Uztailean irakurriko dituzun 10 titular

Uztailean irakurriko dituzun 10 titular –

Ez gara batere handiusteak etorkizuna aurreikusterako garaian, baina egiari zor, gure alboan Nostradamus hutsaren hurrengoa izango zen, ez zitzaigun txorkatiletara ere iritsiko. Kristalezko bola bat inguratu eta uztailean irakurriko dituzun 10 titular asmatu nahiean aritu gara, igarle lanetan.

Uztailean irakurriko dituzun 10 titular

1.- “Iruñeko bidegorria Piongyangera iritsi da, eta komunikazio kanal horretatik bidali ditu bueltan Txin Pon Txik udal sataniko honek banatu behar dituen plastikozko edalontzi berrerabilgarriak“. Juan Jose Echeverria, UPN-ko zinegotzia Iruñeko Udalean.

2.- Karra Elejaldek “Errekaleor Bizirik” ekimenaren agiria sinatu zuen ekainaren 3ko manifestazio sustengatzeko; uztailean deituko dute nazionalista espainiarrek bere pelikulen aurkako boikota.

3.- Ze beroa egin duen gaur, Jesus! Baina beno, uda da eta horrelakoak tokatzen dira, ezta? Kar kar kar!

4.- Markinako hilerrian loreak uztera hurbildu zen herritar batek zin egiten du Joan Antonio Mogel eibartarraren hilobian mugimenduak sumatu zituela, zehazki adiskide batekin Akebai ekimenaz hitz egiten ari zela.

5.- “Hatortxu” jaialdia dela eta Guardia Zibilak burubelarri ibiliko dira Sakanan zehar. Haien denbora librea animatzeko “Hartotxu” jaialdia antolatu dute, eta noski, La Oreja de Van Goghek joko du.

6.- AEK eta HABE-k baieztatu dute bina ertzain matrikulatu direla beraien euskaltegietan. Azkar ezeztatu du informazio hori Estefania Beltran de Erderia sailburuak: ertzainek ez daukate euskaraz ikasteko denborarik, atzerritik datozen hooligan taldeen, yihadismoaren, marmoken, soinketa klaseen eta ingeles ikastaroen erruz.

7.- Aktibista batzuek Barkoxen hiltzeko zorian zeuden antzar eta ahate denak askatu dituzte; bi gaixorik zeuden eta hegazti guztiak kutsatu dira. Ez dago inongo arriskurik Xiberotik kanpoko hegaztientzat, ez baitira “manexekin” nahasten.

8.- Gernikako azokan tomate kiloa 3 eurotan dago, eta berriki sakrifikatutako bi banku fresko euro batean. 

9.- Karlos Iturgaitzek nahigabe hozka egin dio bere mingainari eta pozoituta hil da. 

10.- Uztaila iritsi bezain pronto, mendiko korrikalariez edota runnerrez osatutako ganadua igo dute mendietara, aurten inoiz baino elegante eta fosforitoago.

Uztailean irakurriko dituzun 10 titular –

Kristalezko bolari begira igarotzen ditut goizak eta arratsak. Eta gauez ezin dut lorik egin.