Bero-boladak izendatzeko politikaz

Bero-boladak izendatzeko politikaz –

Gorka Bereziartuak Argia aldizkariko Boligrafo Gorria blogean.

Bero-boladak izendatzeko politikazLéon Bloy ez zen meteorologoen oso zalea. Bueno, ez meteorologoena, ezta ia beste ezerena ere, haren liburuetatik nekez ateratzen baita inor erretxin arrastoren bat gorputzean pegaturik ez daukala. Baina konkretuki meteorologoez, badauzka lerro batzuk Exégèse des lieux communs liburuan, tarteka gogora etortzen zaizkidanak, eguraldi-iragarleen gremiokoen erretolika konparatzen duelako janari-denda batzuetako saltzaileen kalakarekin: “Ezaguna da merkatari estimagarri hauek nola komunikatzen dituzten, egunero eta bereizketarik egin gabe, atmosferaren egoera seguruari edo bakarrik probableari buruzko beren behaketa guztiak. Ezerk ez die ihes egiten, hodei bakar batek ere ez, eguzki izpi batek ere ez, ezta brisa batek, ezta zefiro batek ere, eta mundu guztiak ateratzen dio etekina berehala. (…) Euria eta eguraldi ona baliabide unibertsalak dira, agorrezinak. «Gure elkarrizketa zeruetan dago», esan zuen San Paulok. Bitxiki profetikoa da esaldia, egunero hogeita hamar milioi aldiz baieztatu dezakegu, duela hamar edo bederatzi mendetik hona, eta ez bakarrik janari-dendan, baita edozein burgesen etxean ere”.

Bai, Bloy, ni ere aspertzen ninduten eguraldiari buruzko elkarrizketek bizilagunen batekin igogailuan tokatuz gero. Baina klaro, Bloy, ninduten. Gero etorri dira borroka greko-erromatarreko modalitatean marka olinpiko guztiak puskatzen ari diren uda honetako bero-sapak. Eta bizilagunekin edo dendariekin eguraldiaz hitz egiteak gauza hutsala izaten jarraitzen du, noski –“hondartzarako primeran gaur, e?”–, baina diferentzia handi bat dago: bizepsak eta pektoralak oso landuta bronka bila etorri zaizkigun tenperatura hauen aurrean, kontzientzia ere urtu egiten baita azkenerako; eta umeari lurrera erori zaion izozki bola bezalako zopa higuingarria bihurtzen da burmuina; eta kariñoa zenion hirugarreneko agureaz ere pentsatzen hasten zara jubilatu puta honek eta bere belaunaldi guztiak txukuna utzi digutela panorama; eta beraiek ez dutela askoz gehiago iraungo, ez, baina guk patatekin jan ez, patatekin batera egosi beharko dugula lapiko honetan.

(Esan dizuet, Bloy irakurri eta erretxindu, dena bat).

Suertez, meteorologiarekin eta adineko jendearekin bakeak egiten lagundu didan albiste bat agertu zait pantailan pasa den astean. Erretiroa hartu duen telebistako eguraldi-gizon bat –Guy Walton du grazia–, ariketa sinple bezain eraginkorra egiten ari da bere blogean: uda honetako tenperatura estremisten berri ematen du eta, hau da nobedadea, AEBetan identifikatzen duen bero-bolada bakoitzari petrolio edo gas enpresa erraldoi baten izena jartzen dio. Azkenekoari Chevron, aurretik Amoco eta BP. Eta beste 20 enpresaren zerrenda prest daukala dio, hurrengo tenperatura-errekorrak iristen direnean Exxon, Shell edo Pemex –bai, Feijoorekin negozioak zituena– zuzenean egoeraren erantzule egiteko. Zerrenda hori bukatzen zaionerako –eta ez da, segur aski, denbora askorik pasako–, ikatzarekin etekinak ateratzen dituzten multinazionalen izenak bilatzen ari da gainera.

Europan, oraingoz, mitologia greziarreko nomenklaturarekin ari gara bero jasangaitzak abanikatzen, Zerbero eta Karonte izeneko fenomenoak agertu dira notizietan, baina agian Waltonen eredura pasatzeko momentua iritsi zaie eguraldi-iragarpena egiten dutenei: animatuko da inor abuztuan Kame Hame batek bezala joko gaituen bero-boladaren bati Repsol deitzera?

Bero-boladak izendatzeko politikaz

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude