Desazkundea? Bai zera! (I)

Desazkundea? Bai zera! (I) – 

Desazkundea? Bai zera! (I)

Hori nion nik ere oraintsu arte. Lau katastrofista malthusiarren oihu agonikoa!!!, neoludita nostalgikoak!!. Ba!!, horiek “besteak” ziren, ni Teknofiloen parrokiakoa nintzen!! Teknoptimista porrokatua! Ez da egia!, urteak daramatzat nire inguruan ohartarazten bazetorrela Antonio Turielen webgunea (crashoil.blogspot.com) irakurtzen nuela eta gizonak kontrolatzen zuela (hemen, hemen eta hemen). Desertuko eremita gisa aritu naiz urteetan, katastrofista, pesimista eta apo(ka)liptikoa nintzela entzunez!! Hiru kolosoak (Energia, Ekonomia eta Ingurugiroa/Bioesfera) desmelenatuta zeudela eta inork kasurik ez!! Snif-snifak esnifatu eta hemen doakizue nire enegarren sermoia. Espero dut oraingoan feligres onak izango zaretela eta kasu egingo didazuela!!! Itzali whatsappak eta has gaitezen!!

Desazkundea etorri datorrela ez dut inongo zalantzarik. Gakoa, ordenatua ala kaotikoa izango den da. Nire seme teknoptimistak boomer delirioak besterik ez direla dio. Derradan, fabrikatik (aitarengandik jakina!) datorkion akats txiki hori kenduta euskaldun jator peto-petoa dela. Boomer belaunaldia, 50-68 inguruan jaiotakoak omen gara. Snowflake (Elur maluta) belaunaldikoek hitz hori darabilte belaunaldi oso bat iraintzeko era peioratiboan. Deskuidatzen bazara, asteburuko ordu txikitan, bolbora eta gurpila asmatu dutela oraintsu esango dizute

Datozen asteetan hiru kolosoen ezaugarriak azalduko dizkizut. Ezaugarri ezkutuak, ezaugarri itsusiak, ohiko ikus-entzunezkoetan gutxi azaltzen direnak. Batez ere, desinformatu, manipulatu eta desbideratu egin behar duzunean begi bistakoa den egia: Planeta finituan hazkunde infinitua erokeria hutsa dela.

Horri, arazo objektiboa eta ez nolanahikoa gehitu behar zaio, mendebaldeko herrialdeetan, petrolio aparretan bizi izan garela azken 40 urteetan. Jakin badakigu, eta dokumentatua (hemen eta hemen) dago petrolio konbentzionalaren produkzioaren maximoa(peak oila) 2006 inguruan atzeman zela. Horrek, arazo kognitibo bat sortzen du guregan, erraza baita egokitzea gutxitik askora baina zaila askotik gutxira. Beraz, desazkundea saldu nahi duenak lan politikoa eta pedagogikoa ditu aurrean, hau da, Teknofiloak Ekofiloak bihurtzea, Teknoptimistak Ekoptimistak. Ekolatrak sortzea!!!

Eta Teknofiloz ari garenez hona hemen nire behin-behineko sailkapena: Teknofilo ekofaxista, Teknofilo kapitalista, Teknofilo sozialista, Teknofilo teknofiloa (Hiperteknofiloa, kontuz honekin!), Teknofilo ekoptimista, Teknofilo ekopesimista eta bere kontrapuntuak, Teknofobo ++++(++++ = lehen aipatutakoak), salbuespena: Teknofilo teknofiloa –› Teknofobo teknofoboa  (Hiperteknofoboa, kontuz honekin ere!).

Eta zu non kokatzen zara? galdetzen didazu. Ekoptimista izan nahi duen Teknofilo ekopesimistan, haurraren inozentziaz eta irudimenaz elikatuz espartar kontzientzia eskuratu nahi duena!! Dena dela kontuz nirekin, agian bihar diotsut funanbulista izan nahi dudala!!

Osaba Alberti laguntza eskatu diot eta bere arbela erabilita datozen asteetako plana aurkeztuko dizut:

Hasierako artikulu honetan, sarreratxoa egingo diot gaiari eta funtzio esponentzialaren nondik norakoak kontatuko ditut. Funtzio hori ondo ulertzea ezinbestekoa da hazkundearen eta desazkundearen “arimara” heldu nahi bada.

Bigarren artikuluan, bizi garen sistema estraktibistaren “odolaren” kalitatea aztertuko dut. Horretarako, energiaren osasuna auskultatuko dut osagai fosilen eta berriztagarrien egoera arakatuta.

Hirugarren artikuluan, metabolismoaren “bihotzean” ipiniko dut arreta ekonomia aztertuz. Jakingo duzunez, metabolismoa aspalditik bihotz bionikoaz(ekonomia finantzieroa) baliatzen da bizirauteko. Bihotz bioniko artifizial hori, laborategira eraman eta piezaz pieza desmuntatuko dut bere ezaugarriak azaleratzeko.

Laugarren artikuluan, zein gutxi zaintzen dugun eta zenbat zaintzen gaituen Amalurrari bisitatxoa egingo diogu eta barkamena eskatu. Izaki jakintsua da Amalurra aspalditik ari zaigu ohartarazten hori ez dela bidea eta pazientzia agortzen ari zaiola. Oraingoz koronabirusa bidali digu iratzartzeko baina dio, hainbat misil dituela prest erasotzeko.

Ez zaitut engainatu nahi irakurle, etorkizun teluriko samarra aurkeztuko dizut!

Ed Wilson entomologoak ondo fokalizatu zuen gaia, egungo gizadiaren benetako arazoa deskribatzerakoan: “Paleolitikoko emozioak ditugu, Erdi Aroko instituzioak eta Jaungoikoen neurrira eraikitako teknologia. Eta hori izugarri arriskutsua da”.

Goiko irudi horretan bi errealitate guztiz kontrajarriak nabarmentzen dira; batean, Bioesferak bere baitan subsumitzen du Azpisistema Soziala eta horrek Azpisistema Ekonomikoa bestean, Azpisistema Ekonomikoak subsumitzen du Azpisistema Soziala eta horrek Bioesfera.

Bi metaeredu antagoniko bat, antropozentrikoa, eta bestea, biozentrikoa. Batek, gizakiaren konstrukto artifizialei ematen die garrantzia eta besteak, natura ipintzen du erdigunean proposatzen diren eredu inplementagarriak gauzatzeko. Bistan da, antagonikoak direla.

Beraz, arazoa ez da kuantitatiboa (bakarrik), ez da zenbat petrolio gelditzen den, zenbat energia berriztagarri behar dugun, zenbat CO2 isurtzen dugun, zenbateko igoera onartuko duen Lurrak benetan haserretu baino lehen. Arazoa, kualitatiboa da arazoa, estrukturala da.

Begi-bistakoa da, egungo egitura tekno-industrialak energia merke eta aberatsa (dentsitate energetiko handikoa) behar duela bizirauteko eta hori amaitzen ari da. Esteroideak amaitzen ari zaizkigu eta Amazon stock gabe gelditzen ari da. Eta sentitzen dut baina, epe laburreko mirakulu teknologikorik ez da begiztatzen. Zientziak ere bere hausnarketa erritmoak eta kontenplaziozko prozesuak eskatzen ditu. Eta hori ez da gauzatzen goizetik gauera.

Zuetariko batzuek goikoa gezurtatzeko (eta ezer ez duzuela ulertu egiaztatzeko) honako hau diozue: “Zenizo alua!, XXI. mendean bizi gaituk!, ez haiz ohartu ala? urtebete eskasean, arazorik gabe hainbat txerto garatu ditugu apatxotsean koronabirusari aurre egiteko!

Eta egia diozue, baina agian zergatik sortu zen galdetu beharko zenukete eta lehen ere, pandemiak izan bazirela ez dit balio erantzun legez. Agian, biodibertsitatearen azken urteetako gainbeherak zerikusia du; agian, naturak mila buelta ematen dizkigu erresilientzian eta ez digu graziarik egiten; agian, mendebaldeko herrialde aurreratuetako gizaki jeloskorrak ikusi zein ahula den bere erresilientzi maila eta berea hobetu beharrean naturarena izorratzen du. Eta jakina, natura polimorfikoa denez, goitik eta behetik, atzetik eta aurretik erasotzen/erasotuko gaitu. Eta egia esan, irabazteko guztiak ditu. Batez ere, datorkigun energia eskasia kontuan hartzen badugu. Baina hori, hurrengo artikulurako utziko dugu.

Funtzio esponentziala

Gizakiaren gabezi handiena funtzio esponentziala ulertzeko dugun ezintasuna da”, hala zion Al Bartlett irakasleak 2002ko Arithmetic, Population and Energy (hemen eta hemen) izenburua zuen hitzaldiaren hasieran. Hitzaldi horretan, oso adibide politak ipini zituen funtzio esponentzialaren ezaugarriak eta portaera aztertzeko. Hona hemen horietako bat: Demagun, hasieran, bakterio bat dugula minuturo bikoizten dena. Demagun, goizeko 11:00etan, bakterio horietako bat botila huts batean sartzen dugula. 12:00etan, konturatzen gara botila beteta dagoela.

Behin aurkeztuta bakterioaren portaeraren dinamika zein den eta edukiontzi finitua nolakoa izango den: botila. Bi galdera egiten ditu:

  1. Zein ordutan zegoen botila erdi beteta? Hori da, 11:59an!, 12:00ak baino minutu bat lehenago. Gogoratu bakterioak minuturo bikoiztu egiten direla.

  2. Botila horretan, batez besteko bakterioa bazina, zein ordutan konturatuko zinateke espazio arazoak izan ditzakezula? Ikus dezagun zer gertatzen den botilarekin azken minutuetan. Jakin badakigu, 12:00ak baino minutu bat lehenago erdi(1/2) beteta zegoela. Bi minutu lehenago laurdenera(1/4) heltzen zela, hau da, %25era. Hiru minutu lehenago 1/8ra, hau da, %12,5era. Lau minutu lehenago 1/16ra, hau da, %6,25era eta bost minutu lehenago 1/32ra, hau da, %3ra!!

Arraioa, hamabiak bost gutxitan, botila %3a zegoen beteta eta %97a hutsik. Nork esango zion batez besteko bakterio gizajoari ordu horretan, bost minutu barru espazio arazoak izango zituela. Eta esanda ere, zer erantzungo zuen? hoa pikutara!!, oraindik %97a diat bizitzeko!! Gainera, badaezpada ere, Eroskira joan naiteke eta dudan diruarekin beste 3 botila eros ditzaket!!!

Hiru botila!, hori asko da gero!, hirukoiztu egin dute hasierako egoera. Batez besteko bakterioa bitsetan dago egoera berri horretan, gajoa ez da konturatzen bi minututan amaituko zaiola pagotxa. 12:01ean, bi botila beteta eta 12:02an, lau botilak beteta!!

Dagoeneko irakurle, honaino helduta, galdetzen zaude eta horrek zer du ikustekorik desazkundearekin? Bakterioen mundu hori ez da nirea ni ez naiz botila batean bizi. Sentitzen dut esatea baina galaxia bateko planeta finitu eta txiki batean bizi zara!!

Datozen egunotako artikuluetan behin eta berriz azalduko da zorioneko funtzio esponentzial hori, hazkunde esponentzialarekin bizi izan baikara azken hamarkadetan mendebalde oparo honetako herrialdeetan hainbat arlotan, hala nola, energian, kontsumoan, aldaketa klimatikoan, mugikorren salmentetan, sare sozialetan…

Beste bost minutu eta uzten zaitut.

70 araua

Arau hau (1) funtzio esponentzialarekin lotzen da eta oso heuristiko praktikoa da funtzioaren hazkunde ratioaren “indarra” neurtzeko. Erraz erraz azalduko dizut adibide txiki batekin. Demagun, lau milioi petrolio kupel kontsumitzen duen herrialde batek %5eko hazkunde ratioa duela. Zenbat urte beharko ditu hazkunde ratio horrekin zortzi milioi kupel kontsumitzeko? Hau da, zenbat urte beharko ditu kontsumoa bikoizteko?

Eta hona 70 arauak diguna: 70/5 = 14 urte.

Eta hazkunde ratioa %5a izan beharrekoan %10a izan balitz? Erraz: 70/10 = 7 urte. Eta %20a izan balitz? 70/20 = 3,5 urte.

Eta amaitzeko bi grafikotxo zuk aztertzeko. Grafikoek Txinaren Barne Produktu Gordinaren (GPDd) azken urteetako bilakaera islatzen dute:

Konturatu ezkerrekoa, “azelerometroa” dela eskuineko emaitzak lortzeko. Konturatu Txinaren azken ia 30 urtetako hazkunde ratioa %6tik gora ibili dela, hau da behetik jota, 70/6 = 11 urtero, bere Barne Produktu Gordina bikoiztu(!) egiten zen!! Eta bigarren marrak zer adierazten digu?, bost bat urtetan %10etik gorako hazkunde ratioa izan zuela. Hor duzu irakurle hazkunde esponentziala gordin gordin, bere sasoirik onenean. Horrek suposatzen duenarekin: energia eta lehengai eskakizun izugarriak eta premiazkoak behar izatea “makinaria” martxan edukitzeko.

(1) Matematikako frikientzat!

Zenbat denbora(t) behar du x kopuru batek bikoizteko(2x) bere hazkunde ratioa r denean?

2x = x(1+r)^t

2 = (1+r)^t

ln 2 = tln(1+r)       Hemen: ln(1+r) –› r/100 (2)

0,693 = t(r/100)

t = 69,3/r

(2) Barkatuko didazu irakurle “ia berdin” karaktere bereziaren ordez beste hori erabili badut. HTML editatzaileak txertatzen utzi uzten dit baina azaleratzerakoan ? ikurra ipintzen dit. Muito obrigado!!!

Desazkundea? Bai zera! (I)

8 pentsamendu “Desazkundea? Bai zera! (I)”-ri buruz

  • Osasun-langilea 2022-03-18 12:17

    Eskerrik asko artikuluarengatik. Interesgarria eta ongi dokumentatua.
    Erdipurdiko informazioko garaiotan estimatzen da horrelako lana.
    Datozenak irakurtzea desiratzen, bejoindezula!

  • Mikel Haranburu 2022-03-18 13:35

    Zinez espero dut artikulu honen eta datozenen irakule kopurua ere esponentzialki ugaritzea…

  • GrouchoMarx2022 2022-03-18 14:01

    Eskerrik asko zuri!!

  • Planeta mugatu batean hazkundea posible da oso. Hazkunde mugagabearen alternatiba bakarra ez da deshazkundea. Erretorika hori oso populista izan daiteke, baina beste interes “asetuezinak” elikatzen ditu, etengabe hazten ari direnak hain zuzen. Horientzako konponbidea ere deshazkundea ote?

  • GrouchoMarx2022 2022-03-18 20:21

    Kaixo Lontxo, lehendabizi, eskerrik asko iruzkinagatik. Gaur, erantzun laburra emango dizut luzea, hurrengo artikuluan artikulatuko dut.
    Zure metabolismoak 100 milioi kupel kontsumitzen badu egunero eta aurki -2025 aldera edo- nahitaez, 80 milioi kontsumitu behar badu erregai fosilen produkzioa gainbehera doalako eta energia berriztagarriak nekez helduko direlako fosilak ordezkatzera, beste astronauta hark zion bezala: Houston arazo bat dugu!!
    Egin kontu, desazkundea -deitu nahi badiozu frugalitatea- ez dela, ez dela izango, aukera politikoa, termodinamikoa baizik. Berriro diotsut, egungo metabolismoa bizirik mantentzeko 100 milioi kupel behar dugu egunero eta tamalez, laster asko saiatuta 80ra helduko gara. Nire ustez energia berriztagarriak ez dira garaiz helduko.

  • Amonamantangorri 2022-03-20 21:43

    Oso interesgarria. Eta pozgarria, artikulu sorta izango delako.

    Hurrengo artikuluetarako, Groucho, begira ezazu euskaraz ehunekoak (%) nola esaten diren. “-a” guziak soberan daude.

    Pentsatu esanen bazenu bezala: hogeitik hamazortzik ez du(te) azterketa gainditu. Ehunekoetan, “Eta hazkunde ratioa %5 (ehunetik bost) izan beharrean %10 (ehunetik hamar) izan balitz? Erraz: 70/10 = 7 urte. Eta %20 (ehunetik hogei) izan balitz? 70/20 = 3,5 urte”.

  • GrouchoMarx2022 2022-03-21 12:20

    Eskerrik asko amona!,
    ehuneko ehunean -badaezpada hitzez erantzuten dizut- 🙂
    Ez, benetan, eskerrik asko!!