Ortuzar Rules

Ortuzar Rules

Ikasturte berria hemen da, eta harekin batera gauza interesgarri anitz heldu dira, hala nola Kataluniako hauteskundeak, irailean, edo Donostiako Beldurrezko Astea, azaroan. Beldurrezko astea dela-eta solasean ari ziren, joan den egunean, bi zinema kritikari Twitterren; ni ere haien elkarrizketan sudurra edo muturra –tira, zerbait– sartzen saiatu nintzen, baina paso egin zuten nitaz: nire izena ezabatu eta trankil aski segitu zuten hizketan. Zahartzea zer den: sutan jarri ninduen horrek, eta, mendeku hoberik ezean, berehala biei segitzeari utzi nion (naski ez dira enteratu; afera hona ekarri dut, baina segur aski ez didaten irakurtzen: nire herra alferrikakoa izaten da gehienetan). Baina, sarrixeago, lasaiago nintzela, ohartu nintzen arrazoi dutela; azken buruan, nire buruari begiratzen badiot, zehaztasun falta bertzerik ez dut ikusten: ez naiz ez historialari, ez itzultzaile, ez zinema kritikari, eta hura espezialisten solasaldia zen (“-Halako filma ekarri behar dute; -Ikusteko irrikan nago; -Bai, itxura ona du”), maila hori erdiestea ez dago nornahiren esku.

Nire nortasun problemak alde batera utzita, Twitterren barna segitu nuen esploratzen, eta hara non Andoni Ortuzarri Radio Euskadin eginiko elkarrizketa aurkitu nuen. “Inbidiarik sentitu duzu egun hauetan, Kataluniako prozesua ikusita?” Hor ere zehaztasun problemak baditugu. Zertaz ari gara, prozesuaz ari garelarik? Ustelkeriatik eta “jendearen egiazko kezketarik” –hori zernahi dela ere– desbideratzeko asmoz Artur Masek eta bertze zenbait politikari katalanek asmaturiko trikimailua da prozesua, Espainian –eta hedaduraz, Hego Euskal Herrian– bat baino gehiago tematzen diren bezala? Edo gizarte zibilak bultzaturiko prozesua, hain indartsua, ezen alderdi politikoek aintzat hartu bertze erremediorik ez baitute izan? Erantzuna, normala den bezala, ezetz izan zen, ez zuela inbidiarik batere sumatu. Lehen interpretazioa –ñabardurak ñabardura, Espainiako hedabide gehienek, La Razonetik El Paisera, La Sextatik pasatuz, maite dutena– lehenetsiz gero, nonbait EAJk ez du horrelako prozesu baten beharrik; eta bigarrena onartuz gero, bistan da EAJk ez duela gogo handirik inolako prozesuren liderra izateko (are gutiago, berriki artio Katalunian nagusi izan den alderdiaren eszisioa ekarri duen prozesu batena), eta nahiago duela iraganeko balentriak gogoratuz harro agertu (“zeinek erran zion ezetz konstituzioari Trantsizioan?” –hau da, trantsizio-zoragarria-egin-genuen argudioa, baina aldrebes–), etorkizunerako planik egin baino.

Inbidia, bertzalde, nire herra bezala, alferrikakoa izaten da, eta, kazetaria ere ez naizen arren, nire iduriko galdera inozo samarra izan zen. Zer dela-eta ez da Euskal Herrian Kataluniakoa bezalako gizarte mugimendurik sortu? Eta, horretan, zer erantzukizun du gobernuan urteak eta urteak daramatzan alderdiak?

Halere, bertze galdera bat gustatu zitzaidan gehien: “Norengandik dago EAJ hurbilen, Convergènciatik edo Uniótik?” Alegia, nor maite duzu gehiago, aita edo ama? Ez omen dugu inoren inbidiarik, baina bertze baten ispiluan definitu behar dugu gure burua. Kataluniako prozesuaren albo-ondorioetako bat izan baita zeharkako independentismoa hedatzea. Gu superpotentzia emozionala omen gara, baina azken bolada honetan hondar Diadaren irudiek hunkitu gaituzten sakonen, eta Katalunia kapitainaren mozorroa zeramala urratu zuen Sabino Cuadrak Espainiako konstituzioaren ale bat (biziki txalotzen dudan keinua, bidenabarkoan erranda).

Niretako ere pozgarria da Kataluniako prozesua, baina independentismo by proxy hau hasi zait nekagarria egiten –hasmentan aipatu zinema kritikari horien kontrako herra bezain: kexatu beharrean, zin dagit astero hasiko naizela Odolaren mintzoa blogean idazten–, eta galdera inbidiarik sentitu ote dugun edo norengandik gauden hurbilen, Masengandik edo Duranengandik, den bitartean –alegia, hemen egin beharreko eztabaidak ordezko baten bidez egiten ditugun bitartean–, Ortuzar izanen dugu nagusi. Ama edo aita, ea zein nahiago dugun: galdemodua hori baldin bada, oraindik haurrak garen seinale.

Ortuzar Rules

andoni ortuzar, Beldurrezko Astea, diada, gizartea, inbidia, Kataluniar prozesua, Twitter, zinema
Santi Leone

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut, noizbehinka twitterren ibiltzen naiz (@ororostorm)

9 pentsamendu “Ortuzar Rules”-ri buruz

  • Ez bada inbidia sentitzeko abertzalea izanda…. Katalunia Independentzia lor like, zure lurrarentzako berdina nahi badezu, inbidia (osasuntxua) sentitzea gauz arruntena dela iruditzen zait.
    Normala (izango da baina nik eztet ikusten) iruditzen ez zaidana kontrakoa da.
    EAJ ta CIU anai bikiak izanda, agian kale egin duna Gizartea da, gu guztiok.
    Ze CIUri Independentismoa duela gutxi arte ez zitzaion inundik nabaritzen, EAJri bezala , beraz Gizarte zibila bultzatu baditu, hemen gizarte zibilaren gehiengoa Espainia barrun eroso dagoela erran nahiko du ez?

    • Santi Leone
      Santi Leoné 2015-09-19 14:17

      Uste dut nahiko ados gaudela

    • Euskaldun bat 2015-09-19 21:49

      Espainia barruan eroso dago jendea. Publikoki bat eta beste esango dute (politikoki ez da zuzena espainiari buruz ondo hitz egitea) baina gehiengoak ez du Euskal Herria nahi. Baina normala da. Zergatik egin behar dute Euskal Herriaren alde gehiengoak euskara ez badaki? Euskara ezagutzen dutenen kopurua (horietatik portzentai handi batek ulertu bai baina ez dira hitz egiteko gai) %26 ingurukoa dela uste dut… nora joan nahi duzu errealitate horrekin? Genozidioa aplikatu zuten, orain garenak gara eta ea nola ematen diozun horri buelta. Iparramerikako indioei lurraldearen kontrola bereganatzeko eskatzearen parekoa gutxi gorabehera.

  • Espainiatik banatzeko ez dut uste Euskara jakin beharko zuketenik, momentuz behintzat, ta leku andanetan hizkuntz berbera izanda, zati bat beste herri bat sentitzea ez da arraroa.
    Baina bai, jendea ahozabal xamarra da, ta abertzaleak dira baina Espainiatik aldentzako haina… Euskaltzaleak dira baina Euskara jakin behar izatea derrigor…. Birziklatzearen aldekoak gara baina zaborra derrigor banatzearen aldekoak jada….

    Aberatsak zerga gehio pagatzearen aldekoak gara baina aberatsei zergak barkatzen dietenei ematen diegu bozka (orokorrean)…

    Azkenean uste dut jende gehiegi ez dakiela ezta nundik ematen dion haizea, idei batzuk dituzte baina ez dakite zer erran nahi duten idei hoiek….

    • Euskaldun bat 2015-09-21 13:54

      Ados. Jendeak badaki haizeak nondik jotzen duen, inoiz baino gehiago. Gehiengoak nahi duen bakar-bakarra bere bankuko kontua osasuntsu egotea eta ondo bizitzea da ahalik eta lan gutxien eginez, besterik ez. Idealek itsarongo dute. Kexatu bai, hori bai! Kexatzen primeran moldatzen da jendea! Izateko forman ere garai batean baino apur bat latinoagoak bagara.

  • jontxu gomez 2015-10-01 21:18

    Gaur bertan, El Paísen Ruiz Azpioleak hau dio: “El PNV sacrificó a Ibarretxe y regresó a la vía foral y pactista que le ha otorgado éxitos, como el Concierto Económico, tan reclamado por Mas. El Gobierno vasco contempla la experiencia soberanista como un paréntesis en su trayectoria. http://politica.elpais.com/politica/2015/10/01/actualidad/1443717795_886143.html“. Gauzak argi daude: esanak esan, PNV eta Ortuzar balazta dira burujabetzerako

  • Nortespaña forala da EAJren egitasmo hitsa. Azcuna eskola. Argi baino garbiago dago.
    Garbi dagoen bezala, ezker abertzalearen erantzunik eta egitasmo erakargarririk eza.

  • Nortespaña forala da EAJren egitasmoa. Ezker abertzalearena zein da?
    Eta bai, jendea eroso bizi da Espainian. Normala da. Sekulako presio kulturala eta ekonomikoa ezarri digute “normaltasun” hau onar dezagun.
    Alderdi independentistak ere, normaltasun espainiarrean dabiltza kulunkan.
    Gizarte zibilak zerbait mugiaraziko badu, liderrak beharko dira gizarte zibil horretan ere. Areago, alderdi independentisten arteko lider ia bakarra gartzelan egonik.

  • “hemen gizarte zibilaren gehiengoa Espainia barrun eroso dagoela erran nahiko du ez?”
    Bai. Hala gertatu ohi zaio besterik ezagutu ez duenari, eta aukerarik ere uzten ez diotenari. Lagun batek oso ondo esplikatzen du:
    “… ez dago diskriminazio-sentsaziorik. Nire ama ere ez zen diskriminatuta sentitzen, egun osoan bulegoak eta komunak garbitzen ibili eta gero, gaueko 10etan etxeko zereginekin hasten zenean, aitak telebista aurrean jarrita purua erretzen zuen bitartean. Normala iruditzen zitzaion…”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude