Realek errealak Realari (edo putetxeko ligeak)

“Reale Seguros izango da futbol estadio baten naming eskubideak lortzen dituen lehenengo aseguru etxea Espainian”. Zoriontzeko moduko mugarri honekin pozez txoratzen behar dute realzaleek. Datozen sei urteetan Anoeta ez da Anoeta izango. Zu jaio zaitezke Iñigo, baina gero jarri nerabezarorako Jon Ander, Madrilera ikastera zoazenean Jaime eta zahartzen zarenerako Peru. Edo izen zatarrak aukeratzen jarrita futbol estadioari jarri Reale Seguros Stadium. Spanglish a full. Hemen ez dago euskarazko akatsik, izorrai. 

“Guretzat, benetako ohorea da gure marka Reala bezalako futbol talde baten estadio garrantzitsuarekin lotzea”, adierazi du Ignacio Mariscalek, Reale Seguros aseguru etxeko kontseilari ordezkariak. Meritu moduan saldu du erosketa bat, eta begiratzen diot putetxera joan eta ligatu duela kontatu didan gizonari bezala.

Real Sociedad-en webgunean albistea irakurri, behin eta berriz, eta elefantea ez da agertu ere egiten. “Estadioa konpainia kaudimendun eta fidagarri batekin lotzen ari garela”, azaldu du Aperribay-k, eta ez da argi gelditzen ea Realak ordaindu dion Realeri ala Realek Realari. Edo, besterik gabe, bi maiteminduen arteko ezkontza den.

Mezuak ez du zalantzarako tokirik uzten: dirurik bada tartean, ez aitatu ere egin. Euro, yuan edo erreal. Nagusien kontu itsusiak alboratu, zaleok gelditu zaitezte gezur izateko ahaleginik ere egin ez duen gezurrarekin. Esaten ez dena ez baita existitzen, adibidez, Reale Seguros Stadium.

 

Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude