Espainiako monarkia, suizidio sinbolikoaren atarian

Espainiako monarkia, suizidio sinbolikoaren atarian

Espainiako monarkia, suizidio sinbolikoaren atarian

Espainiako monarkia polemikaz polemika dabil jauzika azken hilabeteetan. Jatorrizko eskandalua Francoren ondorengo izatea bada ere, Espainiak hori onartu egin du eta Borboitarren bizimoldearen gehiegikeriak dira hauts gehien harrotu dituztenak. Juan Carlos Borboikoak 74 urte ditu, eta haren ondorengoa izan nahi duen Felipe Borboikoak ez dirudi erregearen rola hartzeko zailtasun berezirik izango duenik. Horregatik, Espainiako errepublikazaleei gelditzen zaien itxaropen ia bakarra familia monarkikoaren suizidio sinbolikoa da. Nahikoa izan daiteke monarkiak ospea galtzea errege ondorengotza eteteko?

1975tik lehenbizikoz, monarkiak herritarren suspentsoa jaso zuen (4,89), 2011ko urrian Espainiako CIS erakundearen datuen arabera.  Ordutik, polemikaz jositako kronologia osatu dute.

Espainiako komunikabideetan zalaparta piztu du erregearen bidaiak. Espainia etsialdian lokaztuta dagoen bitartean, haien ordezkari gorena elefanteak ehizatzera joatea baldarkeria galanta da. Arrazoirik ez zaie falte errepublikazaleei erregeak “gazteen langabeziak loa kentzen dit” esan duenean trufaka ari zela salatzeko.

Eskuinak du giltza

Hala eta guztiz ere, Espainiako monarkiak ospea galdu izana ez da garrantzitsua monarkia egitura zaharkitua dela uste dutenei arrazoia ematen dielako, aldekoak murrizten dituelako baizik. Ezin da ahaztu monarkiaren aldekoek argudiatzen dutela erregeak nazioartean duen irudia dela koroari eusteko arrazoietako bat. Espainian hainbesteko onarpena lortzen duen campechano itxura jatorra urtzen doa eta elitearen burbuilan bizi dela transmititzen du. Arduragabekeria eta luxuaren gehiegikeria sinbolizatzen duten heinean, iritzi publikoaren atxikimenduak lurra jo dezake. Gainera, gazteak dira monarkia gehien deitoratzen dutenak. Iñaki Gabilondok irudikatu bezala, instituzio monarkikoaren itsasontziari ura sartzen ari zaio.

Gogoratu behar da, monarkia desegiten bada ez dela izango IUk eta gizarte  mugimenduek hala eskatuta, PP eta PSOE behartuta baizik. Hauen hautesleria izan behar da erregeari bizkarra eman behar diona, hauek baitira eusten dutenak. Esaterako, La Gaceta eta El Mundo egunkari kontserbadoreek erregearen jarrerari kritika egin diote, ABC eta La Razon, ordea, Felipe Borboikoa ondorengo eredugarri bezala irudikatzen saiatu dira. Eztabaida ideologia kontserbadorea dutenen artean piztea da, bitxia bada ere, monarkia zartatzeko bide eraginkorrena.

Ondorengoa?

Ez da gehiegi falta Espainiak lehenbizikoz monarkia parlamentario baten errege aldaketa egin behar arte. Denbora tarte horretan lurra jo beharko du monarkiaren irudi publikoak koroa buru batetik bestera pasa ez dadin. Baliteke, gauzak okerrera egitekotan, Borboitarrek beraiek karguari uko egitea pribilegio batzuri eustearen truke. Hala gertatuz gero, konstituzioaren erreforma tarteko, Euskal Herritik begira sinbolo zapaltzaile baten amaiera litzateke.

Espainiako monarkia, suizidio sinbolikoaren atarian

Zer duzu buruan “Espainiako monarkia, suizidio sinbolikoaren atarian”-ri buruz

  • Jon Agramont 2012-04-16 22:25

    Hau ez zan ba “23 F-ko” “elefante zuria”?? Orduan elefantezidioa izan da alajaina!! Bi anaiarteko hil ditu jada!! 18 urterekin bere anaia hil zuen, agian beste ehiza batean.