25 urte kartzelan

Bibote eta alkandora koadrodun gizonak udaletxeko balkoitik plaza zaintzen zuen. Horrela ezagutu dut nik Zestoako Juan Mari Igarataundi, aske utzi berri duten presoa. Haren irudia herriko paisaiaren zati egin zitzaidan urteen poderioz, baina ez dut harekiko beste kontakturik izan. Ia 25 urte egin ditu kartzelan: pertsona bat jaio, hazi, nerabe egin eta gaztetu adinako denbora tartea. Horregatik, martxoan askatu zuteneko argazkiek sentsazio bitxia eragin zidaten.

Bizi erdi ziegan xahutu duen gizona berriz kalean zen, ez zen niretzat beti izan den argazki bat, hezur eta haragizko pertsona baizik, hortxe zegoen Zestoako plazan, bizi-bizi. Haren erretratuak aurpegi bera izan zuen beti, eta, oharkabean, baita (inozoa ni) nire irudimenean ere. Orain, denborari aurre egingo dion gizasemerik jaio ez denez, hark ere hartu du zahartua.

Kuriosoa da nola aske utzi arte ez dudan haren espetxealdian erreparatu: Argazki hura ikusi nuen bakoitzean, presoa ziegan zegoen, espazio berean denbora desberdinak nola kudeatu asmatuz. Ez da gutxi. Ziurrenik, gizakiak edozein egoeratan moldatzeko duen gaitasunak salbatzen du hormen artean gatibu den pertsona.

Ongi etorria egin ziotenean harritu egin ninduen bere itxura osasuntsuak eta irribarreak. Izan ere, 25 urte ametsen ilusio iragankorrekin eta amesgaiztoen zigorrarekin pasa ditu. Zauriak, ezintasunak eta gabeziak barne barnetik eta gutxinaka askatzen joango direla pentsatzen dut.

25 negu pasa dira zestoarra espetxeratu zutenetik. Ordutik, herriko paisaia aldatu egin da eta gazteak zirenak zahartzaroaren atarian daude, bera barne. Lurra ez da gelditu pertsona bat lau pareten artean egonez bizi izan den bitartean. Askatu dutenetik, denboraren makinan bidaia egin duen sentsazioa behar du izan nahitaez. Bere hurbilekoengatik ez balitz, arrotz bat litzateke bere etxean. Bera aldatu ote da? Pertsonak nola aldatzen dira kanpoko estimulurik apenas izan gabe? Bapateko aldaketek aztoratu egiten gaituzte, eta ez al da gatibu izatetik askatasunerako jauzia bi kontrako errealitateren arteko tupusta?

Jaioberriaren eran ohitu beharko da bizitza berrira, munduaren koloreak eta usainak berreskuratzera. Latza da ba, 25 urtean herriko plazara begira egon den gizonak ez dituela ikusi haurrak jolasean, azokak irailean, zezenketak jaietan, txingorrak uztailean…

Zorte on.

presoak
Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra