Espainiari eskatutako 5.023 milioi euroek “Kataluniaren autogobernu murritza” galbidean jarriko dute

Espainiari eskatutako 5.023 milioi euroek “Kataluniaren autogobernu murritza” galbidean jarriko dute

Espainiari eskatutako 5.023 milioi euroek "Kataluniaren autogobernu murritza" galbidean jarriko dute
Ez da giro Katalunian. Murtzia eta Valentziaren ondoren etorriko da Kataluniaren erreskatea edo mailegua. Estatuko ekonomiaren motoreak -BPGren %20- 5.023 milioi euro eskatu behar izan dizkio Erkidegoen Likideziarako Funtsari zorrak ordaintzeko. Kataluniako gobernuaren bozeramaile Francesc Homsek ohartarazi du maileguaren truke “baldintza politikorik” ez dutela onartuko. Lehenbizi, Aurrekontuen orekarako legeak jartzen dituen baldintza ekonomikoak bete beharko ditu Kataluniak. Ekonomikoki erkidegoa estutuz, ez al dira baldintza politikoak berez etorriko?

Elisenda Paluzie ekonomilariak VilaWeb-i eskainitako elkarrizketan azaldu duenez, “Kataluniak ezingo du defizitaren helburua bete”, hau da, %1,5eko zorpetze muga. Paluzieren aburuz, “5.023 milioiek ez dute lagunduko”, urte amaiera baino lehen zorra ordaintzeko modurik ezingo delako aurkitu. Egoera horrek luzera “autonomia edo dugun autogobernu murritza galtzea” ekarriko lukeela dio. Paluziek dio Generalitateak baldintzak betetzen ez baditu Espainiako Gobernua gai izango dela mozketak inposatzeko , adibidez, “TV3ko aurrekontuan edo Industria Sailean”.

Berri txarra emateko irmo agertu da prentsaurrera gobernuko bozeramaile Francesc Homs. Izan ere, egoera guztiz bidegabea dela uste dute CiUk baita beste alderdi nazionalistek ere. Homsek esan du: “Kataluniarron dirua da. Ez daukagu eskerrak eman beharrik”. Aldarrikapen historikoa izan du Kataluniako Generalitateak EAEren tankerako hitzarmen ekonomikoa izatea: estatuak dirua hartu baina gutxi itzultzen diola salatu izan baitute, zerga ebastea edo expolio fiscal deiturikoa. Elisenda Paluzie ekonomilariak dio “logika makurra” duela likidezia lortzeko maileguak: “Generalitateak interesak ordaindu beharko ditu Kataluniako hiritarrek ordaindutako zergen dirua ordaintzeko”.

Oposizioko alderdiek ez dute zalantzan jarri baldintzak egon egongo direla, mozketa gehiago, alegia. ERCko Antoni Garciak “Kataluniari hipoteka jartzea” dela esan du Twitter bidez, eta “nahikoa da” esateko ordua heldu dela esan dio CiUren gobernuari. Mariano Raxoik azaldu du “beste edozein erkidego bezala” lagunduko duela Katalunia.

Nazioarteko egunkarietan oihartzun oso zabala izan du Kataluniaren “erreskateak”. Espainiako hedabide kontserbadoreek argitaratuko azalek Francesc Homs-en hitzak harroputzak direla uste dute. Kataluniaren aldarrikapen politikoak gerrikoarekin estutzeko nahia utzi dute agerian:

  • El Mundo: Masek Raxoiri 5.000 milioi eskatu dizkio eta “ez dizkio eskerrak ere emango”.
  • ABC: Kataluniak Espainiari 5.023 milioi eskatu dizkio “baldintza gabe”
Independentzia gora, baina Mas hitzarmen eske

Irailaren 20an dira biltzekoak Mariano Raxoi eta Artur Mas. Hitzarmen fiskala proposatuko dio Kataluniako Generalitateko presidenteak espainiarrari; ezezkoa aurreikusten dute denek. Espainiarekin akordioak lortzeko aukerak sinesgarritasuna galdu du, batik bat, Estatut berriarekin gertatutakoa gertatuta. Independentziaren aldeko olatua handitzen ari den unean (5 urtean bikoiztu egin da independentziaren nahia, %34raino), hitzarmen fiskala porrot bat gehiago izango dela uste du ANC Kataluniako Asanblada Nazionalak eta “independentziaren ordua” dela aldarrikatu du. Diada eguna oroitzen denean, irailaren 11an, independentziaren bidean “inflexio puntua” lortu nahi du Carme Forcadell ANCko presidenteak. Ez da manifestazioan izango Artur Mas Generalitateko burua.

Espainiari eskatutako 5.023 milioi euroek “Kataluniaren autogobernu murritza” galbidean jarriko dute