Euskara eta ni (edo erakusleihoan, denon aurrean)

Euskara eta ni (edo erakusleihoan, denon aurrean) Ipinitako ereduari jarraituz hasiko naiz esaten “que nací en Venezuela, que con 9 años, un día de San Ignacio, desembarqué en el Puerto de Santander para inicia una nueva vida en Portugalete, eta azken 15 urtetan Leioan bazkatzen dudala. Aurrera euskararen inguruan neuk bizi izan dudana (neuk, ez beste inork).

Jaurlaritzako langile euskaltzalez osatutako Tiraka taldeak euskaldun berriei bereziki zuzendutako kontaketa pertsonalen bilduma egin du. Hamar istorio pertsonal jaso ditu taldeak, eta ZuZeun argitaratuko ditu. Euskararekin bizi izandako pozak, tristurak… nahi adina nahastuz, pasadizoak, frustrazioak, ilusioak…

Euskararen strip-tease bat (XI): Euskara eta ni (edo erakusleihoan, denon aurrean)

Euskara eta ni (edo erakusleihoan, denon aurrean)
Porugalete zubia

Caracasen euskal giroan bizi ginen: etxean beti ezagutu izan dut ikurrina egongelako pareta batean; apaletan, Buenos Aireseko Ekin argitaletxetko hainbat eta hainbat liburu; gure aitita, Begoñako baserri bateko kaletarra, euskaldun peto-petoa, baina familiako euskal hiztun bakarra; asteburu askotan Euskal Etxera joaten ginen non euskal dantza eta musika ikusten eta entzuten baitziren eta, batzuen ahoan, euskara; ikasketak “San Ignacio de Loiola” ikastetxean egiten genituen (ikus daitekeenez Azpeitiakoa eta biok hezur eta mami gara!), eta han ere euskaraz hitz egiten zuten hainbat apaizek. (Egilearen ponte-izena ‘Loyola’ da)

Honekin guztiarekin esan nahi dudana zera da, nik ez dudala Martinek aipatu duen horrelako konbertsio paulina jasan, begi aurrean beti izan bainituen Euskalerria eta euskara, jakina, ume bati mundua agertzen zitzaion eran, modu inkontzientean harik eta egun batean benetan hori zenaz konturatzen den arte.

Euskalerriratu bezain pronto errealitate gordinari aurre egin behar izan genion: derrigorrezko bisita Guardia Zibileko komandantziara. Han, eta bataio-agiriak erakutsi bagenizkien ere, nire anaia guztiei izenak aldatu zizkieten; nireak tiratzea eutsi zuen “itzulpen kristaua” ez zuelako (ordainetan sexua aldatu nahi izan zidaten neska nintzela uste izanez). Ondorioz, gure izaeraren zati bat komandantzian bertan geratu zen, zeharo konbentzituta nagoelako izenak izana baldintzatzen duela.

Urte haietan, 60ko hamarkadan, euskara ikastea ezinezko misioa zen ez baitzegoen ez metodorik ez materialik ezta ia maisurik ere. Klaseek pedagogia gutxi eta militantzia asko zeuzkaten, edonon eta edonola ematen ziren gehienetan ezerezean geratzeko, jarraitasun faltagatik, ikasleen aldetik axola gutxiagatik edo maisua atxilotzen eta erbesteratzen zutelako.

Hala ere, gutxi batzuk moldatu ziren eta nola edo hala euskara ikasten zuten, esan nahi zuena posible posiblea zela baina guk temati era guztietako trikimailuak erabiltzen Larramendi eta bere “El imposible vencido” ezeztatzeko. Ezkerraldean euskara ez ikasteko bula izango bagenu bezala jokatzen genuen eta uste horrek urte asko iraun zuen; batzuentzat oraindik ere indarrean dirau. Nire kasu pertsonalari erreparatuz gero euskararen ibilbidea luzea izan da, baina ez bereziki penagarria, gutxitan larrituta sentitu naizelako. Hori bai, neure buruari askotan galdetu diot ea egunen batean jariotasun egokia lortzeko kapaz izango naizen.

Abentura bukaezin horri Portugaleteko Xaribari Euskaltegian hasiera eman nion, gero etorri ziren Leioako Lamia Euskaltegia, Gasteizko IKArena EJIEren eskutik, Bai&By metodoa, Leioako Mastitxu Euskaltegia non prestatu nintzen EGAdun bihurtzeko, eta, azkenik, nire euskaltegirik emankorrena: Kultura Saila. Ezbairik gabe Kulturan jarduteak euskaraz lan egiteko ez ezik bizitzeko ere aukera aparta eman dit, zuek, “taliban onak”, pazientzia amaigabearekin nire akats bukaezinak eta barrabaskeriak soportatu dituzuelako (eta oraindik falta zaizuena!).

Hemendik aurrera hauxe da premiatzen nauena: ahal den heinean nire euskararen ezagutza ezagatik galdu dudana edo nire adimenetik lekutan geratu dena errekuperatzea: hainbat liburu, hainbat bertso eta hitzaldi, hainbat lagun…., azken finean, nire herrian bertan sortu den kulturaren zatirik adierazgarriena. Gure ondorengoei hizkuntza-transmisioa bermatzeko aukera eta baliabideak ematea ondo dago baina ez da nahikoa, horrek ez nau guztiz lasaitzen zeren eta euskararena eskubide kolektiboa izango baita, baina norberaren esku geratzen da eskubide hori sustatzea eta bermatzea. Edo Anje Duhaldek era zuzenagoan utzi digun leloa: “maite nazazu gutxiago eta goza/erabil nazazu gehiago”.

Euskara eta ni (edo erakusleihoan, denon aurrean)

Zer duzu buruan “Euskara eta ni (edo erakusleihoan, denon aurrean)”-ri buruz