Esperanto hizkuntzaren 96. biltzarra Danimarkan hasi berri da
“Nazioarteko Hizkuntza” izateko jaioa, hobe esanda, asmatua. Lazaro Zamenhof poloniarrak sortu zuen esperanto hizkuntza 1887an. Hizkuntzaren 124. urteurrenean bi milioi pertsonak omen dakite esperantoa. Horietatik milaka batzuk Kopenhagen hirian bilduta daude aste honetan.Kulturarik, herririk eta historiarik gabeko hizkuntza da esperantoa. Norbaitek arima gabeko hizkuntza dela esango luke. Horregatik, proiektuari ekin zionean, zorotzat joko zuten Lazaro Zamenhof poloniarra . Bigarren edo hirugarren hizkuntza izateko sortu zuen esperantoa, munduko bost kontinenteetako pertsonek jakingo zuten hizkuntza. Inorena ez, baina denena. Hala, batez ere europako hizkuntzak jasoz eta nahastuz erabilerraza zen hizkuntza aurkeztu zuen 1887an.
Eztabaida zaharra, erantzun berririk?
Baina, zer uste duzue esperantoaz? Asmatutako hizkuntzak biziraun al dezake? Azken batean, askorentzat hizkuntza sentimendua da, “gurea da hizkuntza, gure altxorra”. Esperantoak, ordea, arrazionalismoz jokatzen du, hizkuntza komunikazio tresna soilik balitz bezala. Gustuko al duzue Zamenhofek ekin eta 2011. urtean milaka lagunek segitzen duten esperantoaren bidea?
Biziraun duen hizkuntza
Esperantoa asmo handiko proiektua zen, eta huts egin du; Ingelesaren hedapenak irentsi egin du esperantoa. Hala ere, mundu osoan ezagun egin zen saiakera hau, horren lekuko 96. aldiz egingo den Nazioarteko Esperanto Biltzarra. Hizkuntzaren osasunaz hitz egiteko bilduko dira milaka bat esperanto hiztun Kopenhagen, gaur hasi eta larunbata arte. Ziur Danimarkako biltzarrera hurbiltzen diren gehienak Europa Ekialdeko herrialdeetakoak eta Asia ekialdekoak direla, han zabaldu baitzen gehien hizkuntza. Hungarian, esaterako, oraindik ere hautazko ikasgaia da esperantoa.
Egungo gainbeherak edo geldiuneak gorabehera esperantoak garai hobeak bizi zituen. “Politikarekiko neutroa” izateko sortu bazen ere, XX. mendearen hasieran esperantoa Europako langileri anarkistaren artean nahikoa zabaldu zen. Internazional komunistaren ideiekin ere bat egiten zuelakoan Adolf Hitler bera edo Joseph McCarthy antikomunista aurka izan zituen. Gaur egun, Wikipedia orrian 150.000 artikulu daude esperantoz idatzita, euskaraz baino 50.000 gehiago.
Euskal Herrian zenbat hiztun dituen jakitea ezinezkoa bada ere, arrastoa utzi du. Bilbon Esperanto Kalea izenekoa du eta XX. mende hasieran esperanto zale elkartea sortu zen Bilbon. Horiek sortu zuten “Esperanto Hitza” izeneko hiztegitxoa. 2004 urtean Europako esperanto zaleen biltzarra egin zen Bilbon. Horren ondoren, Europako Batasunean hizkuntza ofizial izendatzeko eskaria egin zuten, uko egin zioten, ordea.