Mikel Zabalza: «habeas data»

Mikel Zabalza: «habeas data» –

Habeas corpus delakoaren bidez atxilotu bat epailearen aurrera lehenbailehen eramateko eskatzen da, atxilotuaren egoeraz kezka egonik; habeas corpus ezagunaren bidez «gorputza erakusteko» eskatzen da. Habeas data, berriz, «datuak erakusteko» da, informazio eta dokumentazio oro agerian utz dadin.

Mikel Zabalza: «habeas data»
Arg: mikelzabalza.eus

Mikel Zabalza aetzaren eta berarekin batera atxilotuak izan ziren pertsonen gaineko informazioa erakusteko garaia da, atxiloketa beraren dokumentazioa eta denbora-lerroa, orain arte hutsunez betea, erakusteko tenorea heldu da, besteak beste, prozedura polizialaren ordu zehatzak eta parte-hartzaileen datuak. Jadanik ez dute ETAren komodina hori guztia ukatzeko.

Amaia Merinoren eta Miguel Angel Llamas Pitu-ren “Non dago Mikel?” filma ikusi eta gero bihotz zimikorik sentitu ez duenik ez dago, baldin eta bihotzik badu. Baina haltzak ez du bihotzik, ez Estatu espainolak ahalkeriarik. Estolderietako zaratotsak eta kiratsa aditzen jakin behar dugu. La Cumbren, Intxaurrondon edo komisaria eta kasernetan aritutako torturatzaile horiek eta bere babesleek zer dute esateko?

Hogeita hamabost urte pasatu diren arren, Mikel Zabalzaren familiak eta euskal gizarte osoak badu gertatutakoa onartua izateko eskubiderik. Kasuaren inguruan Nafarroako Foru Komunitateko presidente Maria Chiviteren hitzak ur gaineko bitsa izan ez daitezen goait eta erne egon beharko dugu, beti torturaren eta inpunitatearen aurka, egia, justizia eta erreparazio eske. Habeas data eskatzeko tenorea da.

Mikel Zabalza: «habeas data»

Iruñean sortua, 1967an, baina aspaldi Berriozarkotua. Idazlea. Narratiban, hainbat ipuin ditu sarituak eta argitaratuak, besteak beste, Tene Mujika lehiaketa, Orixe saria, Iparragirre saria, Atarrabiako Petri saria eta beste hainbat. Haur eta Gazte literaturan, Johanes, Bargotako Aztia liburua, (Txalaparta) eta Hiru Miru album ilustratua (Denonartean). Olerkigintzan, bi haiku-bilduma, Gerezi garaiko haikuak liburua (Maiatz) eta Orbel Azpiko Haikuak (Denonartean), baita olerki solteak ere Muxugorri antologian, Luces y sombras eta El Coloquio de los perros-en. Ohiko kolaboratzailea Nafar Ateneoaren "Constantes Vitales" aldizkarian, "Maiatz" aldizkarian eta "Hatsa" olerki bilduman ere. Artikuluak ere, ehun ta berrogeita hamar baino gehiago ditu argitaratuak han-hemenka. Itzultzaile gisa, Noriko Matsui-ren "How to perform kamishibai" eta "Ryookanen 101 haikuak" liburuen itzultzailea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude