Kutxa Biraren agurra Urruñan

Kutxa Biraren agurra Urruñan –

2020 eta 2021 urte gogorrak izan dira mundu osoan, izurriteak eta gobernuek hori geldiarazteko asmotan ezarritako lege eta arau aldakorrek populazio osoa inkomunikazio eta isiltasun luzera kondenatu baitute. Euskal Herrian ere, hori dena jasan behar izan dugu: musukoak edo maskak aurpegiak eta sentimenduak estaliz, distantziak zuzeneko harremanak eragotziz, bilkuren eta kultur ekitaldien debekua denon bihotzak eta bizi-nahiak itzaliz… Eta okerrena da, oraindik neurri apalago batez, baina bide horretatik jarraitzen dugula. Noiz arte?

Pertsonen arteko komunikazioa murriztu edota eten da, kulturgintza zulo ilunean ehortzi dugu, jai, bestak eta gainerako ekitaldiak bertan behera utzi…, ez dugu San Ferminik izan, ez Baionako bestarik, ez pastoralik…, deus ere ez. Euskaren aldeko besta handiak oroitzapen hutsak dira, Korrika, Herri Urrats, Nafarroaren Eguna, Durangoko Azoka, ihauteriak, maskaradak, pastoralak, kabalkadak…, den-dena kendu digute, eta egin izan direnak klandestinitatean egin dituzte, ahoz ahoko deiak zabalduz. Tristeagorik!!!

Iparra-Hegoa elkartea iaz bere 25. urteurrena ospatu gabe gelditu zen, baita aurten ere. Ukazio horretan, momentu hits horietan, sortu da irtenbide gisako Bizi Gira, Kutxa Bira! izeneko ekimena, Iparra-Hegoa elkartearen eta Baionako Etxepare Lizeoaren eskutik. Jakina da, Iparra-Hegoak, gaur egun Euskal Herriko herri ainitzetan ekitaldiak antolatzen baditu ere, jatorriz Urruñako eta Segurako herritar kementsuek sortua, bultzatua eta gidatua izan dela hastapenetatik. Hori dela eta, urtero ekitaldi nagusiak bi herri horietan egin izan dituzte.

Hor bazen hutsune emozional bat eta ekimen honen bidez hutsune hori nolabait bete izan zutelakoan nago.

Kutxa Biraren agurra Urruñan

1.- Kutxa Bira zer den

Aipatu ekimenaren oinarria zurezko euskal kutxa bat da, aitzineko aldean Ipar-Hegoaren logotipoa grabaturik duena eta martxoaren 28tik maiatzaren 30era herriz herri eta eskuz esku ibili zena. Osora 80 bat herritan ibili zen. Argentinako Patagoniatik abiatu zen, hango euskal komunitatearen eskutik, eta lurralde urrun haietatik jauzi egin zuen Euskal Herrira. Apirilaren 8an lehen ekitaldia antolatu zuten Baionako Etxepare Lizeoan eta geroztik, gelditu gabe, herriz herri ibili zen, mugak eta ibaiak zeharkatuz, euskal bihotzak piztuz. Herri guzti-guztietan harrera beroa eta kultur ekintzak antolatu zituzten eta herritarrek zein elkarteek beraien ametsak eta desirak barneratu zituzten aipatu kutxan, azken finean, kutxa hori izan baitzen, bi hilabetez, euskaldunen amets eta nahikarien biltoki eta gordeleku ibiltaria.

2.- Kutxa Biraren ibilaldi luzea

Lehen erran bezala, Patagoniatik Baionara etorri zitzaigun, eta hortik Itsasu, Aiherra, Baigorri, Aurizberri, Urdiñarbe, Lixantzü, Lekaroz, Bera, Irun, Hondarribia, Pasaia, Errenteria, Aduna, Irura, Ibarra, Idiazabal, Zerain, Zumarraga, Antzuola, Legazpi, Aretxabaleta, Aramaio, Elorrio, Zeanuri, Laudio, Deustu, Bilbo, Balmaseda, Turtzioz, Algorta, Sopela, Barrika, Plentzia, Gautergiz-Arteaga, Lekeitio, Larrabetzu, Urkabustaitz, Durango, Agurain, Altsasu, Arbizu, Gares, Oibar, Irunberri, Iruñea, Tafalla, Kanpezu, Eskuernaga, Bastida, Argantzun, Trebiñu, Gasteiz, Oion, Viana, Mendabia, Deikaztelu, Sartaguda, Andosilla, Lakar-Arroniz, Lasarte-oria, Hernani, Igeldo, Donostia, Azkaine, Urruña eta Segurara.

Herri horietan guztietan ibiltzeaz gain, apirilaren 10ean, Kutxa Bira Réau-Sud Francilien izeneko frantses kartzelara hurbildu zen bertan preso diren euskal emazte militanteen ametsak eta nahikariak jasotzera. Maiatzaren 13tik 16ra Bartzelonako euskaldunen artean ibili zen, arrakasta handia erdietsiz, eta maiatzaren 29an, azkaindarrek murgiltze sistema legez kanpo utzi zuen frantses legearen aurka Baionan izan zen manifestazio jendetsura eraman zuten. Ametsak amets eta itxaropenak itxaropen, maiatzaren 29ko arratsaldean, gure kutxa ameslaria Urruñara iritsi zen. Han jende ainitz zegoen bere aiduru.

3.- Maiatzaren 29an Urruñan

Maiatzaren 29ko larunbata egun berezia izan zen Urruñan. Goizean izurriteak baimendutako eta udal gobernu berriak antolatutako lehen merkatu eguna izan zen herriko plazan. Goiz-goizetik azaldu ziren barazkiz, lukainkez, gasnez eta beste zenbait elikagaiz beteriko salmahaiak.

Saltzaile gehienak lapurtarrak baziren ere, bertan bazeuden ere Iruñea aldetik etorritakoak. Giro polita zegoen Urruñan eta ainitz izan ziren salmahaietara aipatu ekoizkinak ikustera, dastatzera eta erostera hurbildu ziren herritarrak. Hamaiketan mutxikoak izan ziren herriko etxearen aitzinean, eta plaza jendez mukuru egon zen. Tabako bulegoaren izkina batean, Urrunaga elkartekoak Urruñakultur aldizkariaren lehen zenbakia saltzen ari izan ziren.

Ordu bietan herri bazkaria Berttoli elkartean eta bazkalondoan, Kuxkuxtu txarangaren laguntzaz, ohiko kantu ederrak abesteko aukera paregabea izan genuen.

Arratsaldeko 4,30etan jendea Herriko Etxe aitzinean biltzen hasi zen euskarazko murgilketa debekatzen duen lege berriaren kontra protesta egiteko. Hirurehun bat bildu ginela uste dut, tartean Urruñako eta Segurako auzapezak eta bi herrietako hainbat hautetsi zirelarik. Bi banderola ikus zitezkeen jende artean. Lehenak “Frantziak euskara erail nahi du”  zioen eta bigarrenak: “Euskara murgiltzea behar du”.

 Bostetan, Arotzenia ostatu aurrean bildutako dantzari gazteek karrikaldi edo desfileari hasiera eman zioten. Buruan, Kuxkuxtu txarangakoak zihoazen beren musika-tresnak gogotik astinduz, eta segidan aipatu bi banderolak zeramatzaten kaskarotak, sorginak, zirtzilak, hartz adarduna eta erraldoi koloretsuak. Kutxa Biraren kantu airosak bazterrak eta dantzarien urratsak alaitzen zituen. Honela zioen behin eta berriz: Baionatik Segurara / Deikaztelutik Viedmara / eskurik esku, kutxaren baitan herri gara. // Egin adina egiteke / baina ekinez lor daiteke, / ahorik aho / kutsa daitezen kutxa bete. / Orroz jorra urrez urra, / elea erein ta landa / hitza bada gure lurra / adar oro erroan da. // Aztarna ahaztuen lokarrira / urrats berri biziz lotu gira / herririk herri / laxa dezagun Kutxa Bira.

https://www.facebook.com/kanaldude/videos/949266449192875/


Eguneko kronika – Kanaldude

Kutxa Biraren agurra Urruñan


 4.- Kutxari egindako harrera beroa

Kantu eda dantza artean, desfilea Urruñako plazara iritsi zen eta  hortik aitzina karrikaz karrikako ibilaldi luzea eginez ibili ziren. Plazara itzultzen ari zirela, Soldadu Hilen Oroitarriaren parean zeudela, Baionako manifestaziotik zekarten kutxa ameslaria iritsi zen. Urruñako auzapez Filipe Aramendik eta Segurako alkate Izarra Urdailetak kutxa jaso eta, bien artean eramanda, herriko plazara sartu zuten. Elizaren aitzinean, urruñar ikasle gazteek hartu eta herriko etxe aitzinean prest zeukaten agertokiraino eraman zuten, ordurako  plaza betetzen zuten urruñarren txaloak sortaraziz.

Oholtza baten gainean musikariak kokatu ziren eta haien aintzinean ezarritako mahaian, ikurrin handi eta eder baten gainean, kutxa ezarri zuten. Jarraian Urruñako semea den Odei Barroso bertsolariak, bertso sentikor batez, kutxaren etorrera agurtu zuen, eta ondoren, Olibier Duperouk kutxa  ireki eta ibilaldi luze osoan zehar, barnean zeraman Amets Arzallusek egin mezua atera eta ozenki irakurtzeari ekin zion:

Lur hau ez da gure jabetza, / bizi garen lur hau guretzat zelako promesa / ez zuen inork egin, /  ez zigun inork hitz eman. / Hitza guk eman genion lur honi / auskalo noiz eta nondik / hona iritsi ginenean / babes beharrean. / Hemen landatu genuen gure hitza, / eta landare hartatik sortu zen / harreman sare mugagabe bat, / orain gure herria deitu dezakeguna, / Euskal Herria / euskara eman eta hartzen duen jendea. / Hizkuntza da, oraingoz, / munduak eskaini digun bizileku bakarra,  / hitza da gure lurra.

Horren ondotik, ikastolako bi haurrek bertso bana bota zuten eta ikastolako beste zenbait haurrek bizpahiru kantu eskainiz jarraitu zuten. Hauek bukatu zutelarik, Urruñako auzapezak hitza hartu zuen, euskarazko murgiltzearen aurkako lege berria gogorki gaitzetsiz, eta Kutxa Birari harrera beroa eginez. Segidan gauza bera egin zuen Segurako auzapez andereak. Bukatzeko, bi auzapezek, batera, bi herrien arteko harreman ofiziala iragarri zuten. Bazen tenorea! Urruñako eta Segurako herritarrek aspaldiko harreman handia izan dute, eta orain arte, bederen, adiskidetasunezko harremanak baizik ez ziren izan. Beraz, bazen garaia nolabaiteko ofizialtasuna emateko.

Ondoren, Hazia euskal kultur elkarteko gazteek makil-dantza eta zirtzil-dantza eskaini zituzten. Hartza ere hor ibili zen bazterrak etengabean nahasten. Jarraian dantzari guztiek batera, soka-dantza alai eta airosa egiteari ekin zioten. Hauek bukatzean, elkarteetako ordezkari batek beraien ametsak eta nahikariak jasotzen zituen mezua irakurri eta gero kutxan sartu zuen. Horratx aipatu mezua:

 

Amesten duen herria ez da nehoiz hilen

 

Horrelako zerbait erran zuen noizbait olerkariak

eta egia dela aitortu behar diogu.

Euskaldunok ameslariak gira,

lana, borroka eta ametsak uztartzen

betiro jakin izan ditugunak.

Horregatik gaude hemen bizirik,

eta bizi nahian.

 

Urruñan ere, egun oroz amesten dugu

ukatu diguten askatasunaz,

baztertu diguten mintzairaz,

gure nortasun kolpatuaz,

lurraren garestitze ikaragarriaz,

gure gazteendako etorkizun hitsaz…

eta amesten segituko dugu,  

ametsak errealitate bilaka daitezen,

gure herrian goxo eta libre bizi gaitezen,

laborariak laborari, langileak langile

eta gazteak etorkizun argi baten jabe.       

 

Ez dugu negarrik egiten,

ez gira alferrikako malkoetan itotzen,

ez dugu gure malurra kantatzen,      

ez ditugu hil-ezkilak astintzen…

amets egiten dugu,

amestutakoa betetzen saiatzen gira,

une oroz, gaur eta beti, egun eta gau,

eta amets egiten dugulako,

ametsei bidea zabaltzen diegulako

badakigu utopia guztiak gainditzen.

Gaurko ametsa biharko errealitatea,

gaurko ahaleginak biharko ahalbideak,

eta gaurko sufrikarioa biharko garaipena izanen da.

 

Urruñak nahi du bizi, nahi du herri bizia izan,

zahar eta gazte loriotsuen herria,

akabo zapalketa!

akabo lur eta etxe espekulazioa!

akabo frantseste politika sistematikoa!

Akabo euskararen kontrako epaile eta konstituzio arrotzak!

akabo birus eta izurrite gaiztoak!

akabo euskal presoak kartzeletan!

Amets egin dezagun gaur,

kateak hautsi ditzagun

bihar libre izateko gisan.

 

5.- Kutxa Segurarako bidean

Jadanik arratseko zazpiak ziren eta ekitaldiari amaiera emateko plazan ginen guztiok “Aberriaren mugak”  kantatu genuen agur eta aldarri gisa. Rafu txirrindulari eta hautetsi gazteak kutxa jaso eta bizikletan prestaturik zeukan atoian ezarri zuen, ikurrin baten gainean. Berak eraman behar zuen igande goizean Seguraraino, seguratarrek azken agurra eman ziezaioten.

Gero gerokoak, ostatuetako terrazaz jendez gainezka, euskal kantuak nonahi, giro alaia herrian. Zorigaitzez, legeak horrela aginduta, ilunabarreko bederatzietarako denok etxean egon behar genuen.

Igandean, aipatu txirrindulariak kutxa ameslaria Segurara eraman zuen eta hortxe bukatu zen Kutxa Biraren ibilaldi luze-xarmangarria. A zer abentura! Kutxa hori euskaldunon amets eta eskakizunez lepo dago, bete-beterik, denborak bidera ditzala eta errealitate bilaka daitezela. Hori da denon desira, bederen.

Ez dut kronika moduko hau bukatu nahi halako ekimen ederra antolatu dutenak zoriondu gabe. Beraientzat gure esker ona. Biba zuek, biba Kutxa Bira eta gora Euskal Herri ameslaria!!!

Urruñan, 2021eko ekainaren 7an

Kutxa Biraren agurra Urruñan Kutxa Biraren agurra Urruñan Kutxa Biraren agurra Urruñan Kutxa Biraren agurra Urruñan Kutxa Biraren agurra Urruñan Kutxa Biraren agurra Urruñan

Euskaltzalea eta irakasle-ohia