Dena dago egiteko eta dena dugu posible
Dena dago egiteko eta dena dugu posible
Josu Lezameta Jozulinen Baga, Biga, Bloga ataritik orain hiru urteko sarrera berreskuratu dugu, atzo Katalunian jazotakoa aitzakia hartuta, herriari omenaldi gisara.
Badira testuak atoan sorgintzen zaituztenak. Eta lehen aldiz entzunda ere eztarrian korapiloa sortzen dizutenak. Hemen entzun nuen, Sílvia Bel-en ahots eta Lluís Llach-en pianoan, eta jarraian euskaratzeko gogoa itzela etorri.
Hona emaitza:
Oraintxe bertan
Oraintxe bertan albainutzen dut orratz hau
isiltzen dudan asmo baten hariaz
eta adabakiak josten hasi.
Azti ospetsuek iragarritako mirakulurik
bat ere ez da bete, eta urteak arin doaz.
Ezerezetik gutxira, beti haize kontra,
a ze bide luzea, estualdi eta isiluneena.
Eta gauden lekuan gaude, hobe jakitea eta esatea,
oinak lurrean bermatu eta oinordeko garela aldarrikatu:
Zalantza eta ukoen garai baten oinordeko,
zaratek hitzak itotzen dituzten garai baten oinordeko,
eta ispilu ugarirekin desitxuratzen bizitza.
Ezertarako ez digu oroiminak edo aieneak balio,
ezta kalera irteteko malenkonia axolagabetzat
janzten dugun jertse edo gorbatak ere.
Duguna dugu, doi; eta nahikoa:
historian zehatz dagokigun espazioa eta lurralde ñimiño bat berau bizitzeko.
Zutitu gaitezen berriro, entzun dadila argi eta handitasunez.
Nor garen egin dezagun oihu eta denek entzun dezatela.
Eta amaitzean, nor nahierara jantzi dadila eta, jalgi plazara!
.
Zeren dena dago egiteko eta dena dugu posible.
______________________________________________________________________
PS: Nire ezjakintasun entziklopedikoaren adierazle (beste bat), ez nituen “Ara mateix” poema eta Miquel Martí i Pol egilea ezagutzen. Aurkikuntza handia, eta etorkizunerako, segur naiz, plazer askoren iturri.
Zalantza handiak izan ditut euskaratzean, katalanez ez baitakit sobera eta, gaztelaniazko bertsio pare bat behintzat begiratu ostean, batzuetan hirugarren bidea hartu dudalako. Ausardia handiz, esan beharrik ez dago.
Bitxia da, esaterako, Azken aurreko lerroko ‘Via fora!’ esaldiaren esanahia eta jatorria, gaztelaniaz ‘¡Adelante!’ melenga batez itzulita ikusi dudana. Zalantza malantza ibili ondoren, ‘Jalgi plazara!’ itzuli dut, hemen ere soberako ausardiaz. (ez, ez dizuet nik argituko esanahia, baina hemen aurkituko duzue).
Esan beharrik ere ez dago, baina itzulpena hobetu dezaketen aholkuak ongi etorriak eta hobeto eskertuak izango dira.
.
Hona hemen testu –eta kanta– eder hau hizkuntza eder horretan:
.