Denak ala inor ez
Denak ala inor ez –
Joan den urtetik bizi garen pandemia hontan, amestutako “biharko mundua” eraikitzeko ahaleginak egiteko prest ote gara, atzoko munduaren arrakalak haunditu baino? Iduri du Europako toki gehienetan oraino ez dutela ulertu prekarioenak prekaritatean utziz, kutsatzea ez dela geldituko. Herrialde txiroentzat xertorik ez bada birusaren hedapena ez dela sekula geldiaraziko.
Mundu mailan begiratzen badugu, hiru estatu mota izan dira pandemiari aurre egiteko joerari dagokionez. Batzuk eliminazio estrategia hautatu zuten: neurriak goiz hartu, kutsakorrak isolatu, dena egin birusa zabaltzen ez uzteko, ahalik eta goizen dena ireki ahal izateko. Estrategia hori erabiliz, ez da txertorik behar, teknika sinpleagoekin eliminatzen baita birusa. Edo birus hain guti utzirik, txerto merke batekin (hots RNAn oinarriturikoak baino eraginkortasun gutiago lukeena) aski litzatekeela. Estrategia hori erabili zuten guti gora behera Asiako herrialde gehienek, baita Australia eta Zelanda Berria ere, Europan Islandia, Norvegia eta Finlandia, eta Kanadako probintzi Atlantiarrak.
Bertze muturrean, buruzagi pistolazale baten peko herrialdeak: Estatu Batuak Trump abiatu arte, Bolsonaroren peko Brasil, Duterteren peko Filipinak, edo Narendra Modiren peko India. Buruzagi horiek erabaki zuten, guti gora behera, babes neurririk ez hartzea eta eritasunaren larritasuna gutiestea, era berean pertsonalki beldurrik ez zutela ozenki aldarrikatuz. Irri egiteko modukoa lizateke heldutasun eskas hori (haurren moduan “même pas peur”) eta ulermen eskas hori (interdependentziaz eta berehalako arrisku sistemikoaz ez ohartzea), ez balitu hainbat bizitza suntsitu. Brasilen 500 000 pertsona baino gehiago, Amazoniako tribu batzuk eta haien hizkuntzak eta kulturak desagertzeko zorian, presidentak hidroxiklorokina promozionatzen segitzen duelarik (edo batzutan klorokina, bertzetan ivermektina, iduriz ez daki ongi baina edozein gauza balio zaio larria omen ez dela errateko).
Darwinismo sozialari aurre egiteko, auzolana
Halere, sarraski honen erdian itxaropen ugarteak izan dira, adibidez Rio de Janeiro hiriko Maré favelan. Auzolanez, ardura kolektiboaz, GKEen laguntzarekin zaintza plan bat egin zuten bertako biztanleek berek, haien beharrak eta auzoaren berezitasunak konduan harturik. Eskala haundiko testak egin zituten, eta positibo zegoen pertsona bakoitzaren hamalaualdian zaintza medikala antolatzen zuten, telefono konexio bat ziurtatu, eta egunero otorduak etxera ekartzen zioten. Bitartean, aldizkari ttiki baten bidez eta sare sozialetan kutsatzeari buruzko informazioa zabaltzen zuten. Ez da errexa izan, baliabide gutirekin, belaunaldi guziak elkarturik bizi ziren etxebizitza ttikietan, baina sekulako emaitza lortu dute. 2020ko uztailan Maré favelan, Rio hiriko gainontzeko auzoetan baino hilkortasun bikoitza zuten, aldiz azaroan auzolaneko zaintza planaren ondoren, Maré favelan Rioko bertze auzoetan baino lau aldiz gutiago hiltzen ziren covid eritasunaz.
Hazkuntza eta autoritatea
Aipaturiko bi estatu mota horietaz gain, badago hirugarren multzo bat, “arintze estrategia” aplikatu zutena, edo bederen hori erran baina neurri desegoki ainitz aplikatu. Bada urte bat baino gehiago birus hori nagusiki aerosol moduan barreiatzen dela badakigula, baina iduri du gune itxien aireberritzeak oraino ez duela inporta, eta nahiago dutela hondartzetan jende taldeak debekatu, lantokietan babes neurriak behar bezala zaindu baino. Hori dena ez baita guziz arrazionala: lanetik kanpo eta kontsumitzen ez duen pertsona talde bat susmagarriagoa izanen da, lantegi batean edo eskola batean dagoen langile edo ikasle multzo bat baino. Lehenei polizia igorriz eta isunak ezarriz, autoritateari iduritzen zaio lan ona egin duela, lehentasuna bigarrenek aire freskoa edo bederen filtratua arnastu dezaten izan beharko litzatekeelarik. Baina horretarako, kudeaketa zientzia aintzat hartuz egin beharko litzateke. Bigarren konfinamendutik ikusi da lehentasuna: lanera joan (babes neurri egokirik gabe) eta bizi sozialan egin ahalegin guziak, hazkuntzaren izenean.
Interdependentzia oraino ez ulertu
Maré favelan ez bezala, iduri du Europako toki gehienetan oraino ez dutela ulertu prekarioenak prekaritatean utziz, kutsatzea ez dela geldituko. Txertoa nahi zuten, baina aberatsentzat bakarrik haien “pass” sanitarioari esker bidaiatzeko (Afrikara purruxka batzuk igorriz ere, itxura emateko baina hango beharrei erantzun gabe). Ez dute ulertzen planeta osoko jende guziak behar bezala txertatu ezean, txertotik ihes egiten duten birus aldaerak selekzionatuko direla, eta arazoak segituko duela, bertze milaka bizitza suntsituz.
Afera hontan, gaurko ikuspegitik, eliminazio estrategia jarraitu zutenak zuzenenak zeudela ohartzen ahal gara: hil gutiago, eri gutiago, langabe gutiago, eta kolektibotasunaren ulermen gehiago.