Asier Altunaren “Amama” filma, Zinemaldiko lehia nagusian

“Filmak baserria du kokagune nagusi”, jakinarazten digu Altuna zuzendariak. “Baserria hiltzear dago, eta baserriarekin batera bizimodu bat bukatzen ari da, baita izateko era bat ere, munduan kokatzeko modu jakin bat. Ni mundu horretakoa naiz, kate horretako parte naiz. Nik dakidan arte, nire aurreko guztiak baserriari lotuta egon dira. Ni ere, modu batera edo bestera, baserria naiz. Azken hamarkadetan baserrian gertatu diren belaunaldien arteko apurketak eta baserria utzi eta kalera jaistea, hori dena, oso ondo ezagutzen dut. Nik ere bizi izan dut filmean kontatzen dena, nahiz eta `Amama´ bere horretan erabat fikzioa den”.
.
“Amama”, Altunaren esanetan, “pertsonaia bat gehiago da, baina esangura berezia du. Amamak gure aurreko amona guztiak irudikatzen ditu. Gure memoria da. Belaunaldiz belaunaldi igaro den jakituria guztia bere baitan duela dirudi. Edertasun eta duintasun handiko pertsonaia da. Ez du hitz egiten, ez hitzekin behintzat, baina bai begiradekin. Balio sinbolikoa handia duen pertsonaia da”.

.Asier Altunaren "Amama", Zinemaldiko lehian

 .

Zinemaldiko beste “euskal” filmak

Altunaren lanaz gain, eta Zinemaren Akademian jakitera eman dutenez, hauexek dira Donostiako Zinemaldian proiektatuko diren euskal filmak, edo gutxienez euskal parte-hartzea izan dutenak, Maialen Goñik Zinea.eus atarian aztertu dituenak:

.

  • Mi gran noche

Alex de la Iglesia bilbotarrak, ostera, Raphael abeslaria eta beste dozena bat aktore bildu ditu Urte Zaharretako telebistako programa baten grabaketari buruzko filma osatzeko. Hala dio aurkezpen testuak: “Langabezian dagoen Jose, Urte Zaharretako programa berezi batean figurante gisa lan egitera bidaliko du aldi baterako laneko enpresak. Abuztua da. Josek bezalaxe, ehunka pertsonak aste eta erdi daramate gau eta egun ezin aretotik atera, barrezka ari diren itxurak egiten, urte berriaren gezurretako etorrera inozoen moduan ospatzen”. Lehiaketatik kanpo izango da ikusgai, Sail Ofizialean. Gaztelaniaz.

.

  • Pikadero

Erresuma Batuko Ben Sharrock zuzendariak eta Irune Gurtubai elorriarrak osatutako lanak bikote gazte baten harremanean krisiak duen eragina pantailaratuko du. “Dirurik ez duen bikote batek arazo larriak izango ditu gurasoen etxean ezkontza-eginbideak betetzeko. Zailtasun horiek kolokan jarriko dute amiltzen ari den ekonomiatik askatzen saiatzen ari den amodio-historia bat”. Barbara Goenaga eta Joseba Usabiaga dira filmeko protagonistak. Zuzendari Berriak sailean proiektatuko dute. Euskaraz.

.

  • Lejos del mar

Imanol Uribek ETAko kide ohi baten eta bere biktima baten alabaren arteko harremana aurkeztuko du Lejos del mar filmean. “Santi kartzelatik aterako da eta hegoaldera bidaiatuko du, Emilio ikusteko. Kartzelako kide izandako lagunak gaixotasun terminal bat du. Ustekabean Marinarekin egingo du topo; lagunaz arduratzen den medikua da. Santik topaketa izugarria izan zuen harekin hainbat urte lehenago, eta horrek bien bizitza markatu du ordutik”. Sail Ofizialeko proiekzio berezietako bat izango da. Gaztelaniaz.

amama, asier altuna, Sekzio Ofiziala, Txintxua films, Zinema euskaraz, Zinemaldi

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude