Autoak harrapatutako zaldiarena ez zen Bizkaian gertatu, Errumanian baizik
Autoak harrapatutako zaldiarena ez zen Bizkaian gertatu, Errumanian baizik
EiTBk egiazkotzat jo du sare sozialetan bolo-boloka dabilen berri faltsu bat. Hau ere izan zitekeen sarrera honen lerroburua; beste edozein hedabideri ere gerta lekigukeena, bizi dugun garaiko kazetaritzak dituen arriskuen isla baita.
Bakio eta Bermeo artean ustez auto batek harrapatu duen zaldiaren bideoa ez da hemengoa. Errumanian grabaturikoa da.
Azken egunotan Whatsapp bidez bolo-bolo dabilen bideo ikusgarri batean auto batek zaldi bat harrapatzen duela ikusten da. Sare sozialetan zabaldutako mezuetan adierazten zen Bakio eta Bermeo arteko errepidean gertatu zela. Zein da arazoa? Ez dela Bizkaian gertatu, baizik eta Transfagarasanen (Errumania), ekainaren 7an Youtubera igotako bideo honetan ikus daitekeenez.
Hainbat hedabidek amua irentsi eta bideoa argitaratu dute, Euskal Herrian gertatu dela sinestuta, tartean eitb.eus-ek.
eitb.eus-eko erredakziotik barkamena eskatu nahi dugu hanka-sartzeagatik, are mingarriagoa gure kasuan, guk sortutako idazki pare baten laguntzaz honelakoak ekidin daitezkeelako:
Duela gutxi albiste faltsuak eta gezurrak atzemateko gida argitaratu genuen. Eta duela hiru urte, Kazetariak sare sozialetan aritzeko gidaliburua. Han, 6. puntuak honela dio hitzez hitz:
(…) Ez da notizia sare sozialetan agertzen dena; notizia bihurtzeko kazetariak ohiko kontraste eta balidazioa egin behar dio sarean aipatutako materialari. Sareko jendea ez da kazetaria, gehinez lekukoa (…).