Irailaren hamaikak (1973, 2001, 2017)

Irailaren hamaikak –

Irailaren hamaikak badute halako zer edo zer, gauza garrantzitsuak gerta daitezen. Hiru datozkit burura: Txileko estatu kolpea, Estatu Batuetako atentatuak eta Kataluniako Diada. Hiru gertaera horien bueltan jazo direnak geure bizitza irauli dute errotik.

Irailaren hamaikak1973ko irailaren 11an, Txileko Santiagoko Txanponaren jauregian, mundu osoak ikusi ahal izan zuen txanpon baten mina eta bi sosen lotura, esaera zaharrak dioen bezala. Ezkerreko mugimendu baketsu eta demokratiko batek ez zuen errepublika sozialista bat eraiki. Politika aurrerakoiak defenditzen zituen proiektu bat sortu zuten estatu burges baten barruan, eta besteak beste, estrategikoak ziren zenbait sektore nazionalizatu. Istorioetatik bakarrik ez, historiatik ere ateratzen dira ikasbideak (moralejak). Txileko kasuan jende askok ondorioztatu zuen tesi bera: mugimendu ezkertiar bat boterea lortzen saiatu da hauteskundeen bitartez, eta sarraskitu egin dituzte; ergo, bide hori antzua da, ez darama inora, eta borroka armatua erabili gabe ez dago helburuak lortzeko bitartekorik. Norbaitek esan zezakeen gauzak demokratikoki lortu zitezkeela, noski… Baina hor zeuden Victor Jararen moztutako eskuak; eta Allenderen muinak horman itsatsita; eta milaka hildako.

Irailaren hamaikak2001eko irailaren 11an munduak biraka jarraitzen zuen, baina begi guztiak puntu bakarrera zeuden so. Euskal Herriari zuzenean eragin zion zerbaitetan zentratu nahi nuke soilik. AEB-ek esan zuten Al-Qaedak egin zuela, Afganistaneko talibanak antzekoak zirela eta babesten zituztela, eta horregatik gerra deklaratu zieten. Honek tesi berri bat jarri zuen mahai gainean, baita estatu espainiarrean ere: ETA ez da bakarrik ETA, baizik eta ETA-ren helburuak (edo helburu batzuk) konpartitzen dituzten guztiak. Ilegalizazioak eta hedabideak ixteaz gain, “kristal hautsia”-ren teorema erdigunean jarri zen; hots, kristal bat hausten duenari hiltzaile bati jarriko geniokeen zigorra jarri behar zaio, inoiz hiltzaile bihurtu ez dadin. Kartel batzuk jartzen harrapatu kalean, eta epaitegian erakunde terroristako kide izendatu; eta abar luze bat. Egoera honek dena birplanteatzera eraman zituen asko (“ezin badut politikarik egin kalean, zer?”), eta gogoeta haien ondorioak ikusi daitezke gaur egun ere.

2017ko irailaren 11an #mambo -aren fase gorena hasi da Katalunian, eta gertatzen denak izugarrizko eragina izango du gugan. Galdera berriak planteatuko dizkigu. Euskal Herrian azken hamarkadetako bidea deitoratua izan da Irailaren hamaikakezker-eskubi, eta orain babesten den bidea Kataluniarena da. Niri zoragarria iruditzen ari zait Katalunian gertatzen ari dena, liluratuta nago. Baina galdera erraldoi bat dago azken egunetako anabasak isiltzen duena, guztiaren gibelean, ia inori entzuten ez zaiona: eta bide honek porrot egiten badu, zer?

Biolentziarik gabe (independentisten aldetik). Borondate demokratiko garbiaz. Errespetuz. Suabe-suabe. Gehiengoarekin. Kristal bat hautsi gabe. Bide honek ez badu funtzionatzen, zer geratzen zaigu?

Une honetan momentuaz gozatzen ari naiz, zirraragarria da, eta pokerrean arituko bagina, all in katalanen alde. Baina, badaezpada, sosik gabe geldituko nintzatekeen egoera posibleak aztertzen nabil. Kataluniak ez badu aurrera egiten, ze tesi ondorioztatuko dugu?

Ea zer diogun datorren irailaren hamaikan.

Irailaren hamaikak
allende, Atentatuak, diada, estrategia, estrategia independentista, irailaren 11, Irailaren hamaikak, Katalunia, salvador allende, Txile
Beñat Hach Embarek

Mairua naiz behelaino artean. Kolaborazioak GARAn; ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

6 pentsamendu “Irailaren hamaikak (1973, 2001, 2017)”-ri buruz

  • Interesgarri dago afera dudarik gabe, bi aldea soka gero eta gehiago tenkatzen trenen talkaren aurretik. Nik hiru aukera posible ikusten ditut :

    Erreferenduma egin, baiezkoak irabazi eta estatu propio bat sortzen badute EHn independentziaren aldeko aldarriak indarra hartuko du, orain arte proposatutako bidetik (Gure Esku Dago, Independentistak). Indar militar iada atzerritarren kaleratzea eta estatu berriaren egiturak sortzea izango dira gako nagusiak, etorkizunera begira prozesua “eredugarritzat” jotzeko (moral burges-kapitalistatik ikusita). Independentismoa klabe materialistetan ulertzen dutenentzat bultzada ederra izango da, eta beste begirada bat dugunok begi bat bertan jarrita edukiko dugu ea zer estatu mota eraikitzen duten (niretat garrantzitsuagoa izan daitekeena).

    Erreferenduma egin eta ezezkoak irabazten badu proces guztia pikutara joango da eta independentismoa bigarren aukera baten esperoan geratuko da Quebec eta Eskozian bezala, ikusteke ilusio kolektiboa mantenduko ote den edo beste afera sozialei (turismoa, inmigrazioa) nola eragiten dien. Gure Esku Dago zaleentzat egundoko desilusioa, helburu zilegiak lortzeko bidean sistemak ezarritako mugak agerian geratuko dira beste behin eta independentista instituzionalistak lur jota geratuko dira.

    Eta azkena, erreferenduma ez bada egiten Espainiar estatuak indarkeriaz ekidin edo azken momentuko ustekabe potoloren bat tarteko. Argi geratuko da biolentziaren monopolioa estatuak duela eta ez duela dudarik egingo behar denean erabiltzeko. EBren azken oharra argia eta gogorra izan da eta baliteke mota honetako esku hartze baten aurrean berau zilegitzat hartzea. Abertzale garen ororentzat oharra, etsaiak edozertarako gauza dira, herri honetan ondo dakigun bezala. Honek Txilen gertatutako moduko errealismo bainua ekarriko lieke munduko rollo oneko progre guztiei, mundu honetan baketsua bai baina bakezalea ezin daitekeela izan erakutsiz.

    Ea zer gertatzen den

  • ganbaratxotik 2017-09-13 20:00

    Beñat, nere ustetan porrota jadanik ezinezkoa da. Kataluniako gazteen %60-a idependentziaren alde jarri duen dinamika edo prozesu batek jadanik irabazia du auzia. Urriaren 1aren osteko egoeran independentziazaleen posizioa hobea izango da edozein delarik ere erreferendum-aren emaitza. Izan ere, partehartzea handia izan arren, Espainian ez-nahikotzat txkitzat joko du. Egoera normalean joango litzatekeen jende asko ikaratuko dute. Beldurra arma eraginkorra da (Raxoy-k gaur bertan “ez joateko” agindu zorrotza eta mehatsu zuzena bota die herritarrei).Zilegitasunaren lehian goleadaz irabazi/ko dute. Zilegitasunaren bateria majo bete/ko dute. Horrek urrengo jauzia behin betikotzeko aukera emango die zalantzarik gabe.
    Tartean, gure agintariak joko bikoitzean lotsagabe.
    Hau lotsa !

  • Beñat Hach Embarek

    Mikelats, estatuak ez du, ez, zalantzarik egingo biolentziaren monopolioa erabiltzen; eta niri beldur gehien ematen hasi zaidana da monopolioa daukanez, marka zuriak kaleratzeko aukera daukala. Hau da, parabiolentzia, paramilitarismoa, edo garai batean esaten zen bezala, “inkontrolatuak”. Lehenago ikusten dut aukera hau Guardia Zibila 700 eta piko alkate atxilotzen baino.

    Ganbaratxo, ez esan ezer ezinezkoa denik, hemen dena posiblea baita. Saharar bezala esango dizut hau (nire ehuneko txiki horretatik): Mendebaldeko Saharan independentzia hegemonikoa da, gazteen %60 ez, %99 da independentista, eta herria ere hortxe ibiliko da, %95 edo gehiago. Baina ez dago independentziarik, ez dago erreferendumik, indar harremana dagoena delako. Zure argudioak Atenasen balio dezake (Londres?), BAINA HAU ESPARTA DA!!!

    Eta beno, EAJ-z zer esan… Alejandro Goikoetxeak egin zuenaren parekoa. Burdin Hesia diseinatu zuen ingenieroaz ari naiz; 1937an txaketaz aldatu zen espabilatu hura…

  • ganbaratxotik 2017-09-14 11:13

    Ados Beñat Sahararren kasua kasuan nere argudioak ez du balio. Zilegitasunaren bateria ezin dute gehiago bete baina ezin independentzia lortu geopolitaka aurka dutelako.
    Baina Katalunia-Espainia auziak antza gehiago ez al du Balkanetako gatazkarekin? Kataluniaren pisu demografiko, ekonomiko eta bere kokapen geopolitikoak ez al dizkio beste aukera batzuk ematen? Aspaldian Mikel Aramendik esan eta esan dihardu berak gero eta traza gehiago hartzen ari zaiola. Europa mendebalde honetako testuinguruan populazioaren atxikimendua da giltzarria. Neretzat Proces-aren estrategen fase honetako helburua horixe da: jendea aktibatu eta bildu, kolektiboa trinkotu. independentziaren ezinbestekotasuna iltzatuta gera dadin ahalik eta jende gehieinaren gogoan. Eta hurrengo fase agian erabakiorrerako oinarria sendotu (txiripaz oraingoan lortuz gero hobe, jakina, baina denbora beraien alde dagoela sinistuta)
    Tartean Aramendik dioen modura, gu Eslobeniarren antzera: ikusmiran ea beste batzuen lanetik (borrokatik) probetxurik atera dezakegun.

  • ganbaratxotik 2017-09-14 13:12

    Hara! oraintxe irratian entzun dut. Espainiak eta Eslobeniak saskibaloi-partida dute gaur. Europako txapelketako final-aurrekoa omen.

  • ganbaratxotik 2017-09-15 20:42

    Urkulluren adierazpenen harira gogoetatxoa : zer behar zuen horrelakorik egiteko, zein eta une honetan ? Zein da helburua?
    1. EAjren joko bikoitzaean puxtarria eskuineko balantzan jartzea. Manifan jarriko dute ezkerrekoan.
    2. Probokazioa. Manifari begira Ezker Abertzalearekin adostasun edo iritzi bateratze baterako tentazioen aurrean giroa gaiztotu. Alegia, manifan EAJren aurkako txistu edo bestelakorik balego: Bingo! Egonkortasunarekin batera badu beste obsesio bat Bizkaiko EAJk: Ezker Abertzalearekiko distantziak mantentzea. Izan ere edozein urreratze edo elkarlanek interlokutorearen aitortzea lekarke. Hau da, EAJ alderdi serioa da, alderdi serio eta arduratsuekin egiten ditu akordioak. Bildurekin egingo balitu, horrek aitortza bat ondorioztatzen du, alegia, abertzalea eta ezkerrekoa den hori homologatu egiten du, parekidea da, posible da jeltzale zaharrentzat ezinezkoa zen bikoa edo hibridotik probetxuzko zerbait ateratzea. Ondorioz, bozka-emaile ez-militante politizatugabeari mezua heldu lekioke. Eta arriskua legoke bere bozka “moderatu (beldurtia?)” aldatzekoa. Zentralitatea ezkerreko abertzaletasunera igarotzea legoke jokoan ,portzierto, iinkesta guztietan populazioaren gehiengo handiak aitortzen duena. Eta horrek EAJ agintariei izua ez, hurrengoa ematen die.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude