Calbuco sumendiaren azken iratzartzea
Calbuco sumendiaren azken iratzartzea
Txile hegoaldean bizirik den sumendi bat da Calbuco, bi mila metro ingurukoa, Llanquihue laku ondoan dagoena. Iparraldeko magalean Puerto Varas du, eta hegoaldekoan berriz, Puero Montt. Aipatu bi hiriguneak sumenditik 30 kilometro eskasera daude.
1972an doministiku antzeko bat izan bazuen ere, errautsa jaurtita, 1961eko urtarrilaren 27an piztu zen azkeneko aldiz sumendia, Txileko arriskutsuenetakotzat hartua dena. Kea jaurti zuen lehenengo, eta eztanda egin eta erupzioak izan zituen gero, martxoaren 10ean.
Geroztik lozorroan izan da lau hamarkadaz, harik eta…
Iragan apirilaren 22an, eta lurrikara saldo baten ostean -140 astindu bi ordutan, handiena Richter eskalan 2,5 gradukoa- arratsaldeko seiak jotzeko zirela, berriro pizte ikusgarri bat izan zuen Calbucok. Biharamunean goia joko zuen iratzartzeak; sei orduz mantendu zen bizi-bizi eta gorantza hamabost kilometrotara arteko ke zutabeak sortu zituen, laba zein harri goriak jaurtiz. Guztira, hiru egunez, 210 milioi metro kubiko errauts jaurti zituen sumendiak atmosferara -metro kubiko bakoitza tonelada ingurukoa ei da!-.
Hamar mila lagun inguru ebakuatu behar izan zituztenĀ guztira, erdiak Ensenadan -350 bat etxe izan ziren kaltetuak eta inguruko ekonomiaren %30 galdu omen zen-. Herri honetan, metro batera arteko hausterrea izan zuten.
Azken eztandaren ondoren, Calbucoren geomorfologia arras aldatu ei da, eta orain handiagoa du kraterra.
Calbuco sumendiaren esnatzea bertatik bertara bizi izan zuten Jonas Dengler eta Martin Diablos-ek, bideoaren egileek, ondoko Osorno sumendian -lerro zuzenean 20 kilometro ingurura ei dago- egin baitzuten izarrazpiko gaua, timelapse-ak egin guran. Biharamunean, teleferikoan bajatu eta hegoaldera joz ferrya hartu zuten Patagoniarako bidean. Handik gutxira piztu berria zen sumendiaren errauts onddoa ikusi zuten, eta gertakaria grabatzea deliberatu. “Inoiz ikusi izan dugun ikuskizunik sinestezinena da, bizitzan behin aurkitzen duzun horietakoa. Pozik gara bere gorenean harrapatu ahal izan dugulako”.
Aurretik ere, inoiz ikusi ahal izan dira sumendien irudi ikusgarriak ZUZEU-n: