Depardieuk bere amari: “Behi bat zara” (Larunbateko gutuna)

MAKING OFF

Nork ez du gogoko izaten postontzitik eskutitza jasotzea, batez ere eskuz idatzitakoa baldin bada, baina gero eta gutxiago dago horretatik, agi denez. Sail berri bati ekingo diogu gaur, DES LETTRES gunearen eskutik, zeina korrespondentzian espezializatutakoa baita.

Gaurgero, larunbatero larunbatero baten batek norbaiti idatzitako eskutitza argitaratuko dugu.

Lehenego honetarako Gérard Depardieu aktoreak bere amari 1988an idatzitakoa dakargu. Hau ikusita, agian baduzu eredu bat zeure amari maiatzeko liliekin batera igortzeko.

Aupa eta kaixo, Amatxo maitea!

Honek asko aztoratzen zaitu ene Lilitxoa. Gaurdaino ez nizun sekula honela deitu. Horixe izango zenuen arrazoia ni arratsaldero ikasgelara bidaltzeko. Egun batean, eskutitz luze baten hasieran, “amatxo maitea” idatz niezazun. “Amatxo maitea…”

Depardieuk bere amari: "behi bat zara"

Honez gero hasita zaude galdetzen zer gertatzen zaidan, zerk bultzatu nauen zuri idaztera. Hau ez baita sekula izan ohitura gure familiaren barnean, gauzak argi eta garbi esateko manera hori… Châteauroux-eko gure kabanan, gure zuloan, gehiago genuen isiltasun zaratsu hartatik. Denbora guztian mututzen zuen isiltasuna.

Hizketan jakin baino lehen ikasi nuen garrasi egiten. Pentsa noraino, zutaz oroitzean naizenero garrasiak entzuten ditut, kolore guztietako oihu eta intziriak, alaiak, kolerazkoak, baita sofrimenduzkoak ere…

Baina ezer baino lehen, aitortza bat nahi dizut egin: betidanik hartu izan dizut behi baten traza. Bai, nire Lilitxoa, behia gogorarazten duzu. Ez zaitez laidotua sentitu, gauza ederra da behia. Esnea da, okela, odola… baina niretzat, batez ere, gelditasuna, mugiezintasuna, inertzia bero eta lasaigarria, nolabaiteko fatalismoa. Horregatik, amesten zaitut, zeure baretasun eta etsipenean.

Beti ezagutu zaitut sabelbeteta

Azkarregi joan da guztia niretzat. Dedé-rekin ezkondua 20 urtetan, haurtxoak erritmo industrialez irten dira zure sabeletik, egiazko ping-pong pilotak bailiren. Eta zu lur eta zur, harriturik. Zure garaian puntua egiteko orratzak ez zuen pilularen lekurik bete ahal izan. Hara! gaur ere amesgaiztotan esnatzen naiz eta nire kaskoa igurtzen dut ea orbainik ba ote dudan ikusteko. Beno, esanen duzu derrapatzen ari naizela…

Izanak izan, beti ezagutu zaitut borobil, apartamendu txikiegiko geletan leku handiegia hartzen zuen sabel handiarekin. Beti zure sabela, obsesiboki, benetan pentsatzen nuen broma zela. Ukubilkadak jotzen nituen han barruan. Garrasi egiteko gogoa nuen: “Airea behar dut! Itotzen naiz!”. Bai, beti egon izan zara haurdun. Apenas libratzen zinen haurgintzarako!

Zure erditzeak festa ziren. Familian egiten genuen komunio moduko zerbait, ezkutuko zeremonia. Galtzen zenuen odol guztia, adierazi ezin zenuen maitasun baten zukua zen. Minik gabeko odol eder bat. Dedék ederki zekien, ondoegi, agian. Ikusi egin behar zen, taberna zulora abiatzen lehen kontrakzioetatik, bere beldur ikaragarria, bere pudore handia, alkoholetan itotzera.

Gosez hiltzeko gai zineten

Sei ume izan zenituzten ez zenutelako kausitu “maite zaitut” elkarri esateko beste modurik. Bi esku-ahur odoltsu zineten, elkarren ondoan, beti garrasika eta irainka, gorroto basa batek elkarri lotuak, zuen arteko amodioa indar ikaragarria baitzen… nola esan… elkarren kontrakoa. Bai apasionatuak zineten bata bestearen aurka. […]

Zu eta Dedé, hala ere, goseak hiltzeko gai zineten munduan ezer aldatzen hasi baino lehen. Oharkabekoak eta ikustezin nahi zenuten izan. Tribu mota bat ginen, desagertzeko zorian ziren indiar batzuk, euren kobazuloan sartuta. Zuek ez zenuten inorekin arazorik ukan nahi, beste ezeren gainetik. Ez zineten azkonar triunfate moduan agertzen zeuon frigorifiko eta umeteriaren erdian. Familia-laguntzak ez baziren hilaren amaieran iristen, erreklamatzera joateko adorerik ere ez zenuten ukaiten.

Hala ere, batzuetan, nazkatzen zinen bizitza horretaz, ene Lilitxoa, Dedérekiko amodio-istorio gor eta mutu horretaz. Aski zeure osasuna eta gaztaroa alferrik galtzeaz! Aski ni beti magalean edukitzeaz! Esaten zenidan, hirugarren umerik eduki izan ez bazenu, alde egingo zenukeela urrutira bidaian, betiko. Hirugarren umea neu nintzen. Etxetik askatu nintzenean, zure ihes galduak nituen neure zangoetan, bihotzean. Zeure lekuan neu joan nintzen ihesi, zugatik… Zure azken erditzearen ondoren, seigarrena, jaia drama bilakatu zen. Odol-ixurtze bukagaitz batek harrapatu zintuen, uholde batek, ekaitz batek. Zure ohea gorri zen odolez. Itotzen ari zinen, literalki. Gorroto begirada zenuen, beldurrezkoa, heriotzezkoa. Mundua uzteko zorian izan zinen. Katastrofea zirudien.

Gugatik sakrifikatu zinen

Hiltegira zinderamatzan zaldiaren begietako espresioan tximista bat ikusi nuen: haurra, sarritan naiz  hiltegiraino arrastatu. Sabaiko kako batetik zintzilik, zaldiak heriotza bertan zela uste zuen. Azken galopa bat falta zen espazioan, vals funebre bat. Hau guztia pentsatu nuen zuri begira nengoenean, martirioa sofritzen, inpotente. Medikuari deitu genion.

Bere etxean gertaera larria zela esan genion aitari. Sute bat gertatu zela uste izan zuen. Suhiltzaile kamioi batekin iritsi zen eta erditze gelaraino eskailera handi batetik igo zen. Berehala ahitu zen guztia nire espirituaren baitan. Dedéren espantu ikaragarria, dena bukatu osteko zure hil-bisaia hura, medikuak baieztatu ziguna. Nire Lilitxoa, zure isiltasunean,  zure abdikazioan, zure amorruan, amodio ero bat zegoen. Esaterik badago, poetaren amodio modukoa zen. Zuk ez zenidan zure maitasun guztia eman, Hegoko amek egiten duten antzera: “Dena ematen dizut seme! Tori, tori, zeuretzat da eta, neure semearentzat!”. Bai zera. Ez, distantzia behar zen beti, duintasuna.

Gugatik sakrifikatu zinen. Xarmadun bilakatu zinen, Catherine Deneuve bezala. Ezer ulertu gabe bihurtu zinen oilo-loka. Dena eman didazu diskretuki. Lehertzeraino, ia heriotzeraino.

Beraz, gaurko egunean, ezin izango didazu debekatu aitortzea zuen zarata eta intziri  guztiek ezin izan dutela ito esaldi tabu hori, garrasiek ezkutatu duten esaldi minuskulo hori, denok beldurra genion esaldi hori, idatzi egingo dizut, Lilitxo nerea, sinpleki: “maite zaitut…”.

Depardieuk bere amari: “behi bat zara” (Larunbateko gutuna)

Zer duzu buruan “Depardieuk bere amari: “Behi bat zara” (Larunbateko gutuna)”-ri buruz

  • zer inporta du 2015-09-21 15:10

    Egokia litzateke atal honen iturburua eta “kontzeptua” zeinenak diren adieraztea.