Bi argazki eder (III)

Bi argazki eder

Behin ekarri nituen bost argazki eder, ondoren beste bost, eta gaurkoan beste birekin natorkizue. Ez dakit definizioa “eder” den, agian “esanguratsu”, edo “iradokitzaile” zuzenagoa litzateke. Argazkilaritza beti izan dut pasio, beti gustoko, beti laket. Ez argazki bereziki politak edo adierazgarriak lortzeko gai naizelako, baizik eta asko adierazten didatelako; argazki bati begira pasa ditzaket minutu ugari, koadro bati begira bezala, ez ulertu arren bere distirak liluratuta, sorginduta, begirada azken zirrikituan pausatuz. Argazkiari so, ez arre eta ez so.

Aurrekoetan bezala, irudi bakoitzak iradokitzen didana konpartituko dut zuekin, eta zuen irakurketa ere jaso nahi nuke bueltan, orain arte ikusteko gai izan ez naizena zeuen bitartez irakurri ahal izateko; bai irudiaz, bai irudien testuinguruaz ere.


Dorothy Counts (1942an jaioa) Harry Harding institutuan onartutako lehenetariko afroamerikarra izan zen. Afroamerikarren eskubide zibilen aldeko mugimenduan, bere gogoaren aurka, sinbolikoki mugarri bihurtu zen. 1957ko irailean institutura zihoan lehen ikasle beltza izan zen. Izatez, beste beltz batzuk joatekoak ziren, baina institutuko arduradunek ez joatea gomendatu zieten. Giroa nahasia zegoen. Dorothy, aldiz, ez zuten topatu, eta ezer esan ez ziotenez institutura abiatu zen.

Testuinguruaren berri izan gabe duintasuna eta irmotasuna helarazten zizkidan, konbentzimendu oso bat, atzean dauzkan horien jarrerari erreparatuta; orain aldiz, tristura, deserosotasuna eta nekea ikus ditzaket bere begietan.

Bi argazki eder


1945ean amaitu zen II. Mundu Gerra, lehenik Europan eta ondoren Japonian. Irudian agertzen direnak gatibu alemaniarrak dira. Alemaniako jendarteak gudaren atarian bizi izan zuen egoera gogorra izan zen alde askorentzat. Irudika dezaket argazkiko batzuk nazi amorratuak direla, eta beste batzuei tokatu egin zitzaiela armak hartu eta frontera joatea; hemen asko erreketeekin borrokatzera behartu zituzten gisan.

Argazkiko gizon horiek areto batean daude, pantaila handi baten aurrean, eta pantaila horretan proiektatzen ari direna sarraski eremuetako irudiak dira. Askok, edo batzuk, ez zuten seguraski ideiarik ere izango halakorik bazenik; ene irudimenean, aurpegia eskuekin estaltzen dutenak dira. Izua, edo bestela damua, damu gordinena; beste batzuek, ordea, lasai dirudite.

Bi argazki eder


Bi argazkietan dauden protagonistak egoera berean daude parez pare jarriz gero, finean, protagonista izan nahi gabe historiaren protagonista bihurtu zirelako.

Bi argazki eder