Ama artzaina eta artzain ama?

Ama artzaina eta artzain ama

Ama eta baserritarra, ama eta artzaina. Horixe naiz ni –besteak beste–, bada, XXI mende honetan: ama eta artzaina, artzaina eta ama –ordena kasuala izan ote da?–, eta biak ala biak dira –naiz– espazio berean; etxean, alegia.

Espazio bakarrean dena izateak oso berezi egiten du gure bizimodua: lanean ari zarela, hemen daude umeak; etxean zarela, hemen dago lana. Tarteka etortzen zaizkizu artegira, gaztandegira, gazta-kamarara: mina hartu eta mimoak behar dituztela, lorpenen bat erakutsi nahian, euren arteko liskarren bat tarteko, … Eta batzuetan ezin kasu egin haiek behar duten moduan, lanean ari baitzara eta horretan jarri behar baituzu arreta; bestetan, aldiz, dena utzi eta muxutan goxatzen dituzu minak, begiak oparitzen dizkiezu, edota bakegilearena egiten duzu… Marteka goxo zaude, afaltzen, solasean edo ipuina kontatzen, eta ardi baten marru desesperatua entzuten duzu –badaezpada, jaitsi egin behar, eta kumea hila balu?–, umeari esan segituan zatozela, eta bazoaz salto batean itzultzeko umearengana. Ala, akaso, erabakitzen duzu umearekin geratzea eta beranduxeago jaistea artegira –urduri, halere, zer edo zer larria gertatzen ari ote den…– Zailak dira une horiek, erdibiturik sentitzen duzu zeure burua, eta une horretan bai, une horretan bada segida zehatz bat: ama eta artzaina ala artzaina eta ama. Aukeratu behar duzu, aukeratu egiten duzu.

Zenbaitetan errudun sentitzen naiz, abandonatzen ditudala; izan ere, ez da noizean behin gertatzen den egoera; are gehiago, garaia zein den, maiz.

Erditze garaian, adibidez. Aste horietan, guk ordu ugari ematen ditugu artegian eta umeak eskolan daude ordu askotan –etxetik joaten dira 8:15ean eta, eguna zein den, etor daitezke 18:30ean–, baina haiek etxeratzen direnean, bolada txarrenean, oraindik ere ardi-lanak bukatzeke daude. Saiatzen gara elkarrekin ditugun otorduak sikiera errespetatzen, eta horretarako goizean goiz altxatzen gara –gosaldu aurretik ahalik eta gehien egiteko– eta umeak oheratu osterako beste saiotxo bat uzten dugu.

Gazta garaian zehar –otsailetik uztailera bitartean–, irizpide bera jarraitzen dugu: etxean daudela, ahalik eta denbora gehien beraiekin. Hori dela eta, eskolara joan behar dutenean, 5:30an altxatu ardi-lanak egiteko; horrela, elkarrekin gosaltzen dugu –asteburuetan, 7etan–. Baina… asteburuak heltzen dira eta etxean berdin-berdin egiten dugu gazta bi egunean behin; eta aste batean tokatuko da larunbatean eta bestean igandean. Zaila, oso zaila da inora joatea, planen bat egitea: gazta egin ez badugu, gaztak gatzuratik atera behar dira “libre” dituzun orduetan –hori da, eguerdian eta bazkalostean–, eta asteak pasatzen dira etxetik kanpo zer edo zer egiterako. Eta momentu batean guk, gurasook, artzain izaera atzean utzi eta erabakitzen dugu gure errutina apurtzea etxetik kanpo umeekin zer edo zer egiteko.

Hor utziko ditut alde makurrenak. Inork irakurriko balu…

Zenbaitetan, ordea, lasai eta asebete sentitzen naiz. Zorionez, badaude eta beste alde batzuk, ederrak diren aldeak, izan ere.

Ama artzaina eta artzain ama

Ederra da, adibidez, haurrak ardiak zaintzen eta maitatzen ikustea. Ahal duten neurrian –15, 10 eta 9 urte dituzte–, laguntzen dute jana jartzen, ardiak mendira eramaten edota menditik ekartzen, laztantzen, kezkatzen makal badaude… Badakite gure ardura dela ardi horiek ondo egotea, badakite haiei zor diegula duguna, inportanteak direla eurentzat.

Ederra da sentitzea jatekoa baloratzen dutela –batik bat baserri batean eginda badago–. Haiek inork baino hobeto baitakite zenbat lan dagoen gazta bakoitzaren atzean, zenbat jira eta bira eman diegun gazta-kamaran, zenbatetan pasatu diegun eskuila… Haiek inork baino hobeto baitakite gurasoen zenbat ordu hartu –agian, lapurtu– dieten gazta horiek. Nahi eta konturatu gabe, beste baserrietako umeek bizitakoa dute gogoan nonbait.

Ederra da bizitzea haiek harro daudela artzain familia batean bizitzeaz, etxeko gaztaz, etxeko ardiez… Eta uste dut harro daudela osotasun horretan parte hartu dutelako, gazta horien prozesuan haiek ere badaudelako. Eta horregatik guztiagatik gustuko batzuk atzean utzi behar izan dituztelako. Garrantzitsua da umeek bizitzea haien ekarpenak ere baliotsuak direla, haiei esker ere funtzionatzen duela baserriak.

Ederra da errutina apurtuaren poza. Zoragarria hori eurekin partekatua izatea. Ederra egun berezi horrek sortzen duen urduritasuna.

Pasa den astean hartu zituzten oporrak umeek, eta ematen du ardiek ere opor-usaina antzeman dutela… gero eta esne gutxiago baitute. Eta guk zer esanik ez… bukatu egin dira goizaldeko ordutegi estuak, bukatu dira presak… Pozik bizi naiz zein egunetan bizi naizen ez dakidalako, umeekin gaudelako, lanean edota denbora-pasan…

Eta gure umeak zer dira? Seme-alabak eta artzainak ala artzainak eta seme-alabak –besteak beste–? Etorkizunean zer izango diren ez dakit, agian ez dira artzainak izango, baina ongitxo ikasita izango dute artzain izanik pozik eta duin bizi daitezkeela.

Ama artzaina eta artzain ama Ama artzaina eta artzain ama Ama artzaina eta artzain ama
Josebe Blanco

PIKUNIETATIK HAUSNARREAN

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude