Dolarra, dolorearen dolare

Dolarra, dolorearen dolare

Asko idatzi da TTIP akordioaren inguruan, baina tamalez ez da sobera irakurri. Euskal Herrian alderdi, fundazio eta mugimendu sozialak aspalditik ari dira bere berri ematen, ahal den neurrian, negoziaketak isilpekoak izaten ari baitira. Hartu du sona apur bat Greenpeace taldeak egindako filtrazioen kari, baina hala eta guztiz ere, ezezaguna da oso gurean. Ene uste apalean, kasu honetan ipurdia mugitzeko borondate faltak eta irakurtzeko ohitura ezak konbinazio arriskutsua lortzen dute.

Gaia azaltzen duten koadernoak izan ditut eskuartean, azkena Iratzar Fundazioarena. 70 orri inguru dauzka, eta hori asko iruditu arren, sintesi gaitasun handiz idatzita dagoela iruditu zait (gaia zabala da oso). Baina noski, nork hartzen du tartea egun 70 orri lasai irakurtzeko? Ez baita eleberria, gainera, formakuntzarako tresna baizik. Bertan, horrela definitzen da akordio ekonomikoa: “Merkataritza eta Inbertsioen Akordio Transatlantikoa edo TTIP (Trasatlantic Trade and Investment Partnership) merkataritza askeko itun eredu berri bat da, 2013tik EB eta AEB negoziatzen ari direna, Atlantikoaren bi aldeetan ezarriko den munduko merkataritza askeko eremurik handiena sortzeko asmoz”.

dolarraNeronek ez daukat formakuntza politiko askorik, eta anekdota errazaren aipura mugatuko naiz akordio honen berri izan ez duzuenok TTIP akordioari neurria hartzeko. AEB-k Europan dauden lan baldintza asko ezabatu nahi dituzte; badakizue ez direla onak, baina dirudienez yankientzako demasa dira. Irakurle maiteok, Oxfam erakundearen arabera, AEBetako fabrika askotan langileek paketeak dauzkate jantzita. Fardela. Pixoihala jarrita kate lanean, ez dietelako komunera joaten uzten.

Atera kontuak eta esan ea hau gainean kaka egiteko modukoa den ala ez. Euroak pobretu gaitu, eta euro-dolarrak ez digu lanean kaka egiten ere utziko. Dolarra, dolorearen dolare.

dolarra