ZuZeu Senpereko Amotze Larraldean

ZuZeuren aurkezpena Senpereko Amotze Larraldean –

Irailaren 10eko ostirale arratsalde apalean, Senpereko Amotze auzoko Larraldea etxean, Andoni Iturriotzi esker hainbat elkarte egoitza bilakatu den Lapurdiko baserri ohi ederrean. Lapurdi 1609 elkarteak gomitaturik, dozena bat euskaltzale bildu ginen Beñat eta Urko Zuzeuko egunerokoaren kide biren ahotik ZuZeu zer zen entzuteko.

ZuZeuren aurkezpena Senpereko Amotze Larraldean

Konferentzia horrek mereziko zuen asanblada handiagoa baita piska bat gaztexeagoa ere baina hemen gaindi Zuzeu oso guti ezagutua da (anitzek «zuzeu» hitza ez dute konprenitzen ere «zuhaur» erraten baita) eta sasoi honetako tentazio onak edo txarrak ugari dira. Adibidez, onetan, arratsalde hartan, Uztaritzeko abertzaleen txanda zen Arbona Berroetako okupazioan parte hartzeko.

Lapurdi probintzia, beharrik gure tradizioan oraindik biziarazten baldin badugu ere, aspaldi danik -1780etik zehatz mintzatzeko- administraziorako ez da gehiago existitzen. Hemen gure demografia eskasegia da erdaldunen inbasio eta euskaldun gazteen alde egite jarraikiei aurre egiteko. Horregatik, tronpatzeko arrisku gehiegirik hartu gabe, ondorioz daiteke euskal hiztunak gutiengo gero eta tipiagoan egongo direla Lapurdin etorkizunean.

Horregatik Lapurdi 1609 elkarteak, hamar urte hauetan euskal historiari eta literaturari buruz diharduenak, pentsatu zuen baleegokeela beharra ZuZeu gure artera jin dadin bere historiaz, bokazioaz eta aktibitateaz hitz egitera. Izan ere iparraldekoak, lapurtar euskaldunak batez ere, kondenatuak gara gutxiengoa indiano gisa bizitzera gure herrian. Guretariko multzo batentzat, erronka existentziala izanen da gure izaerari fidel irautea. Beraz fideltasun horri eusteko, jada eskuragarri ditugun baliabide guziak ezagutu eta aztertu behar ditugu. Denek dakigu edo jakin behar ginuke zer inportantzia duen adierazpen modu guziak baliatzea hizkuntza bizirik egon dadin. Labur zurrean, Zuzeu da justu komunikabide digital bat lagun diezakeguna euskarazko idatziaren bitartez mota guzietako ideiak eta eta informazioak gure artean errazki komunikatzen, gogoetatzen eta eztabaidatzen, modu librean eta errespetutsuan.

Bestetik, zuzeuk zatiketa administrazio guzien gainetik, euskaltzaleak gogoetetan elkar lauzkaraziz, gelditzen zaigun gure euskal identitatearen sentimentu amankomuna lagun liezaguke bizirik mantentzen. Beñatek eta Urkok ongi kontatu digute nola Zuzeu sortu zen (Hasier Etxeberriaren rola), zein helbururekin sortu zen, zein den gaurko egoera eta zein diren gerorako asmoak. Esplikatu digute nola egin behar zen erregistratzeko, testu bat publikatzeko edo iruzkintzeko. Baita Zuzeu erabiltzeko beste manera modernagokoak ere gazteei laket zaizkienak.

Bukaeran, asanblada konbentzitua zegoen Zuzeuri esker idatzitako komunikazio baliabide zinez herrikoia eta eraginkorra baginuela eskuetan prest, guhaurrek gure indar eskasekin eraikitzen ahalko ez ginukeena. Denok espero dugu etorkizunean piskanaka esku hartze gehiago ikustea Zuzeun Iparraldekoen aldetik. Ekitaldia zintxoki eta umore onenean bukatu zen Larraldeko sukalde ederrean pintxo eta edariren inguruan.

ZuZeuren aurkezpena Senpereko Amotze Larraldean

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

Zer duzu buruan “ZuZeu Senpereko Amotze Larraldean”-ri buruz

  • Guretzako plazerra izan zen zuekin bildu eta elkarren berri izatea, Beñat.
    Eskerrak eman nahi dizkiogu Lapurdi 1609 elkarteari gonbidapenagatik eta gure proiektu komunikatiboaren berri emateko aukera eskaintzeagatik.
    Ondo segi eta nahi duzuen arte