Ibone Sanchez: “Jendeak erokeriak egin eta gorputza muturrera eramaten du kontrolik gabe”

Ibone Sanchez: “Jendeak erokeriak egin eta gorputza muturrera eramaten du kontrolik gabe”

Hiru kirol batean, horixe da triatloia: igeriketa, txirrindularitza eta korrika lasterketa, hirurak lehiaketa berean. Fondo fisikoa, erresistentzia handia eta etengabe hobetzeko grina dutenentzako diziplina. Ibone Sanchez (Laudio, 1989) egungo Euskal Herriko triatloi txapelduna bada ere, familiaz eta kirolaz gozatzen duen neska irribarretsu eta lotsatia ezagutu dugu.
Ibone Sanchez: "Jendeak erokeriak egin eta gorputza muturrera eramaten du kontrolik gabe"

Gasteizen bizi da Ibone, bere bikote eta katuarekin. Lasterketetan parte hartzen ez duenean La Blancako benjamin eta aurrebenjamin atletismo  taldekoak entrenatzen ditu, Laudioko igerilekuetako sorosle lanetan aritzen da edo etrenamendu pertsonalizatuak eskaintzen ditu mendiko lasterketak, triatloiak edo igeriketa lasterketak prestatzen dabiltzanentzako.

Euskal Herriko triatloi zirkuitua bi aldiz irabazi duzu, ?2013an eta 2015ean.  Nolakoa izan da zure ibilbidea lehenengo postuetara iritsi arte?
Egia esan, triatloian berandu hasi nintzen, 20 urte nituela. Bost urterekin, igeriketan hasi nintzen jolas moduan eta hemezortzirekin utzi nuen, igerilekuan bakarrik egoteaz aspertuta nengoelako. Ondoren, nebarekin Abentura RAIDak egiten hasi nintzen naturaz gozatuz: eskalada, bizikleta, mendia… Atletismoan ere ibili izan naiz pare bat urtez, korrika egitea asko gustatzen zitzaidalako eta horrek aquatloia probatzera eraman ninduen (korrika + igeriketa). Azkenik, bizikleta probatzeko gomendatu zidan lagun batek…

… eta bizikletatik triatloi podiumetara. Zeintzuk dira triatleta baten ezaugarri fisiko idealak? Eta psikologikoak?
Fisikoki orekatua egon behar da, pisuarekin obsesionatu gabe. Fin egon zaitezke baina indarrik gabe, beraz, erresistentzia, arintasuna eta indarraren arteko oreka ideala litzateke. Psikologikoki ordea, kirol guztietan bezala, burugogorra eta nola ez, sufritzeko gaitasuna izan behar da momentu txarrak gainditzeko.

Madrilgo Diablillos de Rivas klubean egoteak elite mailan lehiatzeko aukera eman dizu. Euskal Herritik kanpo joatea beharrezkoa al da goi mailan aritzeko?
Badira eliteko euskal kirolariak, Ainhoa Murua esaterako, Euskal Herritik irten ez direnak. Hauetako batzuek Basque Team bezalako erakundeen babes ekonomikoa jasotzen dute, elite mailan aritzeak diru inbertsio handia eskatzen duelako. Nire kasuan berriz, denbora batez langabezian izan naiz eta horrek Madrilgo ekipoak egindako eskaintza onartzera eraman ninduen, besteak beste, gastu guztiak ordaintzen dizkidatelako.

Sakrifizioa da kirolariok duzuen berezko gaitasuna, noizbait aukeratu behar izan al duzu kirola eta beste zerbaiten artean?
Ez, kirola ez dut sakrifizio bezala ikusten. Astebururen batean ezin izan dut lagunekin irten  txapelketak izaten ditudalako, besterik ez.

Gustuko duzun zerbait egongo da aspaldi egiten ez duzuna…
Ba bai, nebarekin RAID Abentura lasterketa batean parte hartzea. Aita izan berri da eta uste dut hemendik aurrera halakoak egiteko denbora gutxi izango duela.

 

Elkarrizketa osoa: GAZTEZULO.EUS

Ibone Sanchez: “Jendeak erokeriak egin eta gorputza muturrera eramaten du kontrolik gabe”

Euskal Herri osora hedatzen den euskara hutsezko gazte hilabetekaria da Gaztezulo. 2000 urtean hasi zuen bidea aldizkari gisa, baina egun askotariko euskarriak dituen proiektu komunikatibo osoa da. Gazteen topalekua.