Aurreak erakusten du atzea nola dantzatu

Aurreak erakusten du atzea nola dantzatu –

Mahamadou Issoufou Nigerreko presidenteak, beso zabalik hartu ditu atzerriko indar militarrak. Hain bero ezen frantsesek hiru base jarri dituztela bertan, eta amerikarrek Agadezen, Afrikan daukaten handiena eraiki dutela.

Lehendik ere beltza duten kopeta, are beltzagoa jarri zaie hainbat afrikarri egoera honen aurrean, eta euren zaharrek hainbeste oinazeren ondotik lortutako independentzia, zertan den orain aurpegiratu diote estatuko gobernuari, haserre.

Estatu Batuen aginduz Afrikarako bozeramailea den Samantha Reho-ren hitzetan Nigerrek berebiziko kokapena dauka, talde terrorista bortitz asko bertako muga porotsuez baliatzen delako. Ildo beretik, Kalla Moutari Nigerreko defentsa ministroak dio, Estatu Batuak eta Frantzia laguntzera baino ez direla iritsi eurenera, inguruko mehatxu terrorista benetakoa delako, eta horri aurre egin, eta ateak itxi behar zaizkiolako.

Baina, hain daude galdera ikur asko airean, Lirwana OSC talde zibileko maisuaren ustez! Hain erantzun ilunak zalantzen aurrean! Nork daki nola iritsi diren base horiek Nigerrera? Nola negoziatu da euren ezarpena? Zein da euren eginkizuna?… Zergatik ez da Asanblea Nazionala aintzat hartu kontu honetan guztian?

Afrikarrak aspalditik ezagutzen du bere bizilagun mendebaldarra, ondoegi ezagutu ere!

Historia garbi mintzo da, haragi bizian odolez idatzitako letrez. Zauriek irekita diraute.

Nigertarrak ez du dagoeneko zalantzarik egiten, badaki Saheleko egonkortasun nahiaren atzean, interes ekonomiko soila baino ez dagoela, helburua euren lur emankorrek gorderik dituzten baliabide naturalak baino ez direla, eta pertsona, herria, kultura, duintasuna, eskubideak… hitz dotore antzu bihurtzen direla mendebaldekoak gutiziatzen duenaren aurrean, aurreak erakusten baitu atzea nola dantzatu.

Aurreak erakusten du atzea nola dantzatu

Aurreak erakusten du atzea nola dantzatu
Afrika, kel_tamasheq, Sahel

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude