Altxamendua

Altxamendua –

Altxamendua

Miraria gertatu da: altxamendua

Itxuraz, guztia zuten kontra urriaren 1ean erreferenduma ganoraz gauzatzeko. Horri gehitu Virgen del Rocio-k zaindutako 10.000 polizia diziplinatu bezain haserretu Espainia salbatzeko motibazioarekin, etxetik 500 kilometrora, kamarote xixtrin batean eta croissantak gurin-terrina txikietatik gosaltzen. Zerbitzu sekretu ahalguztidunek ere ez dute lortu hautetsontziak 2.000 eskoletara heltzea. Galtzailerik bada, Piolin brigada.

Aurrean, milaka katalan antolatu, diziplinaz eta irmo, boto kutxak babesteko. Ilarak, sekulakoak. Antena 3n agertzen diren Venezuelako dendetakoak huskeria diren katalanen aldean. Erresistentzia masiboa, adin eta klase guztietako jendea, irmoa eta baketsua. Ofizinako ahulki bat poliziari burura botatzen dion WWFko borrokalari tankerako bat, bi harri eta lau obrako hesi horixka nostalgiko dira Espainiako propagandak eskuratu dituen aitzakia hutsala –behin eta berriz errepikatua–.

Segurtasun indarrei bortxaz egin besterik ez zitzatzien gelditu, baina, dirudienez, nazioarteko irudiaren beldur Madrilek polizia operazioak bertan behera utzi zituen, kontaketa egiten utziz. Alferrik. A! Eta ez ahaztu goizeko 8etan Generalitateak iragarritakoa: edozein tokitan bozkatzeko aukera zegoen aplikazio informatiko bati esker. Magia. Trikimailuetan sinisten ez dutenentzako, altxamendua.

Estatuak erabat galarazi nahi izan du erreferenduma, boto n paper bakarra ere ez zuen nahi. Eskolak itxita, herritarrak kikilduta. Dena hankaz gora jartzeko indar ustez mugagabea zuen, baina Kataluniak: irudimena, malgutasuna eta abilezia –David Fernandezen ginkana, epikoa da–. Herritarren laguntza ezinbestekoaz gain, logistika lan kolosala. Hau guztia gertatu izana, mirari hutsa da, edo, fededun ez direnentzako, herri matxinada.

Eta Mossoak? Itzela. Kataluniako Poliziak lasai utzi zituzten independentistak, erresistentzia minimoa aurkitu zuten edozein eskoletan. Guardia Zibilei aurre egin zieten hainbat tokitan. Negar egin zuten txalotzen zituzten bitartean. Espainiako poliziek herri bat zuten atzean, “A por ellos, oe”, Katalanek ere bai, “Democracia”. Zer uste zuten? Polizia koloniala utziko zutela beraien herria jipoitzen?

Erreferendumaren emaitzen balioari buruz. Hasteko, poliziek mehatxatutako hauteskundeak ez dira libreak. Gero, presio horrek ondorioz hainbestekoak izan ziren zailtasunak, emaitzen benetakotasuna frogatzea zaila dela, nahiz eta ikuskatzaileek ontzat eman dituzten. Sareetan zabaldu diren irudiek susmoa pizten dute, zilegi da.

Hutsune demokratiko horiei heldu die Madrilek, beste behin, barruan daramaten iruzurgilea agerian utziz. Erreferenduma legez kanpokoa bazen berez, zertarako hainbeste istilu gainontzekoan? Goraino armatutako poliziak bidali boto kutxak indarrez eramatera, parean aurkitzen zutenari jo ta egurra emanda, eta gainera independentistei eskatu berme demokratikoak? Kopeta behar da, gero! Aitzaikien erregeak dira.

Funtsezkoa: Generalitateak balioa eman die emaitzei, eta Erreferendum Legea betez, aurrera jarraituko duela agindu du. Bide zuzen eta kristalinoen garaia amaitu da. Horren ondorioak, ikusteke daude.

Arrasto sakona utziko du urriaren 1ak. Umiliatu nahi izan duten herri ahaldunduaren ondorioak kontrolaezinak dira. Madrilen: itsu-gor. Tristeena da Katalanek alde egiten dutenean, Espainian ez dutela zipitzik ere konprenituko. Agur Ben-Hur.

Miraria gertatuko den

Independentzia aldarrikapena berehala datorrela iragarri du Carles Puigdemontek. Egitateen hurrengo urratsa izango da. Gustatzen zait hechos consumados hitz-elkarketa. Beste batzuen arabera, urriaren 1a zilegitasun politikoa irabazi eta munduko agendan txertatzeko ahalegina –arrakastatsua– izan da, gerora bitartekaritza eta negozazioa sustatu dadin. Biharko geldialdi nazionala ere horren akuilua da.

Hortik aurrera zer? Mirari bat edo estatu eraikuntza. Kataluniak bere lurraldearen gaineko kontrol erabatekoa behar du: polizia, diru bilketa, botere judizial propioa… gainera, nazioarteko herrialdeen aitortza behar du. Momentuz, Europako botere faktikoek Mariano Rajoyrekin bat egin dute, zalantza izpirik gabe, indarkeriaren kritika xaloa gorabehera. Jarrera aldaketak tantaz tanta ez badatoz, etsipenak irabaziko du.

Altxamendua

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra