Burua hotz eta bihotza bero (Brasilgo brigadaren lehen kronika)

Burua hotz eta bihotza bero (Brasilgo brigadaren lehen kronika) –

Burua hotz eta bihotza bero (Brasilgo brigadaren lehen kronika)MSTren bandera ez dago goraino igota Florestan Fernandez Eskola Nazionaleko formazioaren eta mistikaren plazan. Gaur iritsi gara eskolara, baina harritu egin gaitu MSTren zein Via Campesinaren banderak erdiraino soilik igota ikusteak, eta galdetu egin diegu: “Zergatik?” Bezperan MSTko militante bat hil zutela kontatu digute, auto batekin nahita harrapatuta uraren aldeko protesta batean parte hartzen ari zela. Horregatik, hildako militantearen omenez eta dolua borroka tresna bihurtzeko konpromisoz, banderak ez dituzte goraino igo.

Ordu batzuk nahikoa izan dira Brasilera zein une historiko gordinetan iritsi garen ulertzeko. Eraldaketa sozialaren aldeko mugimenduak, eta bereziki, MST jasaten ari diren errepresioa handitzen ari dira Jair Bolsonarok Brasilgo presidentetza hartu zuenetik.

Azken hilketa hau Valinhos hirian gertatu zen, Marielle Vive kanpamentuko kideak ur-hornidura eskatzeko manifestazioa egiten ari ziren lekuan bertan. Bizilagun batek autoz harrapatu zuen Luiz Ferreira 72 urteko MSTko kidea, eta ondoren, hilketaren egileak aitortu egin zuen berak nahita harrapatu zuela. Bolsonaroren gorroto mezuek horrelako ekintzen zilegitasuna zabaldu dutela azaldu digute, edonork sentitzen duela horrelako sarraski bat egiteko zilegitasuna.

MSTk deituta, Luiz Ferreiraren hilketa salatzeko protesta egin zuten Valinhos hirian, eta bertan parte hartu genuen guk ere, Florestan Fernandez Eskolako beste hainbat lagunekin batera. Ondoren, Marielle Vive kanpamentua ezagutzeko aukera izan genuen; orain dela urte eta erdi Brasilen erail zuten Mariele Franco ekintzaile feministaren omenez jarri diote izena oraindik urtebete inguru duen kanpamentu honi. 1.000 familia baina gehiago daude bertan akanpatuta lurraren aldeko borrokan; euren egoera legeztatu eta asentamentu bat lortuko dutenaren ziurtasunez. Hori baita MSTren estrategia hurrengo kroniketan hobeto azalduko dugun moduan. Esan bezala, manifestaziotik bueltan joan ginen bertara, eta ez ginen bakarrak izan, geure harridurarako beste hiru autobus bete jende ere etorri ziren gure atzetik. Denentzat bazkaria zuten prest: ehunka lagun, iladan, eta denentzat arroza, babarrunak eta haragi platerkada. Hasi gara ulertzen MSTren antolakuntza maila noraino iristen den.

.

Burua hotz eta bihotza bero (Brasilgo brigadaren lehen kronika)MST, 35 urte lurraren aldeko borrokan

Praktikan ikusten ari garenaren jatorria hobeto ulertzeko atzera egin beharra dugu. MST, Movimento dos Trabalhadores Rurais Sem Terra, Lurrik Gabeko Nekazarien Mugimendua da. Lau urteko haurdunaldiaren ostean, 1984.urtean sortu zen “Lurra lantzen duenarena da” lemapean, eta ordutik Brasilen nekazal erreforma bat egiteko beharra aldarrikatzen dihardu. Lurren okupazioaren bidez lurjabe handiek lantzen ez dituzten lurrak nekazarien eskuetara itzuli daitezen.

Hala ere, ez da egun batetik bestera sortu den mugimendua; 1531.urtean Portugalen kolonizazioaren garaian, jatorrizko herrien aurkako genozidio bortitzaren bidez, kolonizatzaileak lurrez jabetu ziren, ordura arte lantzez zituztenei kenduz. Garai hartatik hona, Brasilen bizirik egon da lurraren aldeko mugimendua, eta hainbat esperientzia eta borrokaren eragina izan du MSTk: Ligas Camponesas, ULTAB (Uniao dos Lavradores e Trabalhadores Agrícolas do Brasil) eta Master (Movimento dos Agrícultores Sem Terra), besteak beste.

Hiru ardatzen baitan egiten dute lan: lurraren aldeko borroka, nekazal erreforma herritarra eta eraldaketa soziala. Hiru oinarri horien alde lan egiteko oso garrantzitsutzat jotzen dute militanteen formazioa. Zentzu horretan, 2005.urtean pauso garrantzitsua eman zuten: Florestan Fernandez Eskola Nazionalaren sorrera. Eta zorionez, brigadaren lehen egunak bertan igaro ahal izan ditugu.

Lana eta borroka bizitzaren oinarri

Florestan Fernandez Eskola Nazionala MST mugimenduak koordinatzen eskola politikoa da. Sao Paulo estatuan dago eta 2005ean inauguratu zuten latifundisten eta kapitalaren aurka, eta mundu justuago, demokratikoago eta parekideago baten alde. Mundu osoko langileen eskola internazionalista da, sozialismoaren eta herrien independentziaren aldeko borroka ardatz duena.

Sorrera

1.200 lagunen lan militanteari esker eraiki zuten auzolanean, MSTko milintanteen eta nazioartetik etorritako brigaden artean. Finantzazioari dagokionez, Brasilgo zenbait artistek beren lanen egile eskubideak saldu zituzten: Sebastiäo Salgadok argazkiak, Saramagok testuak eta Chico Buarquek musika. Eta ekarpen hauei esker eraiki ahal izan zuten eskola.

Iritsi garen momentutik, harritu gaitu eskolaren tamainak eta antolakuntza mailak. Eskola hau da MST mugimenduak formaziori ematen dion garrantziaren erakusle: ezinbestekotzat jotzen dute militanteen formazio politikoa benetako eraldaketa soziala lortzeko, eta argi daukate iraultza hori militanteen eta mugimenduaren oinarrietan daudenengandik etorriko dela.

Eskola hau erreferentea da Latinoamerika zein mundu osoan: MSTko kideek kudeatzen badute ere, kontinente osoko mugimendu iraultzaileetako militanteek jasotzen dituzte formakuntza eskolak bertan. Eskolan pasa ditugun egunetan, El Salvador, Argentina, Kuba, Venezuela, Hego Afrika, Maroko, Blangadesh eta beste hainbat herrialdetako lagunak ezagutu ditugu.

Eraldaketa sozialen aldeko borrokan diharduten pertsona militanteak sortzea eta hauei borrokak aurrera eramateko tresnak eskaintzea da helburua. Bestetik, beren herrialdeetan formatzaileak izango diren pertsonak formatzeko ikastaroak eskaintzen dituzte.

Metodologia

Eskolak metodologia pedagogiko propioa du: lurrik gabeko mugimenduaren pedagogia. Pablo Freireren teorian oinarrituta dago, baina euren ezaugarri eta helburu estrategikoetara egokitu dute. Etengabeko formazioa eskaintzen dute bertan: ez da eduki teoriko eta ikasgai magistraletara mugatzen. Metodologia hori bera jartzen duten praktikan MST mugimenduko kideek okupatutako akanpamentu zein asentamentuetan.

Hauek dira lantzen dituzten dimetsio pedagogikoak:

  • Ikasketak: garai historiko, sozial eta politikoen analisi kritikorako gaitasuna garatzea ezinbestekotzat jotzen dute.
  • Lana: lanaren ulerkera kapitalistarekin hautsi, eta lana bera bizitzarako ikasketa prozesu gisa ulertzen dute: “Etengabe ari gara lanean, bizitzarako behar ditugun oinarri materialak sortzen”. Beraz, lanak dimentsio eraikitzailea du.
  • Antolakuntza: “Oinarri nukleo” izeneko taldeetan antolatzen dira (7-10 pertsona) eskolan dauden kide guztien eguneroko beharrei erantzuteko.
  • Mistika: egunari hasiera emateko, sorkuntza, aldarrikapen politikoak zein sentimenduak nahasten diren momentu berezia da. Eskolako militante guztiek hartzen dute parte.
  • Arte eta kultura iraultzailea aldarrikatzen dituzte.
  • Balio sozialista eta humanistak: dimentsio pedagokiko moduan lantzen dituzte eta balio burgesak (indibidualismoa, berekoikeria, matxismoa, arrazismoa zein homofobia, besteak beste) gainditzea da beren helburua.

Eskolako pedagogiaren baitan borrokak berak formatzen ditu pertsonak. Martxak, protestak, lurren okupazioak, formazio bide nagusia dira: “Borrokan hazi eta hezten da pertsona”. Aldi berean, ezinbestekotzat jotzen dute formazioa kontzientziak esnatu, alternatibak ikusarazi eta jendearen bizitzeko moduak oinarritik aldatzeko.

Burua hotz eta bihotza bero (Brasilgo brigadaren lehen kronika)

Antolakuntza

Eskolan dauden irakasle guztiak boluntarioak dira: unibertsitateetatik datozen irakasleak, MSTko formatzaileak zein beste ezkerreko mugimenduetako kideak. Bestetik, bada eskolan bertan bizi den talde bat, bertan lan egiten duena eta eskolaren aspektu pedagogikoez, azpiegiturez zein garraioaz arduratzen dena. Bi urtez aritzen dira bertan lanean.

Gainontzekoak sartu irtenean dabiltzan ikasle eta irakasleak dira, baina denek hartzen dute parte eskolan dauden lanetan. Euren ikastaroaz gain, denek egin behar dute lan praktikoa. Lan praktikoa bi zatitan banatzen dute: beharrezko lanak eta lan militantea. Eskolaren funtzionamendua aurrera eraman ahal izateko lanak dira beharrezko lanak: komunen garbiketa, janaria prestatzea, etab.

Lan militantea, berriz, ez da soilik formakuntza saioak jasotzea. Produkzioarekin, zerbitzuekin (arropen garbiketa, eskolaren garbiketa orokorra), pedagogiarekin (liburutegia, komunikazioa) eta administrazioarekin lotutako lanak dira. Egunero, ikasle bakoitzak ordu eta erdi igaro behar ditu lan hauek egiten. Ez da ikasketa teorikoa bakarrik, bizitza militantean egin behar dituzten lan ezberdinak egiten dituzte.

Eskola hau da MST mugimenduaren bihotza, mugimenduaren bizitza eskola honetan hasten delako. Baina zer da MST mugimendua? Hurrengo kronikan saiatuko gara egun hauetan jaso dugun guztia laburbiltzen!

Burua hotz eta bihotza bero (Brasilgo brigadaren lehen kronika) Burua hotz eta bihotza bero (Brasilgo brigadaren lehen kronika)