Iritsi da eguna

Iritsi da eguna –

Iritsi da eguna

Urteak daramatzagu une hau iragartzen. Ez esan abisatu ez genuenik. Kataluniako prozesua etengabe gutxietsi dutenen ahotsak isildu dira, errealitateak irentsita. Irailaren 27ko emaitzen gehiengoaren zilegitasunarekin, erabateko desobedientziari ekin dio Generalitateak independentziaren bidean, Espainiako epaitegi gorenen aginduei muzin eginez. Madrilek errepresioaren bidea hartu du Kataluniako parlamentuak antolatu behar duen urriaren 1eko erreferenduma galarazteko. Salbuespen egoera ezarri du de facto Madrilek, auzitegi politizatuen legeetan babestuz, Kataluniako herriaren sektore handi bat jazarriz.

Kataluniako goi karguak atxilotu, gobernuen sailetan Guardia Zibila sartu, 712 alkate epaitegietara deitu, webguneak itxi, ekitaldi politikoak debekatu, kartelak eta botopapereak harrapatu… Eskubideen marra gorria urratzen ari dira, gero eta urrutirago orduak pasa ahala. Praktikan Kataluniako autonomia ere bertan behera utzi dute hein handi batean, diru iturri guztiak etenda eta kontuak blokeatuta. Hori dena, konstituzioko 155. eta 2. artikulua aktibatu egin gabe ere, Carles Puigdemont presidenteak salatu duen bezala.

Espainiaren erantzun irmoaren aurrean herri altxamendua gertatzen ari da, gobernuarekin bat eginda. Milaka eta milaka katalan kalean daude  poliziaren ekinbideak galarazteko asmoz, erresistentzia baketsuan. Soilik azken 48 orduetan bidalketa enpresen inguruan eseri dira, alderdi politikoen egoitzak babesten ari dira, Guardia Zibilen ibilgailuak bereganatu dituzte, eta “estatu kolpea” salatzen ari dira, Votarem, Votarem oihuekin. Politikarietatik haratago hedatu diren adierazpenen tentsioa –Bartzelona futbol taldearena azkena– plazara jaitsi da, Kataluniako herri eta hirietara, Generalitatearen alde eta Espainiako estatuaren kontra. Gizarte zibilaren erantzuna sektore guztietatik dator: sindikatu, kirol talde, kultura… Gaurko egunez bartzelonar asko lanetik irteteko irrikitan daude, mobilizazioetara batzeko.

(Ikusi zuzenean TV3 Kataluniako telebista publikoan) 

Iritsi da eguna1978an espainiarrek Konstituzioa onartu zutenetik gertatu den krisi politiko sakonena da. Gobernu autonomiko bat estatutik deskonektatzen ari da –lege propioak onartuz, Espainiari desobedientziaz–, herri bat matxinadaren tamainako ekintzak gauzatuz. Madrilen erantzun poliziala matxinada horren neurrikoa da, epaileen aginduz poliziek dozenaka erakunde ofizial eta kaleak hartuta.

Mundua begira dago, sinistu ezinda nola Europako Batasunean talka politiko batek hartu duen errebolta forma. Herritarrak, batzuk harri eta zur gertakarien handiak paralizatuta, besteak aztoratuta, eguneroko enkarguak alboratu eta matxinadan parte hartzeko prest. Ezinezkoa dugu gertakizunen bilakaera ezagutzea.

Urriaren 1ean bozkatuko da independentzia Katalunian? Akaso galdera honek iraungitze data hurbila du, poliziaren jarduna ia ezinezko bihurtzen ari baita antolaketa egokia. Egunero hainbeste dira abiadura zoroan abian dauden salbuespenezko gertakizunak ezen ezin aurreikus daitekeela biharamunean datorrena. Zein fitxa mugimenduko da hurrena? Dena kontrolpean duten itxura ematen dute Espainiako eta Kataluniako agintariek, baina txinparta su bihurtu daiteke edozein tokitan. Hitzetatik ekintzerara pasata helduko dira besteak. Iritsi da eguna. Iraultza demokraktikoa omen. Piztu irratia, ireki Twitter, historia gertatzen ari da.

Iritsi da eguna

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

2 pentsamendu “Iritsi da eguna”-ri buruz

  • Gertatzen ari dena auskalo nora bukatzen den. Nire apostua: Espainiak indarra erabiliz (armada kalera aterata, behar izanez gero) erreferenduma eragotziko du hautestontziak bahituz eta bozkalekuak okupatuz. Ezin izango dituzte bozkaleku guztiak hartu, baina Bartzelona setiatuko dute, partehartzea ikaragarri jaitsiz. Makina bat lider independentista atxilotuak izango dira eta Madrilgo espetxeetara eramanak. Tentsio egoera handiak biziko dira, eta agian istiluak, ezker iraultzailearen jarrera gorabehera. Zauritu eta hildakoak egon daitezke kasu horretan, Espainia ekiditen saiatu arren. U1 ondoren zalaparta egongo da, mobilizazio andana, baina Katalunia ez da independizatuko. Alderantziz, daukan autonomia apurra galduko du. Nazioarteak kritika gogorrak egingo dizkio Espainiar gobernuari, baina bai EBn eta bai NATON jarraitukl du, zigor sinbolikoren bat edo beste jaso arren.

    Katalunia aberatsegia da joaten uzteko, eta Espainiak bere arte txar guztiak erabiliko ditu hala izan ez dadin. Hemen egin dituztenak eginda iada ez nau ezerk harrituko. Independentista katalanek mobilizazio gaitasun jarrai eta indartsua erakutsi beharko dute nazioartetik ahalik eta babes gehien jasotzeko, hor baitago asko jokoan. Espainiaren proiektua inongo sinesgarritasunik gabe geratu da dagoeneko, ikusteke ea horrek nola eragiten duen gurean. EAJ kezkatuta dago bere PPren babesak nola eragin ote diezaiokeen, baina ez dirudi EHBildu aferari behar bezala eusten ari zaionik. Nahiko erantzun epela ari gara ematen abertzaleok, auskalo katalanek zer pentsatuko duten

  • euskaldun bat 2017-09-20 21:56

    Katalunia egiten ari den legehaustea babesten duten iruzkinak onartuz ZUZEU legalitatea hausten egon daiteke.