Espazioaren konkista

Espazioaren konkista –

Espazioaren konkista

Gaurkoak ez dira argazki benetakoak, muntaiak dira. BERRIAren azalean hiru planeta edo satelite borobil: gorria, horia eta berdea, goitik behera, semaforo bat irudikatuz. Izenburua, hauxe: “Legerik gabeko espazioa”. Segidan esplikazioa: “Sateliteak, Ilargia ustiatu nahia, turismo asmoak… Konkista eremu bihurtzen ari da espazioa, eta zeharo zaharkitu dira araudiak”. Azken aurreko bi orriak betetzen ditu Jakes Goikoetxeak gaiari buruz idatzi duen erreportajeak, infografia oso grafiko batekin; Ilargia izan daitekeen eremuaren gainean, banderak: tartean Estatu Batuetakoa, Txinakoa eta Europar Batasunekoa. Eta beste mota bateko banderak ere bai: Amazon, Telesat eta abarrenak. Hau da, espazioaren konkistan lehian dabiltzan enpresenak. Iazko gau batean –artean konfinamendua estreinatzen ari ginela– ikusi genuen satelite pasa luze hura ez daukat ahazteko. Armada baten desfilea zirudien, isilik baina etengabe, kadentzia jakin batekin, hegoaldetik iparraldera. Spacex enpresako Elon Musk dirutsuaren sateliteak omen ziren. Infografia mugimendu erreal bihurtzen denean han goian… dardarka jartzen da behetik begira dagoen hankabikoa.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko martxoaren 16koa]

Espazioaren konkista