Kataluniari omenaldia (1937-2017)

Kataluniari omenaldia (1937-2017) –

“Hain eginkizun hutsala izan dudan guda honek batez ere oroitzapen txarrak sortu dizkit, eta, hala ere, ez zitzaidan galtzea gustatuko. Horrelako zorigaitz bat jasatean – edonork irabazita ere, seguru nago Espainiako gudua zauritu eta hildakoez gain hondamendi ikaragarri bat izatea frogatuko dela – ez dago zertan etsipen eta zinismoan murgilduta amaitu. Bitxia da, baina bizipen hauek nire gizakiaren dezentziarekiko fedea areagotu dute, txikiagotu beharrean”. Hitz hauek, George Orwell kazetari-idazle britainiarrak duela zortzi hamarkada bere “Kataluniari omenaldia” entsegu/guda-kronika ezagunean idatzita, lehen planora ekartzen dituzte azken egunetan bizitzen ari ditugun albiste politikoak.

Kataluniari omenaldia (1937-2017)

Katalunia erabateko inbasio bat jasaten ari da egun hauetan. Izugarrizko guda mediatiko, politiko, judizial, eta, batek daki, datozen asteetan militar mailakoa, 1936ko putch-aren urrutiko danborrak gogora ekartzen dituen indar interbentzio batekin.

Gaur George Orwell Kataluniara itzuliko balitz zeharo aldatu den herrialde bat aurkituko luke, 1936. urtean soldadu soil bezala Francoren altxamendu faxistaz erasotutako Errepublikaren laguntzan heldu zenean aurkitu zuenaren aldean. Kazetaritza artikuluak idazteko asmoarekin bidaiatu zuen bertara, baina berehala eman zuen izena milizian, garai eta egoera horretan hartu zezakeen jarrera moral bakarra zirudielako.

Orwell-ek idazteko lumak fusilagatik aldatu zituen ohartu zelako une horretan Katalunia eta gainontzeko Espainiar Estatuan arriskuan zegoena sufragio unibertsalez lortutako -eta kutsu sozialista nabarmeneko- Errepublika Popularraren defentsa zela, garaiko estamentu politiko burgesek  ez ezik klase ekonomiko eta eklesiastiko nagusiek onartu ezin zutena. Arriskuan zegoena, motz esanda, demokrazia eta askatasuna ziren.

Laurogei urte beranduago, kontrairaultzak berriro jarduten du Katalunian, aurrekaririk gabeko makineria judizial eta errepresibo batez lagunduta. Propaganda aparatu mediatiko erraldoi eta boteretsu batez babestuta, behin eta berriro Espainiar Gobernua erretorika berdina errepikatzera mugatzen da, hamarkadaz hamarkada ordezkari katalanen jomuga legitimoekin negoziatzeko ezgai izan den bitartean.

Laurogei urte beranduago ere, borroka-eremuko indarrek botere oso ezberdinak dituzte. Unionista deiturikoek (PP-PSOE-Ciudadanos) “Constitución Española” deritzon suntsiketa masiboko arma bat dute, zeinekin bakarrik bide legal eta baketsuak erabiltzen dituen Parlamentu eta Gobernu Katalanaren eskumen eta defentsa-lerroak hautsi nahi dituzten. Bitartean, indar soberanistek (PdeCat-ERC-CUP) herri katalanak duen funtsezko eskubide bati buruz erabakitzeko borrokatzen dute, haien etorkizuna kanpoko esku-sartzerik gabe eta segurtasun-demokratiko guztiarekin erabakitzeko eskubidea, alegia.

Zortzi hamarkada beranduago, Kataluniako ikuspegi politikoak, gutxienez, bi aldaketa esanguratsu aurkezten ditu. Batetik, gora egiten ari den kontzientzia nazionala, jada hogeita hamar urtez frankismoaren erreforma eutsi zuen erreferentzia subsidiarioa izatearekin konformatzen ez dena. Unió alderdiaren traba kenduta, Convergencia Democratica zenak (orain Partido Democrático de Cataluña), behin betiko apurtu ditu loturak Gobernu zentralaren, bai PP edo PSOE-ren, menpe egotera behartzen zion politika egiteko erarekin. Kataluniako burgesiaren zati batek, bereziki enpresa txiki eta ertainarekin lotutakoak -azken krisialdi ekonomikoa gogorrago sufritu dutenak- Estatu Espainolaren eskumen politika zuhurretatik aldentzea erabaki du, multinazionalen alde gero eta erregulatu eta murriztaileagoa den Europear merkatuaren markoaren barruan. Bestetik, bigarren aldaketa nabarmena PSC (Partit dels Socialistes de Catalunya) alderdiaren baitan eman dena da, zeinak pixkanaka-pixkanaka katalanista sena galdu eta Pascuall Maragall-ekin izan zen alderdiaren itzala bihurtzerako bidea hartu duen. Horrela, eta azken urteetako emaitzei erreparatuta, hondar-alderdi bat bihurtzeko beldurrak indar unionistekin batzera behartu du, estatu mailan PSOE-k erakutsi dion eskumarako bidea jarraituz.

Honekin batera, panorama politikoa En Comú Podem alderdiarekin osatzen da, inorena ez den lurrean geratzea erabaki duena. Alde batetik, Podemos-en adar katalanak herritarrekiko hurbiltasuna du ideario politikoaren buruzagitzat, herrien autodeterminazio eskubidea barne, baina, bestetik, kontsulta honen alde azaltzeak gainontzeko eskualdeetan boto-galera nabarmena jasatea suposatu litzaioke. Hala ere, argi dago guda ireki eta erabakigarri honetan bi bandoen erdian geratzea ez dela aukera posible bat.

Kataluniari omenaldia (1937-2017)

Gauzak horrela, eta ordura arte gertatzen dena gertatzen dela, Urriaren 1ean norgehiagoka historiko bat jokatzen da, baina ez da azkena izango. Duela laurogei urte, Katalunia menperatzeko matxinatutako Franco generalaren tropek eskualde errepublikanoa bitan banatzea erabaki zuten bitartean -hegoaldean Castellon, Valentzia eta Alicante utziz-, orain erasoak fronte ezberdinetatik datoz. Segre eta Ebroko batailak era oso ezberdinean borrokatuko dira, gutxienez, bando soberanista-independentistaren aldetik. Konstituzio Espainolaren bonbardaketaren aurrean, kereila, kartzela-mehatxu, isun eta suspentsioen aurrean, herri katalanaren zati handi batek soilik arma pazifikoak erabiltzea erabaki du, bere etorkizuna erabakitzeko berea den eskubidea lortzeko. George Orwell-ek argi izango luke ze bandotan borrokatu.

Kataluniari omenaldia (1937-2017)