Argentinako Euskal Etxera “Anima Zaitez”

Argentinako Euskal Etxera “Anima Zaitez” –

Irekita dago –abuztuaren 12a arte- Villa Mariak antolatzen duen “Anima Zaitez”
programaren izen ematea. Partehartzaileek Argentinako euskal etxe honetan, euskara, musika, dantza, sukaldaritza edo kirol tailerrak emateko aukera izango dute, 15 eguneko egonaldian.

Anima Zaitez programa, 2016etik Villa Mariako euskal etxeak antolatzen duen elkartruke proiektua da. Argentina eta Euskal Herriaren arteko harremanak estutzeko asmoz, proiektu honek euskal kulturarekin zerikusia duten tailerrak egitera animatu nahi ditu partehartzaileak, nahiago duten arloan, euskara, dantza, euskal musika, sukaldaritza edo kirolarekin harremana dutenak. 20 eta 30 urte bitarteko euskal gazteei zuzendua, programa honek irailaren 24etik urriaren 10era Argentinara bidaiatzeko aukera duten gazteak bilatzen ditu.

Euskal etxearen 70. urteurrena ospatzeko hasi zen proposamen hau, Necocheako euskal etxeak 2004tik aurrera antolatzen duen Hator Hona proiektua oinarri hartuta. Deialdi honek Argentinako euskal komunitateko kideak ezagutzeko aukera eman nahi du, distantzian euskal kultura nola mantentzen eta zabaltzen den ikusarazteko eta itsasoaren bi aldeetako esperientziak partekatu ahal izateko.

Proiektua Euskal Etxearen eraikinean burutzen da, Villa Marian, Cordoban. 15 eguneko egonaldian, erakundeko gazteen familiek eskainiko dute alojamendua eta otorduak familiek nahiz euskal etxeak emango dituzte.

Gazteek honako baldintzak bete behar dituzte: Euskaldunak izatea, 20 eta 30 urte bitartekoak, euskara eta gaztelaniaz hitz egitea eta gutxienez honako bi arlotan ezagutzak edukitzea: euskal dantza, euskara, euskal kirola, sukaldaritza eta euskal musika. Ez da beharrezkoa inolako diplomarik edukitzea, ezinbestekoa dena ezagutza horiek zabaltzeko gogoa da. Partehartzaileek aipatutako datetan Argentinara etortzeko aukera izan behar dute. Azkenik, Euskal Herrira itzultzean, jarduera ezagutarazi eta zabaltzeko laguntza eskatuko zaie.

Gazteek Argentinarako hegaldia ordaindu beharko dute (joan-itzulia) eta baita bidai asegurua. Programarekin zerikusia duten gastuak euskal etxearen esku daude (otorduak, materialak, etab.), 15 egunetan zehar.

Aurreko edizioetan gure neguko oporrak (Euskal Herriko udako oporrak) erabiltzen genituen programa egiteko, aurten esperientzia berritzeko asmoz, irailean-urrian egitea erabaki dugu; horrela, gure programa Argentinan egiten den euskal astearekin lotu, partehartzaileei esperientzia hori eskaintzeko.

Eskaerak 2022-ko abuztuaren 12ra arte jasoko dira. Behin deialdia itxita, emaitzak gure sare sozialetan argitaratuko dira.

ANIMA ZAITEZ esperientzia bizitzera! Jarri gurekin harremanetan!

Argentinako Euskal Etxera "Anima Zaitez"

Argentinako Euskal Etxera “Anima Zaitez”