Azaroaren 9ko muina

B1mY17wCYAE4t_uKataluniako prozesua interpretatzeko orduan ikuspegi orokorra galtzen dugula iruditzen zait sarri. Funtsezkoa eta periferikoa nahastu egiten direla albisteen abiadaren erruz. Azaroaren 9a zer den eta zer ez, argitu nahi nuke, nire ikuspegia erabat okerra edo hankamotza izan daitekeela aitortuz, igandera bitartean hamaika ezusteko gerta daitezkeen bezala.

Azaroaren 9a ez da erreferendum independentista izango, sasigaldeketa baizik. Azaroaren 9a ez da berme demokratikodun galdeketa, nola edo hala egindakoa baizik. Azaroaren 9a ez da Kataluniaren iritzia jasotzeko tresna egokiena, ez testuinguru honetan bederen. Botoa ez da ganorazko eztabaida baten ondorio, ezintasunaren aurreko duintasunaren erakusle baizik.

Azaroaren 9a Espainiako legedi gorenari planto egiteko eguna da. Desobedientzia ariketa masibo bat. Estatuaren agintea ukatzen duen eguna, errege biluziaren kondaira balitz bezala. Estatu espainiarraren subiranotasuna kraskatzen duen eguna. Menpekotasunetik askatzeko balio duen tresna, gerora sortuko dena ahalik eta modu libreenean eraikitzeko. Atzera bueltarik gabeko inflexio puntua.

Milioi eta erdi, bi milioi ala bi milioi eta erdi boto, zer da garaipena? Garaipena batez ere bozkaketa bera gauzatzea da, duintasun demokratikoko ariketa. Bozkalekuen aurrean ilara luzeak sortzea, ala, kontrara, poliziek kartoizko kaxak erretiratzea.

Trenen talkaz ari ginen, ezta? Bada, begien aurrean daukagu. Auzitegi Konstituzional sakratuari iseka egingo dion gehiengo zabal bat Katalunian. Galtzaile bi, ala galtzaile bakarra -Espainia-, Rajoy kamikazeak erabaki beharko du. Herritarrek ez ezik, Artur Masen Generalitateak ere erantzun du: ez gara makurtuko. Zein da independentziaren islada handiena, ez bada dagoen estatuaren legedi gorena -demokratikoki- urratzea?

Haien esku dago.

Irakurtzeko modukoak:

És a les nostres mans (Vicent Partal)

Generalitateak eutsi: duintasun demokratikoa (Xabier Letona)

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

2 pentsamendu “Azaroaren 9ko muina”-ri buruz