Azken abisua

Azken abisua –

Katalunia izan du hizpide Amatiñok ere, Eibar.org atariko blogean.

Atzo, Bartzelonan, Diadak bildu zuen jendetzaren argazkia munduan erruz zabaldu arren, segurutik Katalunian ez da urriaren batean erreferendumik egingo. Ez dago aurrez zehazterik baina… enpresa batera, boto-txartel bila, goardia zibila bidaltzeko gertu dagoen gobernuak, nekez lagako dio inori botoa ematen.

Azken abisuaHala ere, zailtasun guztiak ez dira kanpotik etorriko. Nahiz Generalitateak eskatu, hainbat hiri handitako udalek ez dute-eta mahaiak jartzeko erraztasunik eskainiko. Honek gogoratzen digu, Katalunian erreferendumaren alde dauden alderdiek boto-emaileen % 48 ordezkatzen dutela eta, aurka daudenek, %51. Puntu bi gehiago.

Zer gerta ere, datu hauek ezin dira ezkutatu, ez baita erreferentziarik liluragarriena abertzaleek aldarrikatzen duten aberria, amets-herria, aberkide erdiez osatu nahi izatea. Eta, Kataluniako Parlamentuan gertatuaren ostean, ez dakit aberriz kanpokoei jaramonik egin behar ote zaien, baina, aberkidetzat nahi direnei, begirune apurtxoren bat zor zaie.

Edozein modutan, Kataluniaren arazoak larriak badira, are latzagoak Espainiarenak, bertatik hanka egin nahiak Estatuaren oreka jarriko baitu kinkan. Ondo dago, Kataluniari adieraztea, independentziaren aje ekonomikoak. Baina, inork aztertu al du Kataluniarik gabeko Espainiaren balantza?

Alderdi Popularrak ez du gomutatu nahi, bera izan zela, hamar katalanetik zazpik onartutako Estatutua, Konstituzio Auzitegira bota zuena, politikan galdutakoa epaitegitan irabazi gurarik. Eta, Madrilen, ahaztu nahi dute Kataluniako Parlamentuak, Diputatuen Kongresuak, Senatuak eta herri- erreferendumak onartutako testua, gero, Konstituzio Auzitegiak popatik hartzera bidali zuela, batere errukirik eta lotsarik gabe.

Auskalo, Katalunian erreferendumik eratuko ote den urriaren batean. Baina, eratu edo ez, urriaren bitik aurrera, Madrilgo gobernuak ez badie, katalanei, erantzun aproposik ematen, Espainiak Katalunia galduko du.

Urriaren bateko deia azken abisua besterik ez da.

Azken abisua

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.