Euskal musika, Euskal Herritik mundu osora sarearen bidez

Ibaimusik.comEuskal Herrian egindako ia musika guztia, 17.000 abesti baino gehiago, formatu digitalean eskura dezakezu orain. Ibaimusic.com musika digital banatzaileak estilo eta garai askotariko euskal abestiak -banaka zein disko osotan- bildu eta internauton eskura jarri ditu “euskal kultura mundu osoan zabaldu eta sustatzeko” helburuz.

Webguneak euskaraz zein gaztelaniaz egindako musika biltzen du eta kaleratutako azken diskoak eskuratzeko aukera izateaz gain, jada aurkitu ezin daitezkeen diskoak ere aurki ditzakegu. Sorotan Bele, Berrik Txarrak, Erramun Martikorena, Hertzainak, Maixa ta Ixiar, Soziedad Alkoholika, Gatibu, Xabier Lete, Esne Beltza, Mikel Laboa, Etzakit, Betagarri, Kepa Junkera, Ken Zazpi… zerrenda amaigabea da, zure ordenagailuaren edo MP3aren memoria izango da muga bakarra.

Halaber, diskoetxeen bidez lan egin nahi ez duten musikari independenteek beren musika plataforman zuzenean jar dezakete ere mundu osora hel dadin bitartekaririk gabe.

17 diskoetxe, 1.300 disko eta 17.000 abesti guztira, MP3 eta FLAC formatuetan (Free Losseles Auido Codec, kantaren jatorrizko soinu kalitatea mantentzen duen formatua) eskuragai. Abesti bakoitzak 0,99 euro balio du MP3 formatuan, eta 1,19 FLAC formatuan. Aldiz, disko osoa eskuratu nahi baduzu, prezioa 8,99 eurokoa da MP3 formatuan eta 10,99koa FLAC formatuan. Ordainketa kreditu txartela bidez egiten da, baina aurki PayPal sistema ere martxan jarriko dute, bi alderdientzako segurtasun berme guztiak eskaintzen dituen on-line ordainketa sistema. Gainera, abestia erosi aurretik, zatitxo bat entzuteko aukera dugu, bila ari garen abestia dela egiaztatzeko edo gustuko izango dugun edo ez jakiteko.

Made in Euskadi musikaz gain, nazioarteko artisten lanak ere biltzen ditu Ibaimusic.com-ek. 117.000 abesti eta 8.300 album guztira.

euskal musika, Internet, musika

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude