Enfant eta terrible: denbora pasatu ahala, bietarik bigarrena saiatu behar da atxikitzen.

i el joveníssim Terenci Moix quan començava a ser dinamita queer

Jordi Gràcia

Enfant eta terrible: denbora pasatu ahala, bietarik bigarrena saiatu behar da atxikitzen.Nire nerabezaro eta gaztaro mitomanoetan, neure buruari orain baino gorroto anitzez handiagoa niolarik (izan ere, oraingoa –egun gehienetan– ezinikusi arina baizik ez baita), hainbat idolo gurtu nituen, ia-ia alienatua izateraino. Freddie Mercury izan zen horietarik bat; Terenci Moix, bertze bat. Telebistako Moixek liluratu ninduen lehen: Más estrellas que en el cielo saioan zinema izarrekin ingelesez edo italieraz problema handirik gabe mintzatzeko gauza zenak, eta elkarrizketetan gauza serioez aritu bitartean irribarre kokina eta begi pikaroak zituenak. Gero liburuak ailegatu ziren: No digas que fue un sueño –gustatu zitzaidana–, El sueño de Alejandría –franko aspertu ninduena–, eta, batez ere, Nuestro virgen de los mártires eta Món mascle (edo Mundo macho – espainolez irakurri nuen nik, eta ziur nago egunen batean katalanez irakurriko dudala; bitartean, ez litzaidake inportako euskaraz leitu ahal izatea, inor itzultzera animatuko balitz…). Aspalditik ez naiz haren liburuetara bueltatu, eta, beraz, lerrootan adieraziko ditudan iritziek gaztaroko garai urrun haietan izandako sentsazioak eta irudipenak dituzte oinarri. Argi gera bedi.

Joan den asteartean, apirilak 2, hamar urte bete ziren Terenci Moix hil zenetik. Hori dela eta, Espainiako telebistak kapitulu bat eskaini zion Imprescindibles saioan (eta hori dela-eta ari naiz ni lerro hauek idazten). Bertan, mota guzietako testigantzak: Vicente Molina Foix (bere burua ezagutu izanaz beti bezain pozik), Boris Izaguirre (“idazle” etiketarekin izenaren azpian), Nuria Espert (Mel Gibsonek bezala, ikuslea liluratzeko begiak ahalik eta gehien zabaltzea hoberena delako ideiari tinko eusten diona), Luis Antonio de Villena (idazle guzien gainean hitzaurre guzietan erraten dituen gauza berberak erraten), Maruja Torres, Enric Majó, Montserrat Caballé, Ana Maria Moix… Ez, ordea, Pere Gimferrer.

Saioan, Moixen xarmaz mintzatzen dira anitz, eta zenbait, literaturaz. Bi aldiz, Colita argazkilariak emanen ditu, nire ustez, guzietan lekukotasun interesgarrienak. Bat bertzerik ez dut aipatuko: “Terencik famatua izan nahi zuen, baina ez tarte batez, denbora guzian baizik”. Horrek argitzen du haren ibilbide literarioa, azken batean misterio handirik ez duena; literaturaren ikuspuntutik, sekreturik gabeko esfingea baita gure idazlea (Moixez ari garelarik, jakina, zilegi da Egipton oinarritutako metaforak erabiltzea): literatura katalanaren enfant terrible izatetik Espainiako literaturaren best-sellerren ekoizlea izatera pasatu zen. Planeta sariari esker, haur izaten segitu ahal izan zuen, baina terribletasuna bide bazterrean gelditu zen. 1983an Crear i viure saioan literatura katalana “aspergarria” zitzaiola erraten zuena, Plaça del diamant maisulana “esperoan dagoen neska ergel baten istorioa” dela eta berak literatura ludikoa sortu nahi zuela zioena, handik gutira ama guziek nahiko luketen suhia bihurtu zen, harrigarriki (pixka bat, egun batetik bertzera Eider Rodriguez Doris Day bihurtuko balitz bezala). Eta, harrezkeroztik, ile-apaindegian irakurtzeko literatura egin zuen, batez ere (“Terenci Moixen azkena irakurri duzu?”; “Ez, orain Antonio Galaren bat irakurtzen ari naiz”).

Imprescindiblesen, hainbat arrazoi aipatzen dira katalanetik gaztelaniarako saltoa azaltzeko, arrazoi politikoak tarteko (Pujol aipatzen du Javier Gurruchagaz mozorroturiko Luis Antonio de Villenak), baina segur aski Enric Monjók argitzen du kontua hobekien: Kataluniako literatura sistemak ez zuen ematen, ekonomikoki, Moixek nahi zuen bizimodurako adina diru; Espainiakoak, ordea, bai. Katalunian mito literario bat eraikitzen saiatzetik, Espainian mito mediatiko bat izateko eginahalak egitera pasatu zen. Literatura sistema txikietan sortzen den guzia ez da nahitaez literatura ona (edo literatura, tout court). Baina bistan da zaborra sortzeko saria aise tentagarriagoa dela sistema handietan.

Literatura aldizkarietan, idazleen argazkiak ditut gustuko, batez ere beren buruaren inguruan halako mitologia sortzen saiatu diren idazleenak. Euskal literaturan badira horrelako batzuk. Eta maite ditut beren buruarekin jostetan aritzen diren idazleak, autofikzio kitzikagarria egiten dutenak. Euskal literaturan badira horrelako batzuk. Ez ditut maite amatxi guziek nahiko luketen bilobaren itxura ematen duten idazle gozo melengak, ustezko maitagarritasunak haien literatura txarra justifikatuko balu bezala. Euskal literaturan bada horrelakorik. Moixengan ere biak ikusten ditut: haren gaztetako argazkiek eta adierazpenek moldeak hausteko borondatea erakusten dute, eta garai hartan idatzi zituen bere liburu hoberenak (Món mascle, El dia que va morir Marilyn, Nuestro virgen de los mártires –espainolez idatzia–); Planeta saria irabazi ondoren, hortz zuri akasgabeko irribarrea erakusten duen idazle trajeduna dugu, Julia Oterori eta Mercedes Milari bizitzan amodio falta izugarria izan duela kontatuko diena.

Zilegi da naski nork bere bidea hartzea, baina, bakoitzak jakin beharko luke zertan ari den. Terenci Moix kexu izan zen beti, Espainiako kritikoek aintzat hartzen ez zutelako; Katalunian, berriz, sari guziak irabazi zituen. Katalanetik espainolera, aldaketa ez zen soilik linguistikoa izan. Zahartu ahala, zenbait kanbio baitezpadakoak dira, baina, nire ustez, enfant terriblea izan denak hobe luke bi hitz horietarik denborarekin nahitaez desegoki bihurtzen ez denari eutsiko balio.

Ni, hasmentan, bigarren faseko Moixek harrapatu ninduen gatibu; orain, nire gaztaroa igarota, bigarren nerabezaro honetan argi dut zein dudan nahiago: Jordi Gràciaren hitzekin, “el joveníssim Terenci Moix quan començava a ser dinamita queer”. 

Enfant eta terrible: denbora pasatu ahala, bietarik bigarrena saiatu behar da atxikitzen.

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.

5 pentsamendu “Enfant eta terrible: denbora pasatu ahala, bietarik bigarrena saiatu behar da atxikitzen.”-ri buruz