Errefuxiatuak
Errefuxiatuak
Max Aub-ek hogeita hamar urte pasa zituen Mexikon Gerra Zibila galdu ondoren. 1969ko abuztuan Bartzelonako aireportuko lurra zapaldu zuenean zera esan zuen: “Etorri naiz, baina ez naiz bueltatu”. Mikel Ayestaranen “Oriente Medio, Oriente roto” liburua irakurtzen nuen bitartean behin baino gehiagotan burura etorri zaidan esaldia.
Ekainaren 8an egon zen liburua aurkezten Donostian eta Alberto Moyanoren elkarrizketa honek handitu zidan liburua irakurtzeko desioa (Mikel Ayestaran: “Creo que rompo con esa figura tan mitificada del corresponsal de guerra”).
Oraintxe ikusi dut Donostiako ekitaldia sarean dagoela: Aquarium-en Karlos Zurutuza kazetari eta adiskidearekin izandako solasa.
2004-2005 urteetatik Ekialde Hurbilean korrespontsal edo berriemaile berezi gisa izandako eskarmentua bildu du lehen pertsonan beasaindarrak.
Astelehen iluntzean entzun nuen duela egun batzuk Roge Blascok eginiko elkarrizketa. Biek ondo elkar ezagutzen dute eta gertukoa izan zen solasaldia, Rogek duen samurtasun horrekin egindako galderak tarteko. Entzun nahi baduzu, egin klik hemen azpian.
Zabaldu parentesia. Radio Euskadiko norbaitek erakuts diezaiola Rogeri nola txertatu blog batean modu klikagarrian loturak, mesedez. Eskerrik asko. Itxi parentesia.
Ayestaranen liburua bereziki zirraragarria egin zait hamabigarren kapitulua Refugiados izenekoa. Bertatik pasatzen da Damascon bizi den jendea, baina baita Siriatik hanka egindakoak ere.
Adibidez, Jordaniako Zaatari eremuan bizi direnak. 2016ko apirilean, Jordanian 636.000 errefuxiatu siriar omen zeuden (8 milioi biztanle ditu Jordaniak). Zaatari bezalako eremuetan baliabide gutxi duten 120.000 siriar bizi da. Siriako muga ordu erdira dago eta beste hainbestera dute gehienek etxea.
2016ko abuztuan, errefuxiatu andana hasi zen Europara iristen. Mazedonia zeharkatzen ari ziren errefuxiatuen ibilerari kobertura ematea tokatu zitzaion Mikeli. Garai hartan oso kazetari gutxi zeuden lur haietan. Noizbait irakurri edo entzun izan nion Ayestarani berari zer gaizki pasa zuen. Irudi bat geratu zitzaion txertatua: haurtxo baten negar kontsolaezina gainezka zegoen trenaren sabaiaren kontra gorputza behin eta berriz jotzen zuen bitartean jendearen bultzakaden ondorioz.
Tira, garai latzak bizi ditugu eta liburuan ez duzu kontsolamendu handirik topatuko, baina bai lagunduko dizula geopolitikoki borborka dagoen mundu zati bat ulertzen.
Max Aub aipatuz hasi naiz eta kapitulu horren amaieran dagoen Yabalia (Gaza) errefuxiatu eremuko aiton palestinar baten esaldiarekin amaituko dut: “Norbera etxetik ateratzen denean, barru-barruan daki ez bueltatzeko irteten dela”.