Irakaslearen ikasle gogokoena

el-catedratico-de-literatura-de-la-universidad-de-alcala-jon-juaristi-en-las-i-jornadas-vocento

Mundu honetan ez da nork bere printzipioak haustea baino gauza itsusiagorik, edo ondorio makurragorik ekartzen duenik. Nik, kurtsoa hasi zenetik, hiruzpalau aldiz egin diot traizio nire urrezko arau bati –“erabakirik hoberena, hartzen ez dena” dioen arauari, hain zuzen ere–, eta orain erabakiak –edo, gauza bera dena, erabaki makurrak– hartu izanaren ondorioak sufritzen ari naiz. Lehendabiziko erabakia: berriz ere alemana ikasten hastea. Nire gaztaro gero eta urrunagoan hizkuntza hori ikasi nuen, gero erdi atzendu, eta aspalditik nenbilen berriz ere ikasi nahian. Aurten, hondarrekoz, izena eman dut akademia batean, eta, nahi izanez gero, nire burua zuritzeko aitzakia franko bilatzen ahalko banitu ere –horretan, nire buruari dena barkatzen alegia, trebea bainaiz–, deblauki aitortu behar dut ikasgelako ikaslerik txarrena naizela. Argiago erranda, nire taldeko tontoa –nire adinean!–. Hori esperientzia berria da niretako: ez naiz inoiz ikasgelako ikaslerik hoberena izan –beti tropelean ibili naiz, eta batzuetan postu duinak erdietsi ditut–, baina ez zait sekulan egokitu taldeko ikaslerik nabarmenki txarrena izatea; tira, gorputz heziketan izan ezik, baina hor ere ez nintzen preseski tontoena –maiz tontoena hoberena izaten baitzen gimnasian–, baizik eta traketsena plinto gainean eta lotsatiena dutxan. Nolanahi den ere, susmoa dut urtarrila edo beranduenez otsaila ailegatu orduko, desanimatu eta, edozein aitzakia ergel bilatuta, akademia utzi eginen dudala. Beraz, naski 2015ean berriz negar eginen dizuet horren kontura.

Bigarren erabaki txarra: joan den astean, Iruñeko liburu-denda batean sartu nintzen. Liburu berrien mahai gainean bi liburuk eman zidaten atentzioa: Fabio Morábito-ren El idioma maternoAma hizkuntza–, eta Marcel Reich-Ranicki zenaren Sobre la crítica literariaLiteratura kritikaz–. Biak saiakerak ziren, prezio berdintsukoak eta argitaratu berriak. Horrelakoetan, biak –edo bat ere ez– erostea izaten da hoberena, baina, gogoeta sakona egindakoan –eta sakela miatuta, zenbat diru neraman ikusitakoan–, bi delibero txar gehiago hartu nituen: liburu-dendan berean lerro batzuk irakurrita, liburu interesgarria iduritu arren, Reich-Ranickirena alemanez erosiko nuen –koherentziaz-edo, horretarako eman baitut izena akademia batean, eta okerreko erabaki horren ondorioak pairatzen hasi behar nuen–; beraz, litekeena da 2018an irakurtzea, inoiz irakurtzen badut. Eta Morabitorena eramanen nuen etxera, nahiz eta orrialde batzuk aztertuta, ordurako argi nuen liburua ez zitzaidala gustatuko, ez bainengoen batere ados orrialde haietan egileak erraten zuenarekin. Harrezkeroztik, hasmentako irudipena berretsi egin dut: saiakera txikiak dira, eta anitzetan Morábito Borges izaten saiatzen da, eta han-hemenka azaltzen diren esaldi ederrak Borgesen estilokoak dira. Morabitoren estiloko lerroak, ordea, izan ere ez dira hain erakargarriak.

Baina, batez ere, Ama hizkuntza-ko lehen saiakera gertatu zait deigarria. Bertan, idazleak kontatzen du eskolan ikaskide batekin, bertze mutiko batekin, maitemindu zela (“Neska batekin maitemindu nintekeen, baina nire eskolan bereiziak ziren mutilak eta neskak, eta, hortaz, eskuar nuen neska bakarrarekin maitemindu nintzen, eta neska hori Massimo P. zen, inorekin hitz egiten ez zuen hazpegi fineko mutiko herabe bat”). Nonbait, Massimo hura arrunt txarra zen irakurtzen, eta Morabitok erabaki zuen hark baino makurrago irakurtzea, bere amodioa klaseko tontoena izan ez zedin. Baina lehendabiziko hitza gaizki ahoskatu ondoren, ohartu zen ezin zuela hizkuntza horrela desitxuratu eta, azkenean, ederki irakurri zuen: “Hau bai da irakurtzea!” erran omen zuen irakasleak. Horrela, Massimori traizioa eginez, idazle bihurtuko zela jakin zuen, edo hori erraten digu Morabitok.

Beraz, hizkuntzari zor omen zaion errespetuaren izenean, Morabitok traizio egin zion bere lehendabiziko amodioari, eta idazle bihurtzen bidean jarri zen. Saiakera irakurtzeko bertze modu bat hauxe izan liteke: egilea ez da ausartzen bere desiren egiazko natura aitortzera –edo, bertzenaz, Massimo neska dela dio haren egoera penagarria azpimarratzeko–, eta, hondarrean, bere burua botereari saltzen dio –hain ongi irakurtzen du ozenki, hain ongi errezitatzen du diskurtso hegemonikoa, non irakaslearen txaloa, autoritatearen txaloa alegia, irabazten baitu–. Bere doilorrean, Morabitoren istorioak badu alde ona, idazle klase jakin bat agerian uzten baitu, bere saldukeria edertzen saiatzen delarik: kosta ahala kosta, baita ahulenak zapalduz ere, boterearen onespena bilatzen duen idazle klasea.

Cambio de destinoNorabide aldaketa–, Jon Juaristiren memoriak irakurrita, irudipena izan nuen Juaristik betidanik klaseko ikasle listoena izan nahi izan zuela, eta, batez ere, irakasleak eta, ahal delarik, gainerako ikaskide guziek hori aitortzea nahi zuela gauza ororen gainetik –liburuko anekdota guzietan, bera ateratzen baita beti garaile, baita egoera larri eta latzenetan ere; zaila litzateke liburu horretan auto-ironiaren arrastorik harrapatzea–. Nonbait, onespen hori ezin eskuratuz, Madrilera alde egin zuen, eta han bai, han euskal aferetan aditu nagusia bihurtu zen, eta denek txalotu zuten zeinen ongi irakurtzen zuen ozenki diskurtso nagusia. Urteak eman ditu Euskal Herriko giro nazionalista itogarria salatzen; urteak, abertzaletasuna dela-eta, hemengo bizitza jasanezina zela nonahi adierazten. Orain, Euskadi saria eman diote irakurri ez dudan saiakera batengatik. Eta akaso sari bat merezi du saiakera horrek –berriz diot: ez dut irakurri–: nik ez dut dudarik egiten saiakera horrek sari hori –nahi diren sari guziak– irabazteko adina meritu duenik, eta, are gehiago, ez zait harrigarria egiten saria eman izana; bai, ordea, Juaristik onartu izana. Iduritzen baitzait hori alemana ikastea eta, zaila delako, Reich-Ranickiren liburua espainolez erostea bezala dela.

Noizbait, Reich-Ranickik erran zuen Alemania Adolf Hitler eta Thomas Mann dela, edo zela. Juaristik mutur baten aldera lerratu du urte hauetan Euskal Herriaz egin duen ñabardurarik gabeko potreta, eta, horri esker, Espainia aldeko maisu-maistra guzien txaloa jaso du. Zer nahi duzue erratea: arraroa da orain Massimoren eskutik sari bat hartzeko prest egotea. Baina, batek daki, beharbada, Morabitok bezala, sinetsi egin du bere burua zuritzeko berak asmatutako ipuintxoa.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

ikasle, irakaslea
Santi Leone

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut, noizbehinka twitterren ibiltzen naiz (@ororostorm)

5 pentsamendu “Irakaslearen ikasle gogokoena”-ri buruz

  • Juan Inazio Hartsuaga

    Garai berriaren ajeak.

  • Interesgarria eta zorrotza.

  • Amonamantangorri 2014-11-05 17:46

    Youtuben bada bideo bat: Bilboko euskaltegi batek antolatuta, Jon Juaristi eta Karmelo Landa agertzen dira, buruz buru, Gabriel Arestiren Harri eta Herriz solasean.

  • Giro nazionalista itogarria baretu dela iradoki nahi ote du Juaristirenak?

  • Ez, Joseba. Horrek adierazten duena da espainolismo itogarriak berriro ezarri nahi duela bere kiratsa gurean. Oraingoan, EAJren laguntza ezin estimagarriagoarekin.
    Eta mofeta horri normalizazio-mozorroa ipini nahi diotela aurpegian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude