Zientzia haurrentzat segundo gutxian zientzia-esperimentuen liburua argitaratu du Elhuyarrek

Zientzia haurrentzat segundo gutxian zientzia-esperimentuen liburua argitaratu du Elhuyarrek

Zientzia haurrentzat segundo gutxian  zientzia-esperimentuen liburua  argitaratu du Elhuyarrek

Zientzia haurrentzat segundo gutxian 8-12 urte bitarteko gaztetxoei zuzendutako zientzia-esperimentuen liburu bat da eta hamar minutuan edo gutxiagoan, familian eta lagun artean egin daitezkeen 100 esperimentutatik gora biltzen ditu.

Elhuyarrek gaztetxoentzako zientzia-esperimentuen liburu berri bat argitaratu du: Zientzia haurrentzat segundo gutxian. Hamar minutuan edo gutxiagoan egin ditzakezun 100 esperimentu baino gehiago. Liburu hau Jean Potter-en Science in Seconds for Kids: over 100 experiments you can do in ten minutes or less liburuaren euskarazko itzulpena da, eta Elhuyarrek egin du itzulpena.

8-12 urte bitarteko gaztetxoei zuzenduta dago liburua, eta, haren bidez, zientziaren magia bizi dezakete gazteek Jean Potterrek prestatutako esperimentu eta jarduera azkar eta erraz batzuekin. Hamar minutu edo gutxiago nahikoa dira jarduera bakoitza egiteko. Jarraibide argi eta urratsez urratseko batzuek, eta irudiek, esperimentua ongi egiten lagunduko diote gaztetxoari. Gainera, gauza asko ikasi ahal izango dute: zergatik ez diren biribilak arrautzak, urpekoak nola igotzen diren gainazalera eta nola hondoratzen diren, eta abar. Esperimentuak egiteko behar den material gehiena etxean bertan, lorategian edo auzoan aurkitu daiteke, eta ia edozein lekutan egin daitezke esperimentu hauek.

Liburu honetako 108 jarduerak hamabi arlo hauei buruzkoak dira: airea, animaliak, argia, eguraldia, energia, giza gorputza, grabitatea, handitzea, koloreak, magnetismoa, makinak eta ura. Gaztetxoek ortzadar bat egin ahal izango dute lurrean, puxika bat lehertu lupa batez, kafe-lata bat norberarengana itzularazi bultza egin ondoren…

Zz seriearen hirugarren liburua da hau, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso du. Zz seriearekin, neska-mutilak esperimentuen mundu zirraragarrira hurbildu nahi ditu Elhuyarrek. Zz liburuak ez dira eskola-liburuak, familian eta lagun artean gozatzeko esperimentu-bilduma bat baizik.

Zz esperimentu-bilduman argitaratutako beste izenburuak hauek dira: ARMIX max-mix (8-10 urte) eta ZIENTZIA guztiz arduragabea! (9-14 urte).

Liburua paperean zein formatu digitalean eskuratu daiteke. Papereko bertsioa dagoeneko salgai dago 12 €-an Elhuyarren Interneteko dendan (www.elhuyar.org/edizioak) eta liburu-denda nagusietan. Formatu digitala Interneteko dendan (www.elhuyar.org/edizioak) eros daiteke 4 €-an. Paperezko ale bat erosita, formatu elektronikoko ale bat emango dizugu doan.

Zientzia haurrentzat segundo gutxian zientzia-esperimentuen liburua argitaratu du Elhuyarrek

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.