Euskal Naziotasunaren onarpen juridikoa

Euskal Naziotasunaren onarpen juridikoa / Euskal Naziotasunaren onarpen juridikoa

Oihartzun mugatu izan zuen arren, Lizarra-Garaziko Akordioaren aurreko eta ondorengo bina urteetan, burujabetzaren aldeko desobedientzia saiakera egin genuen zenbait taldek. Hori izan zen bidegurutze historiko hartan egin genuen ekarpenetako bat, aldaketa egonkortzeko, konpromisoak hartzea ezinbestekoa zela uste baikenuen.

Euskal Naziotasunaren onarpen juridikoaEkintza sinboliko batzuk egin ostean, ezustean, aldarrikapen bat nagusitu zen, euskal naziotasunaren eskaera, alegia. Gure aurreikuspenak bestelakoak izan arren, naziotasunaren aldarriak indar eraldatzaile eta mobilizatzaile handia ukan zezakeela ikusi genuen.

Irekitako zirrikitua zabaltze aldera, sinadura bilketa bati ekin genion. Sinatzaileok postal bana izenpetu genuen, Juan Carlos Borbondarrari zuzenduta, bere subdito izateari uko egiten geniola esanez. 1.000 lagunen postalak, agiri ofizial batean bildurik, Gasteizen zegoen Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzan aurkeztu genituen. Halere, sinbolismotik harago joateko behar zela garbi genuen eta Ipar zein Hego Euskal Herrian ekintza bateragarriak beharrezkoak zirela argi zegoen.

Euskal Naziotasunaren aldeko aldarria zabaldu zen, Udalbiltzaren babesaz, Bai Euskal Herria herri ekimenak EHNA izeneko agiria kudeatu zuen. 200.000 bat herrikidek EHNA eskatu zuten; 200 lagunek frantziar eta espainiar nortasun agiria Bruselara eraman genituen, inposatutako naziotasunari uko eginez. Koktel erakargarria gorpuzten hasi zen: herri mugimendu zabalak, Udalbiltza, giza eskubide batean oinarritutako aldarrikapenen pertsonala eta kolektiboa, eta lanabesa bat, desobedientzia.

Euskal naziotasunaren aitorpen juridikoaren nahia eta beharra zurrunbilo politikoaren erdigunean kokatu zen. Estatu espainiarrak gogor jokatu zuen, besteak beste 18/98 sumarioaren atal batzuk astindu horretan koka daitezke. Rodriguez Zapaterok bere “DNI” eskuan zuelarik, horrela esan zuen «jakin dezatela euskal herritarrek (los vasco/as bere hizkuntzan) agiri hau dela euren eskubideak bermatzen dituen dokumentua»; Joseba Egibarrek Zapaterori arrapostuz, Gasteizko Legebiltzarrean, elkarte batek argitaratu zuen “ENA” eskuan hartuta, euskal naziotasuna aldarrikatu zuen; Ibarretxeren proposamenak mendebaldeko hiru herrialdeetatik at ere eragina izango zuen euskal naziotasunaren aitortza proposatu omen zuen. Utz dezagun, aldiz, gure iragan hurbila hemeroteka lanetarako eta azter dezagun egoera politiko berriak zabaldu dituen aukerak.

Tematia izateko beldurrik gabe, egun ere, duela 18 urte bezala, naziotasunaren aldarrikapena eztabaida eta agenda politikoaren erdigunera eramateko beharra dagoela uste dut.

Norberaren naziotasuna errespetatua izatea, Giza Eskubideen Agiriaren 15. artikuluan jasota dago. Inori ezin zaio naziotasuna ukatu; inori ezin zaio naziotasun bat inposatu. Irizpide unibertsal eta demokratiko horretatik abiatuta, berriz ere, euskal herritarrok gure naziotasunaren onarpen juridikoa lortzeko jardunari ekin behar diogu.

Euskal herritarrok, Euskal Herriko lurralde historikoen eskualde guztietan egoteaz gain, lur horietatik at ere badaude, munduan barrena, gero eta gehiago gainera. Bestalde, Euskal lurraldeetan, beste naziotasunekin batera, euskal naziotasuna onartzeko prest dauden milaka herrikide ere baditugu. Hortaz, masa kritiko zabala dugu prest.

Euskal naziotasunaren aldarrikapena, bazterketaren aurkako eskaera berdintzailea da. Osagarri kulturalak, politikoak, sozialak, linguistikoak dituen eskaera eraldatzailea, onarpen juridikoa ez baita keinu sinboliko hutsa, eskubide zibil eta politikoetan ondorio handiak dituen onarpena baizik.

Harridura handiz irakurri nuen Iker Casanovaren artikulu bat. Bertan, hizkuntz eta kultur aldarrikapenak iraganean eta «sentimenduen» eremuan kokatzen zituen; aldarrikapen sozioekonomikoetan sentimenduak eta enpatia desagertuko bailiran; edota kultur aldarrikapenak irrazionalak balira bezala. Ezuste itzela, eztabaida hori duela 30 bat urte gainditu baitzuen euskal sindikalismoak, herri mugimenduek eta euskalgintzak.

Herritar gisa, norbanakoak eta kolektiboki gure naziotasunaren onarpen juridikoa exijitzeak aldarrikapen sozialak eta demokratikoak ditu bere baitan, ezinbestean. XXI. mendeko Euskal Herrian, berasmatzen ari garen gure herri zaharberritu honetan, nazio-subjetu politiko osoa aktibatzeko beharra dago, aurreiritzi guztiak gaindituz, mugak gaindituz, Euskal Herri koloretsu berrian, euskara, euskal kultura, aniztasuna, auzolana eta elkartasuna guztion ondarea direla barneratuz.

Duela 18 urte osatu genuen koktel bera egiteko parada dago; eta gainera, askoz aproposagoa den testu-inguruan. Euskal herritar guztiok aldaketaren subjetu bilaka gaitezke, aktiba gaitezke, geldikeria gaindituz, garai berriko herri mugimenduetan antolatuz, Udalbiltza berrindartuz, inposaketak ukatuz, desobedientziari helduz.

Zilegi eta beharrezkoa da joku-zelai politiko klasikoaren eremuan aritzea. Beharrezkoa da esparru guztietatik lanean aritzea ditugun arazo materialak, gabeziak, beharrak, konpontzen saiatzeko. Behar horiek lehenbailehen asetzeko beharra dagoela ikusten ez duena, besaulkian eroso kritikatzen bizi dena, ez da mugituko; ez lehen, borroka armatuak gainditu ezineko harresi bat eraiki zuenean, ezta orain ere, politikari profesionalek herritarroi ardura kendu nahi digutenean. Haatik, eraldaketa lortuko dugu soilik, menpeko eremu klasiko horietatik kanpo ere aritzeko gaitasuna izatekotan, beste Euskal Herri posiblea, ametsa izatetik errealitatea izatera igarotzen lortzen badugu, laster.

Estatu-Nazio zaharkituaren ezaugarrien arabera eraikitako Estatuak kinka larrian daude. Estatu espainiarra bereziki , Estatu ustel horretatik askatzeko premia areagotu da, Kataluniak zabaldu du ihesbidea, euskal herritarrok ere gurea lehenbailehen ireki beharko dugu.

Euskal Naziotasunaren onarpen juridikoa / Euskal Naziotasunaren onarpen juridikoa

Donostiarra Pasaiaratua.

4 pentsamendu “Euskal Naziotasunaren onarpen juridikoa”-ri buruz

  • aupa! Patxi.
    37.277 Agiri egin dugu 18 urte luzetan. 58.000 Naziotasun bitxi egin zuen Udalbiltzak eta orain 7 urte egiteari utzi zion. 8.500 plagio egin du EAJk. Guztira 105.000 agiri inguru.
    42 udaletan ofiziala da ENA eta hirugarrenez udal guztietarako laguntza eta ofizialtasunerako eskaera egiten hasi gara. Aspaldian egin zenuen ENA. Berriztatu dezakezu. Laister arte. Urtzi

  • Eskerrik asko Urtzi datu horiek ez nituen-eta.

  • Jende askok ENA ez egitearen arrazoi nagusia ,barne ministroei abertzale mobilizatuen lista zeatza elarazteko baliabidea bihurtzea izan zen.Zenbakia ere españiar DNI arena zen gainera.

  • Barkau, zenbakiarena, ez zen DNI españiarraren berdina.