ordaindu behar duzu.

Euskara dohainik ikastea ESKUBIDEA da, ezin da emaitzekin lotuta egon. Imaginatzen duzue eskola publikoan gainditzen ez duten umeei ikasketak ordainaraztea?

.

.
OHAR MENTALA: Doakotasunaz hitz egiten entzutean, ez fidatu: lehendabizi ordainarazi eta baldintza batzuen pean -eta diru-laguntza sistema laberintiko baten bitartez- dirua itzultzea EZ DA doakoa.
.

.

Bestalde: zenbat ordaindu duzue zuek -hegoaldekook- gaztelania ikasteagatik? Eta zergatik ordaindu behar dugu euskara ikasteagatik?

.

Azterketak, azterketak, azterketak!

Orain arte, azken urte hauetan, beheko mailetan “bakea” zegoen euskaltegietan, B1etik aurrera hasten ziren ikasleak titulitis izeneko eriak jotzen. Eta baziren apur bat ikasi nahi zutenak, edo helburu argirik ez zutenak, azterketa hitza eta kontzeptua gorroto zutenak…

Eta irakasleok, zer? Neure aldetik esan ahal dizuet urtetan ibili naizela harro esanez ez nuela nik azterketa formalik erabiltzen gelan, ikasleekin egunero, astero, hilero, hiruhilabetero… egonda ez nuela behar nik halakorik, ez niola pasarazi nahi nik inori egoera deserosorik, banekiela nik azterketaren beharrik gabe nola zebilen Urlia. Oker nenbilen, antza.

.

Gamifikazioa, plazera

Iruditzen zait titulu bila datozenei laguntzeaz gain, bestelako ikas-helburuak dituztenei ez geniekeela bidea moztu behar, ikastera besterik gabe datorrenari begira denbora, baliabide eta gogo gehiago beharko genituzkeela. Non geratu da ikaste hutsagatik ikastea? Non da jolasa, jokoa, plazera? Gamifikazio garaiotan ez genituzke geure ahalegin guztiak (tira, erdiak, nahi bada) Babel, Duolingo, Memrise eta antzekoetan -adibideak baino ez dira- edukiak sortzera bideratu behar, azterketak sortzera bainoago?

Aurreko batean, jubilatuei, eskolako gurasoei… bideratutako taldeez ari ginela, HABEko buru batek jaurti zidan halako taldeek izango zutela “errentagarritasun sozial” modukoren bat, baina, berez, ez zirela errentagarriak; ez HABErentzat, ez Euskalduntzearentzat. Ez nago ados.

.

Beraz:

Ez daukat nik soluzio miragarririk -ideia sinple pare bat kenduta-, baina bai aspalditik sentsazio mingots bat, Mariano Mendigatxaren izpirituak hartuta nola, ez gabiltzala asmatzen, kontua ihes egiten ari zaigula eskuetatik… Eta ez dugula denborarik galtzeko, izan nahi ez badugu Europako sudur handienen herria eta ez euskaraz mintzo den herria.


(*) Eta ez deitu “ebaluazio jarraiaren barneko proba egiaztatzaileak” ze bestela barrez lehertuko naiz.

Gogoeta desordenatua Helduen Euskalduntzearen norabideaz Gogoeta desordenatua Helduen Euskalduntzearen norabideaz
euskalduntzea, euskara, helduen euskalduntzea
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

2 pentsamendu “Gogoeta desordenatua Helduen Euskalduntzearen norabideaz”-ri buruz

  • Gonzalo Etxague

    Zirriborro batzuk idatzi dituzu gaiaz, baina luze eta zabal aritzeko kontuak dira. Bat nator zurekin eta ziur naiz euskara irakaskuntzan horixe dela iritzi nagusia. Harrigarria da orain arte oihartzunik entzun ez izana, zurea ikusi dudan lehena, baina esango nuke arrapalan etorri diren aldaketa hauek guztiak digeritu gabe dauzkagula oraindik gehienok.

    Arazoa (arazoa dagoelako, eta oso handia) norabiderik eza da. Hor goian ez dago inor zuzentzen, aginduak eta aldaketak kaskabarraren moduan bota arren, hor goian ez dago inor zuzentzen. Pilotuak aspaldi jauzi zuen hegazkinetik eta panpina jarrri zuen bere ordez pilotu automatikoa piztuta.

    Aspaldi euskararen normalizazioa eta tituluak parekatu egin ziren eta jatorrizko bekatu hartatik okerrera baino ez dugu jo. Herri hau euskalduntzeko plan orokorra tituluetan oinarritzen da, eta hau esatea planik ez dagoela esatea bezalakoa da.

    Baina jeniroren bati bururatu zitzaion, euskalduntzea eta titulua izatea gauza bera baziren, herria euskaldutzeko onena tituluak oparitzea zela. Gogora dakorkit orain dela urte batzuk Gipuzkoako topoko geltoki guztietan kartelak aldatu eta “Donostialdeko metroa” jarri zutela, eta horrela, egun batetik bestera, Irunek eta Zaurautzek metroa zeukaten, Bilboren pare.

    Arazoa ez da berez tituluak euskaltegiak ematea. Arazoa inprobizazioa da, txapuza. Agindu egin da eta ez da baliabiderik jarri hori gauzatzeko. Euskara irakasleak emango du titulua, titulu ofiziala, berak esango du bai ala ez. Kasu gehienetan lan prekarietatik hurbil dagoen behin-behineko langile baten gain utzi nahi du Jaularitzak ardura administratibo hori, kasu gehien-gehinetan liburu zahar-zaharrak eta fotokopiagailu bat bitarteko bakarrak dituen langile xume batengan.

    Teoriak dio, noski, irakasle hori euskaltegi homologatu batea dagoela, ikasketa arduradun baten pean, euskaltegiak kurrikulum homologatua daukala eta hori guztia HABEk zaintzen duela. Gezurra. Irakaslea, gela, liburu zaharrak eta fotokopiagalua, horixe da oro har euskalduntzeko plana.

    Inprobizazioaz eta txapuzaz ohartzeko, datu batzuk: orain arte, azterketen zuzentzaileek (euskaltegiko irakasleak dira) urtean bi saio egin dituzte idazlanak eta ahozkoak zuzentzeko irizpideak batzeko; bestalde, azterketan azterketarien anonimotasuna ziurtatu eta joko zikina saihesteko izen-abizenen ordez kode sistema erabili da, azterketa bakoitza bi aztertzailek zuzendu dute eta HABEko arduradun baten zaintzapean. Hau guztia atzerki hutsa zen, baina itxura egiten saiatzen ziren, behintzat.

    Orain, ordea, irakasleak bere bakardadean emango du titulua. Funtzio publikoa beteko du gutxienezko baliabiderik eta kontrolik gabe. Hansel eta Gretelen aitak egin zuen bezala egin du Jaularitzak: “basoa zabala da eta hori bilatu zuen etokizuna”. Ipuinekoak seme-alabei jaten ematekorik ez zeukan, behintzat.

  • hainbat gauza aldatu behar euskaltegietan 2017-06-29 23:31

    Euskaltegietan, fotokopiak egiten denbora, papera, dirua eta efizientzia galtzen da. Liburuak erabili daitezke eta noizean behin fotokopiaren bat. Erosoago irakasle zein ikasleentzat.
    Fotokopiak egiten ibili ordez, askoz hobeto denbora ematea klase indibidual edo binakakoetan, tutoretza moduan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude