Errusiar inbasioa eta alemaniar umiliazioa

Errusiar inbasioa eta alemaniar umiliazioa –

Urtebete igaro da Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik eta orduan ez genekizkien gauza asko argitu eta susmo batzuk frogatu dira. Adierazgarrienetako bat da Petro Poroxenkok eta Volodimir Zelenskik azaldu dutena, esanez Kievek ez zuela inolako asmorik Minskeko bake akordioak betetzeko. Akordio horiek Ukrainari berrarmatzeko eta indartzeko denbora emateko helburua zutela aitortu dute Angela Merkelek eta François Hollandek ere bai, biak bake protokoloaren sustatzaile nagusiak.

Errusiar inbasioa eta alemaniar umiliazioa

Gerra programaturik zegoen RAND korporazioak (Pentagonoaren zerbitzura dago 1948tik) 2019ko txosten ospetsuan azaldu bezala. NATOko idazkari Jens Stoltenbergek adierazi du 2014tik NATOk aurrekaririk gabeko laguntza militarra eman diola Kievi, bere indar armatuak entrenatuta, ekipatuta eta babestuta. Ardatz anglosaxoiak Ukraina erabili nahi zuen Errusiari gerra egiteko, horregatik, AEBetako defentsa idazkari Austin Lloydek garbi utzi zuen inbasioa hasi eta aste batzuetara egin zituen adierazpenetan: “Errusia ahuldu nahi dugu”. Horretarako gerra luzea behar zutenez, anglosaxoiek bake akordioak lortzeko saiakera guztiak oztopatu dituzte. Berriki Israelgo Lehen ministro ohi Naftali Bennett-ek azaldu du errusiar-ukraniar gerraren hasieran egoniko negoziazioetan bitartekaritza lana egin zuela, eta bi parteek gauzak bide onean jartzeko borondatea zutela, baina AEBek eta Erresuma Batuak sabotatu zituztela elkarrizketak. 2022ko apirilean antzera gertatu zen, orduan Turkian Erdoganek buruturiko bitartekaritza lanarekin ia bake akordioa lortu zuten, baina azkeneko momentuan, Ukrainska Pravda hedabidearen arabera (Zelenski zalea) AEBek eta Erresuma Batuak negoziazioa bertan behera uztera behartu zuten Ukrainako Gobernua.

Ardatz anglosaxoiak aspaldi programatu zuen gerra, baina 2022ra arte ez zuen erabat eztanda egin, Alemaniak eta Errusiak ez zutelako nahi.

Ardatz anglosaxoiak aspaldi programatu zuen gerra, baina 2022ra arte ez zuen erabat eztanda egin, Alemaniak eta Errusiak ez zutelako nahi, beraien ekonomiak kaltetu zitzakeelako; horregatik, germaniar-errusiar lankidetza ekonomikoak jarraitu du, 2018an North Stream II gasbidea eraikitzen hasi zirenean bezala. Halere, 2022ko otsailaren 24an, azkenean Errusiak nazioarteko legedia hausten duen erabaki kriminala hartu zuen, eta inbasioa hasi zuen. Jazarpena eta bazterketa sufritzen duen ume batek pazientzia galdu eta arma bat hartuta, eskolara tiroka sartzen denean bezala izan da. Sobietar Batasuna erori zenetik Errusiari egin zitzaizkion promesak eta sinatu dituen akordioak bata bestearen atzetik ezerezean geratu dira, eta geroz eta jazarriago sentitu da.

Urtebeteren ostean, militarki Errusiari ez doakio batere ondo. Irabaztea edo galtzea erlatiboa da espektatibekin duelako zerikusia, horregatik, Mosku galtzen ari da, nahiz eta kaltetu nagusia ukrainar herri xehea izan. Dimentsio ekonomikoan, berriz, Errusiaren kontrako Mendebaldearen gerran antzekoa gertatzen da: hasi zutenen espektatibak kontutan hartuta, Errusia irabazten ari da. Halere, Mendebaldeko herrialdeen artean galtzaile nagusiak Europar Batasuna eta bereziki Alemania dira.

Gatazka honetan aberastasun transferentzia handia gauzatzen ari da Mendebaldeko Europatik AEBetara, baina ez da hori soilik, Alemaniak ikusi du bere ustezko aliatuek berak bultzaturiko bake akordioak sabotatu dituztela, eta Errusiatik Alemaniara gasa eramaten duten gasbideen kontra eraso egin diotela; dena alemaniar ekonomiaren kaltetan. Bitartean, Berlin ez da gai ezer esateko bere interes nazionalaren defentsan, itsu, mutu, gor dago umiliazioa pairatzen.

ARGIArentzat egindako kolaborazioa

Errusiar inbasioa eta alemaniar umiliazioa Errusiar inbasioa eta alemaniar umiliazioa

16 pentsamendu “Errusiar inbasioa eta alemaniar umiliazioa”-ri buruz

  • Europar batasuneko estatuetako herritarrak mugitzen ez diren bitartean, egoerak bere horretan jarraituko du. Baina emeki emeki hainbat lurraldeetan protestak hasiak dira (alemanian bereziki), eta mugimendu hauen intentsitateak tokiko gobernuen jarrera aldaketa baldintzatuko du. Herri protesta ezean, euparrok galtzaile izaten jarraituko dugu, Estatu batuak eta Txinak eskuak igurtziak dabiltzan bitartean.

  • Mikel Haranburu 2023-03-03 10:21

    Baina esan beharko da noren aurka protesta egin behar den…
    Bertsio bitxia da artikuluak aurkezten duena; Errusia sumindu da, pazientzia galduta azkenean, eta ume ERO gisa tiroka hasi da. Ukrainak bere burua immolatu besterik ez du egiten, AEBren (nagusiki) eta besteren esaneko, eta Errusiak, erotuta ere, RANDek, NATOk, Israelek, Britaina Handiak eta agian Turkiak programaturiko gerra abiarazi du.
    Baina, ez al da Donbasseko errepublikak askatzeko gerra, Errusiar hiztunen genozidioa amaitzekoa, eta badaezpada Kherson eta Zaporizhian erreferendumak egin eta Errusiaren sakelean sartzekoa, behin Krimea ebatsita? Zergatik ez zuten RANDek eta enparauek probestu Krimeako okupazioa gerraren txupinazoa botatzeko? Eta erantzuna baldin bada: Ukraina armatzen ari zirelako, berriro galdera: hortaz, zergatik Errusiak ez zuen jarraitu Krimean hasita, Kiyveraino, Donbass osoa harrapatu ere, arerioek Ukraina gehiago armatzen eta prestatzen jarraitzea galarazteko?

  • Ekaitz Zabala 2023-03-03 13:25

    Gerran, deinformazioa arma da. Horregaitik iturriak konprobatu egin behar dira, Asier! Fake new-ak eta dagoeneko gezurtatuta dauden informazioak erabili dituzu artikulu hau egiteko. Hurrengokoan etxeko lanak egin

  • otoi… Fake new-ak eta dagoeneko gezurtatuta dauden informazioak erabili dituzu artikulu hau egiteko… Zeintzuk?? Zehaztu halako akusaziorik egin behar baduzu otoi…

  • Asier lehenengo informazioa bilatu behar da eta gero ondorioak atera eta ez alderantziz. Garbi duzu zeintzuk diren txarrak eta horren arabera komeni zaizuna hartu eta besteari kasu zipitzik ez diozu egiten.
    Geopolitikaz taldean egiten duzuen bezala, izugarrizko itzuli mitzuliak egin beti berari errua botatzeko.

  • Desinformazioz betetako artikuloa. Moskutik kobratzen duzu edo komunismoaren beste nostalgiko bat zaitugu?

  • Mikel Haranburu 2023-03-03 18:47

    Bada azken asteotan “desinformazioaren aurkako kontrapropaganda” olde bat; hau da, Errusiak betiko gezurrak zabaldu eta, disimulatuki, gainerako aldeak belztu edo ilundu, Errusia zuriago ager dadin… Ekai Center, negazionismoen zenterra, jotake ari da gezurrak barreiatzen: AEBk Ukrainan arma biologikoak erabiltzeko laboratorioa ditu, Errusiak nbonba nuklearrak erabili beste erremediorik ez du izanen, Bahmut inguratuta dago ia, Errusiak asteak daramatza aurrera eta aurrera… toki berean… Ukrainan gertatu diren sarraskiak oro Ukrainarrek egin dituzte, zibilen aurka (Errusiak bere armategiak ia hustu ditu, baina ez dute eraikin zibil bakarra ere jo, eta Ukrainan omen zeuden arma-laboratorioak bonbaztatuz, behin ere ez dute asmatu…). Ekai Center Zuzeura iritsi da, dotrina zabaltzera iritsi ere, eta Argia aldizkarira. Hortxe dugu robot-bideoak Youtuben prantatzen, profeziak ematen, inortxok ere ez dakiena azaltzen eta interpretazio absurdoak eskaintzen.
    Baina gaur egun, zorionez, baditugu informazio bide zuzenak, mediatizatu gabeak, gertaturikoak ikusteko eta bertsio ofizialekin alderatzeko.

  • Oso artikulu ona, baina gure inguruko eusko-otanaziei etzaie gustatu. Errusiarren aurkako gorrotoan instalatuta daude eta gustura. Ea joaten diren hainbeste maite duten Maidaneko Erregimena defendatzera, baina bertara, armekin, besterik ez bada gerrara joan nahi ez duten ukrainarren ordez.

  • Ekaitz Zabala 2023-03-04 13:04

    Berriro irakurri dut nire mezua eta erabat lotsatuta nago: iraingarria eta onartezina da.Horregatik, barkamena eskatzen dizut, Asier.
    Gezurtatutako informazioetaz:
    Badirudi Hersh-en artikulua darabilzula Nord Stream-a “Alemaniaren aliatuek” saboteatu zutela esateko. Artikulu horretako datuak konprobatzen aritu dira eta Hersh-i bere tiurrriak esandakoa ezinezkoa da. Beraz, desinformazio ekintza baten aurrean gaude. Hona hemen artikulu pare bat:
    https://www.elconfidencial.com/mundo/2023-03-02/datos-acusacion-estados-unidos-volo-nord-stream_3585032/
    https://letraslibres.com/politica/los-agujeros-del-reportaje-de-seymour-hersh/
    Artikuluan diozu ere RAND Corporation-ek 2019ko txostenean programaturik zuela Ukrainiako gerra, baina nik irakurri dudanaren arabera, txosten horrek, ez zuen horrelakorik esaten. Errusia ahultzearen aldekoa zen bai, eta Ukrainia horreterako erabiltzearen aldekoa, BAINA ESPRESKI DIO GERRARA HELDU GABE, euren esanetan ezinezkoa delako Ukrainian Errusiari gerra irabaztea. Are gehiago Errusia ahultzeko estrategian, Siria, eszenatoki hobea zela zioen txostenak. Erabat amorala jendilaje hau, baina ez zeuden Ukrainian gerra piztearen alde.

  • Ekaitz Zabala 2023-03-04 13:40

    Interpretazioari dagokionez
    Onartzen dizut Amerikarrek euren “jokoa” egiten ari direla, eta, onartzen dizut ere, Alemania eta Europar Batasuna menpekotasun egoera tamalgarrian geratu direla, baina Errusia ez da zokoratutako biktima bat. Agenda inperialista duen potentzia da, eta askotan erakutsi du: Txetxeniako gerran, Georgia inbaditu zuenean 2008an, edo Siriara arma kimikoak eta Wagnerreko mertzenarioak bidali zituenean. Mendebaldearekin izan duen jarrera ere ez da izan batere pasiboa: eskuin muturreko talde eta alderdiei finantziazioa demokraziak ahultzeko; Kremlinaren zerbitzura dauden komunikabideen zabalkundea Europa eta Amerikan zehar, eta 2016an Estatu Batuetako hauteskundeetan “Errusiaren interneteko armadak” izan zuen esku hartzea Donald Trump-ek irabaz zezan. Hau ez da zokoratutako ume bat, bere inperioa eraikitzen ari den potentzia baizik.

  • Mikel Haranburu 2023-03-06 12:44

    Erramun, gehiago zaude zu instalatuta Errusiarekiko maitasunean, ni gorrotoan baino; horrela adierazten duzu behin eta berriro, eta horrek egiten zaitu Errusiaren krimenen onartzaile, edo bestela, eskuzartatzaile. Artikulu ona izanagatik, bestek salatu bezala, eta neronek Ekai Centerri aurpegiratu bezala, bataren alde ilunak bilatzen ditu, bestea zuriago ager dadin, baina bigarrenari buruz, ezer ez.
    Gauza asko argitu omen zaizkigu azken aldian, baina ez du esaten Errusiak hamarkadak daramatzala Ukraina begiz jota, bere ehiza trofeo bilakatzeko asmoaz. Nola bere aldian Nafarroa Gaztelaren (edo Frantziaren) xede eta helburu zen, hala Errusiak jarraitu du mende erdian Ukraina sakelaratu nahian.
    Uneotan Ukrainaren alde agertzeak ez dakar gehiagorik; ez Zelenskyren alde, ez egungo sistema politikoaren alde: Errusiaren aurka agertzeak ere ez dakarren bezala Errusia guztiaren aurka egotea. Inbasio batez ari gara; krudelkeria, fanatismo, inperialismo, lotsagabekeria, zentzugabekeria, alferreko suntsipen, gezur eta gizakion mespretxuaren aurka agertzen gara, ni behintzat.
    Zu ere espero zaituzte Bahmut aldean; soldata ederra ordaintzen omen du Prigozhinek…

  • Bakhmutera joan gabe hemen bertan hasi gaitezke gerran

  • Mikel Haranburu 2023-03-06 19:12

    Ez dut motiborik zurekin gerran hasteko; ez dakit zuk baduzun…

  • Arazoia du Erramunek, hemen ere, euskal luraldeetan, inbasio batez ari gara, krudelkeria, fanatismoa, inperialismooa eta genozidioaren.bitartez egina. Non ulertzekoa den “Bakhmutera joan gabe hemen bertan gerran hasi gaitzeke” Erramunek bota duena.
    Bestalde, harritu eta nazkatu egiten nau buru faxistizatuen harrokeria eta inpunitatea, ideologikoki haiengandik desberdinak direnak negazionista hitzarekin azken horiei horrela deitzea eta definitzea.
    Herenegungo sorgin heretikoak, atzoko terroristak eta gaurko negazionistak? Zapaltzailearen hizkuntza bete-betean.

  • Mikel Haranburu 2023-12-25 22:17

    “Bakhmutera joan gabe…” esaldia niri bota zidan Erramunek; zuk egin balorazioa, tira…
    Gainerakoa, ez dut kontuan hartzen, ez baitut nire burua horretan aurkitzen.

  • Nik ez dut putaidearik zer gertatzen den gerra honen atzean, eta pentsatzen dut Putin eta errusiar gobernua putakume gerrazale nazkagarri batzuk direla. Baina ez dut artikulu honetan irakurri errusia defendatzen denik. AEBren eta britainiarren jokoa salatzen da (beste putakume gerrazale nazkagarri batzuk). Ekaitz, Asierrek eman duen informazioetatik gezurtatu den bakarra Nord Stream-ari buruzkoa da.RAND Corporationen 2019ko txostenean esaten dena gezurtatzeko ez duzu iturririk ematen, soilik “nik irakurri dudanaren arabera”… omen. Asierri leporatzen diozuna egiten duzu.
    Batzuek aztoratu egin zarete NATOren jokoa salatu duelako, eta “Errusia ere gaiztoa da” esaten hasi zarete (edo “Errusia da gaiztoa”). Artikulu honetan ez da eguneroko albistegi nagusietan hamaika bider entzuten dugun hori ukatu, esaten ez dena azpimarratu da. Ze min egiten dizue NATOren joko zikin gerrazalea salatzeak?