Emakumeak eta enpresa, La Razón eta PPren arabera

La RazónGaurko La Razón egunkariak azal deigarri bat kaleratu du. Irudian, Raxoi agertzen da, enpresari txiki eta ertainez inguratuta, bere babesa eskainiz. Atentzioa ematen duena irudirako aukeratu duten konposizioa da: Bost enpresari, horietatik lau gizonezkoak eta emakume bakarra. Bakoitzak eskuetan bere negozioarekin zerikusia duen objektu bat du: film zinta bat, hegazkin bat, iPad bat, BlackBerri bat (edo antzeko zer edo zer) eta pastel bat. Eta nor aukeratu dute gozogilearen ofiziorako? Emakumea.

La Razón eta PPk, biak eskutik helduta, enpresarien irudi atzerakoia erakutsi nahi izan dute, kontzienteki ala inkontzienteki. Enpresa gizonen mundua dela, eta emakumerik badago, “emakumeen gauzak” egiten dituzten enpresariak izango direla. Gora progresoa!  Beste xehetasun bat: enpresari horien artean ez dago etorkinik.

Batzuek berdintasunaren eta pluraltasunaren alde egiten duten bitartean, kolore eta sexu guztietako modeloak aukeratuz, beste batzuek atzean geratu diren balore eta bizimoduak ekartzen dituzte azalera. Dena dela, La Razóneko irakurle gehienei irudiak ez dira harrituko, egunkaria editorialki kontserbatzailea eta eskuin-muturrekoa baita.

Hala ere, gaur, 2011ko urriaren bigarrenean, XXI. mende hasieran, tristea da oraindik halako irudiak eta estereotipoak zabaltzen dituzten pertsona eta erakundeak egotea. Tristea, bai; eta zoritxarrez, oraindik denbora asko pasa behar izango da irudi horrek inongo baliorik izan ez dezan.

emakumeak, generoa, gizonezkoak, La Razón, matxismoa, PP

Zer duzu buruan “Emakumeak eta enpresa, La Razón eta PPren arabera”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude