Beroketaren beroaz
Beroketaren beroaz –
GIEC edo Nazio Batuen Erakundeak sortu klimaren ikertze berezitu zientifikoen taldeak bere azken txosten sakondua plazaratu du. Gisa hortako txostena zazpi urtetarik eguneratzen dute klimaren “egoera” neurtuz eta erran daiteke txosten horiek direla erreferentzia nagusi gisa planetako gobernu edo erabakitzaile guzientzat. Frantziako gobernuak txostenari eman dion erantzuna: eskasa eta ia alferra.
GIEC hortan partaide diren erresuma guziek txostena adostu ondoan dute bakarrik bere txostena publiko egin. Txostenaren lehen zati batean gauregungo mundu guziko klimaren argazki bat egin da. Bigarren partean hipotesiak luzatzen ditu sistema klimatiko osoaren bilakaeraz, lerrokatuz ere zer nolako arriskuak jasaiten ahal genituzkegun bilakaera desberdinen ondorioz. Azkenik proposamen xeheak egiten ditu kutsatze edo beroketa erritmo ezberdinen arabera. Txostena irakurtzean lehen ebidentzia batek jauzi egiten dauku aurpegirat : beroketa klimatikoa etengabe aintzina doa eta planeta osoa emeki bezain segurki berotzen ari zauku eta fenomenoak ez du deus ikustekorik bilakaera normal batekin, klimatozeptiko batzuek sinestarazi nahi luketen bezala. Azken 50 urteetan gertatzen ari den klima beroketa historiako abiadura haudienekoa da. Ezinago argiki GIECk adierazten du beroketa hori, eta horrek dakarren desregulatze klimatikoa jadanik begibixtakoak direla globoaren hainbat guneetan.
Erabaki ausart eta globalizatuak baitezpadakoak
Ikustea eta ohartzea baizik ez da zonbat itsas gainditze, oihanetako su edo puntako gertakariren lekuko giren uda huntan berean munduan zehar. 2014ko azken aintzineko txostenean arras xeheki gertakari horien lerrokatze beldurgarria aintzin ikusia zuen GIECk, bai nunbrean, eta abiaduran, eta intensitatean. Azken txosten hunek dio erabaki ausart eta globalizatu batzu ez hartuz aldaketa eta beroketa klimatikoak abiadura haundiagoa har lezakela, gisa hortan ozeanoen eta lurraren ahalmenak murriztuz karbono natural bilgune gisa, Amazoniako oihanaren funditze etengabea delarik adibide nagusienetakoa. Beroketa hortan hainbat neurketa gaindituz, GIECk azpimarratzen du 2100 urte inguruan itsasoen heina igo litaikela metre bat eta bi artean, horrek dakarren azifidikatze eta desoxigenatzearekin. Logika beretik 2050 urtean Polo Artikoa urtua litaike erabat.
Ondorioz aldaketa klimatikoa mugatzeko edo mugatzen hasteko behintzat produzitzen ditugun gaza mota guzien kopurua apaltzen hasi behar dugu, bakotxak gure neurrian, bakotxak gure lekutik.
Zertan da frantses estadoa erronka horieri begira? Karbono neutralitatea 2050 urterako aipatu izan du Macronek. Logika beretik 2030 urterako aipatua da %40ez apaltzea gaza emisora guziak, 1990 urtea hartuz abiapundu gisa. Ba ote da xantzarik helburu hori lortzeko?
Urte batez Macronen gobernuak martxan eman zuen klimaren aldeko herritar konbenio bat zoinek 149 proposamen argi aurkeztu zituen delako helbururat heltzeko.
Beren osotasunean eta “filtrarik” gabe beretuko zituelako hitza eman ta gero, Macronek eta gobernuak hitza jan dute eta ondotik idatzi duten lege proiektu edo Loi Climat delakoak soilik 149 proposamen haietarik 18 hartu ditu osoki, 26 arrunt baztertu ditu eta beste guziak biluzi eta xurgatu.
Carbone 4 deitu kabinete independente batek burutu estudio bat entseatu da Frantziako Loi Climat horren egiazko inpaktoa ebaluatzen politika publikoetan gaza emisora apaltze helburueri begira.
Proposamen ahul eta funtsagabeak
Politika klimatikoa arautzen duten 12 funtsezko parametroeri begira, 10etan frantses estadoaren borondatea eta ekintza proposamenak ahulak eta funtsgabeak dira. Alabainan Herritar Konbenioaren lana eta proposamenak usaia ekozidio batzuen logika aldaketa eta itzulipurdikatze batzuen inguruan oinarritzen dira. 149 proposamen haiek ez dira pentsatuak izan ttorttaka ttorttaka gauzatuak izaiteko bainan bai orokortasun batean proposamen batek bestea osatzeko.
Maleruski Klima Legea soilik oinarrizko proposamen porroxka batzuez osatua da eta ez du ondorioz batere ahalbidetzen GIEC delakoaren gomendioen gauzatzen hastea. Zintzoki lanean arizan ondoan eta 149 proposamen gauzagarri adostu eta plazaratu ondoan, baduke Herritar Konbenioak frustatua eta kexu izaiteko motibo ainitz. Bere hastapeneko oinarrizko sentsutik biluzirik eta urrundurik, Klima Legea soilik marketing itxuratze politiko batean gelditzeko punduan da.
Funtsean orroitaraztea baizik ez da Frantziako Estado Kontseiluak berak jadanik kondenatua duela gobernua bere eginbide ezagatik sail hortan. GIEC-ak zehaztu klima egoera urgentziaren aintzinean, neurri haundiko politika publiko ekologikoak adostu behar gorrian gira.