Estatuen bazka

Estatuen bazka –

Estatuen bazkaPalestina, orain. Nazioarteko komunitatea deitzen dugun hori zer den ez dakigu. Agintariek, agindu eta izugarrikeriak egin. Eta nork ekidin halakorik. Zer balio dute hitz, arau, eskubide, arrazoi, zuzenbide eta gizatasun bezalako oinarrizko kontzeptuek horien aurrean, horien gainean.

Historia aztertzeak argituko al digu ezer. Garai luzeetan, juduak izan ziren biktima, zigortuak, jazarriak eta erailak. Antzinakoan hasi, Erromatar Inperioan, Erdi Aroan jarraitu Europan, Gaztelako erresuman 1492tik aurrera, jarrai Portugalen eta beste hainbeste herrialdetan. Gure Aro Garaikide honetan, berriz, nazismoa izan da fobia irrazional horren goren gradua. Kontzentrazio esparruak, ghettoak, gas-erailketak… Holokaustoa.

Nazismoak sortu lazturak eta Holokausto haren dimentsioak piztu zituzten alarma gorriak nazioartean. Orduan sortu zen nazioarteko komunitatea kontzeptu gisa, eta subjektu eraginkor bihurtzeko urratsak eman ziren: Nazio Batuen Erakundea (NBE) sortu zen. Horrela zioen sorrera eman zion gutun edo agiriak (1945eko ekainaren 26an, San Frantzisko hirian): “Gu, nazio batuetako herriak…”. Nazioak eta herriak ziren, beraz, nazioarteko komunitate sortu berriaren subjektu nagusiak. Holokausto berririk gerta ez zedin eta mundu mailako gerrak ekidin beharrez, arau demokratiko unibertsalak indarrean jartzeari ekin zion NBE mundu mailakoak.

“Kontuan izan giza familiako kide guztien berezko duintasuna eta eskubide berak eta ukaezinak aitortzea direla mundu osoan askatasunaren, justiziaren eta bakearen oinarriak”. Horixe da, hain zuzen ere, NBEren Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala zabaltzen duen printzipio nagusia.

Nazioarteko komunitatea bakean eta askatasunean oinarritu behar zuen NBEk. Baina erakundearen beraren manipulazio latza egin da.

Genozidio kontzeptu berria ere nazismoaren jokabide zitalaren ondorioz sortu zen, eta NBEk arau berezia sortu zuen, genozidio kontzeptu berri horren esanahia zehazteko 2. artikuluan: “Genozidioa da talde nazional, etniko, arraza edo erlijioso bat osorik edo zati batean suntsitzeko asmoz egindako ekintza hauetako edozein: talde horretako kideak hiltzea; kideen osotasun fisiko zein psikikoan lesio larriak eragitea; taldea nahita jartzea bizi-baldintza jakinen mende, zeintzuek eragingo duten kideen suntsipen fisikoa, osoa edo partziala; taldeko haurrak indarrez lekualdatzea beste talde batera”.

Eta hemen dator Historiak irakasten digun egia garratza: nazismoa deituak beraien aurka egin zuen genozidioaren biktima izandako juduen ondorengoek sionismoa deituaren babespean Israelgo Estatua eratu, eta Palestinako herri eta nazio osoaren aurka genozidio gordina egiten ari dira une honetan, azken 75 urteetan praktikatua, baina muturreko larritasunera eramanda. Naziek juduen aurka diseinatu zuten “muturreko soluzioa”, orain, judu sionistek palestinarren aurka birdiseinatua. Sionismoa, beraz, nazismoaren bertsio eguneratu bihurtua.

Nola ulertu hori? Zer gertatu da genozidio batetik besterako bidean?

Nazioarteko komunitatea bakean eta askatasunean oinarritu behar zuen Nazio Batuen Erakundeak. Baina erakundearen beraren maneiu edo manipulazio latza egin da, besteak beste. Noren esku? Estatu nagusi eta indartsuen eskuetan. Estatu gutxi batzuen bazka bihurtu dute NBE. Mundua, bere osotasunean, nazio eta herrietan oinarritu ordez, estatuen sistema bihurtu dute. Estatu bakoitza bere neurri, indar, interes eta dimentsio desberdinetan. Kontrajarriak, maiz. Zapalkuntzarako eta gerrarako prest, beti. Eta Nazio Batuen Erakundearen arauei muzin eginez. Hara, Israel sionista eta horren babesle direnak.

ARGIAn argitaratua

Estatuen bazka

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude