Urteak iraungo dituen eguna #KatU1

Urteak iraungo dituen eguna –

Atzo albiste, zurrumurru eta irudiz mozkortu ginen. Gaur astelehena da. Gaur astelehena daukagu.

Boletin laburra

Bihotzekoak jotako gizon bat; larri dagoen zauritu bat, garuneko konmozioarekin; emakume bati hatzamarrak bana-banan hautsi eta ukituak egin dizkiote; 900 zauritu inguru eragin ditu poliziak; hautestontziak lapurtu eta udaletxeak txikitu dituzte.

Emaitzak (TV3)

Proportzionalitatearen ideia

ETAko militante batek bazekien, eta badaki, bere konpromisoak prezio altu bat izan dezakeela: erbestea, espetxea, edota heriotza. Bere gain hartzen du, jabetzen da arriskuaz. Ilegalizazioen garaian (eta lehenago) Ezker Abertzaleko zenbait antolakundetan militatzen zuten kideek ere, denbora apur bat pasa ostean, bazekiten zer suposatzen zuen bere lanak. Frankoren garaian, edozein militantek bazekien nora eraman zezakeen bere engaiamenduak. Proportzionalitatearen ideia moduko bat dago, definitzen zaila dena, idatzi gabeko eskema batzuen arabera funtzionatzen duena. Atzo proportzionalitatearen eskema guztiak apurtu zizkien kataluniarrei.

Urteak iraungo dituen egunaHiru euskaldun egon gara elkarrekin egun hauetan, eta harrituta geunden zeinen lasai ikusten genituen hemengoak.

  • Kontuz espainiarrekin, jo eta su sartuko dira, hauek egurra mintzo dute soilik.
  • Beno, gu bozkatzera besterik ez goaz, lasaitasunez.
  • Baina edozer gauza egiteko prest daude, bihar odola egon daiteke.
  • Bozkatzera goaz, zer egingo dute? Hautestontzia eraman? Moldatuko gara eta bozkatuko dugu.

Bozka ematera doan herritar batek ez du kontzebitzen egurtu dutenik, eta nola gainera. Herri baketsu eta lasai honetako herritar askok ez zuten pentsatzen horrelako eszenak ikusiko zituztenik; horregatik, haserreaz gain, konmozioa da nagusi. “Klik” bat entzun da buru guztietan, Altsasuko guraso bati esaten diotenean bezala bere semearentzako 62 urteko espetxe zigorra eskatu dutela taberna bateko sesio batengatik. Eskemak hausten dira, eta horrek eragiten du, hein handi batean, egun hauetan bizitzen ari garen azelerazio historikoa.

Azelerazio historikoa

Zaila da barneratzea egun hauetako erritmoa. Laburbilduz: atzo herri oso batek burujabe izatea erabaki zuen; gaur atzoko mozkorraren astelehena da; bihar greba orokorra (CCOO eta UGT ere gehitu dira, baita eskuineko zenbait enpresari ere); etzi Errepublikaren aldarrikapena; eta etzidamu, auskalo.

Ezker espainiarraren tesiak irrigarri geratu dira; PP-k herri oso bat jipoitu du, “normala” dena baino gehiago; PSOE konplizea da; Unio desagertu da; EAJ-z beranduago hitz egingo dugu; sable hotsa entzuten da erresumaren indar armatuetan; eta Erregeak ez du aipamenik berezi.  Franko hil osteko erreforma (trantsizio gisa saldu zena) antzarak ferratzera joan da, eta Espainiak, proiektu politiko gisa, erabateko porrota jasan du Katalunian.

Polizia espainiarrak egin dituenak egin ditu, erreferendum bat zela eta. Ea zer egiten duten etzi Errepublika aldarrikatuz gero.

Urteak iraungo dituen eguna

Nazioartea

Jende guztia esaten ari da estatu espainiarra barregarri geratu dela munduaren aurrean, eta egia da. Baina agian orain mundua geratuko da barregarri Kataluniaren aitzinean. Zeren eta, akaso, agian, baliteke, kondena internazional oso politak entzutea, ikustea, marko batean ipintzeko modukoak. Baina Nazio Batuetan konfidantza gramo bat jartzea alperrik da, historiak hori erakutsi digu; beno, Venezuelako oposiziogile bat bazara bai, baina bestela ez.

Atzoko argazkiak

Parte-hartzea

Parte hartzea zalantzan jartzen dutenentzat, bi kontu. Lehena, gure Hasierrek “Katalunia eta argudioen logika” artikuluan esandakoa: “Kontua oso sinplea da, ordea, eta arrazoi du Puigdemontek, erdia gehi bat aski da, horixe da aferaren aurkia. Eta baten batek konprenitu nahi ez badu, begira diezaiola korapiloaren ifrentzuari: erdia gehi bat ez bada aski statu quoa aldatzeko, erdia ken bat aski al da statu quoa indarrean eusteko?”

Bestalde, erreferenduma egoera anormal batean ospatu da. HAUTESTONTZI UGARI LAPURTU DITUZTE. Eta hala ere, parte-hartzea %42, 34ekoa izan da. Kantitate zilegia da, El Paisen arabera.

Urteak iraungo dituen eguna

EAJ eta funanbulismo politikoa

Iñigo Urkullu: “erreferendum legala eta hitzartua, Canada-Quebec/Erresuma Batua-Eskozia eskeman”. Ez dago babes mezu bat kataluniarrei; ez dago biktimen aipamenik, ez eta gertatutakoaren kondenarik; eta geure herriaren burujabetza ezinezkoa den eremu baten kimeran ito nahi du. Behin norbaiti entzun nion bezala, Euskadi Buru Batzarrekoak independentziarekin katolikoak paradisuarekin bezala dira: guztiek joan nahi dute paradisura, baina posible bada, gaur ez. Estatuaren txorimalo hutsa izatera dedikatzen den sasi-lehendakari bat daukagu “euskal erdian”.

Uxue Barkos: bere mezua apur bat beroagoa da, enpatikoagoa, baina honek ere ez dio babes espliziturik eman erreferendumari.

Andoni Ortuzar: hautestontziak ez zirela kendu behar dio, baina honek ere ez du erreferenduma babesten.

Jeltzaleak munduko funanbulista onenak dira: mezu ezberdinak zabaltzen dituzte, tonu diferentean, katalanen belarriak goxatuz eta hein berean PPren gobernua sustengatuz. Ia. Bale. Kito. Egoera honek sokatik erortzera eramango ditu, eta nik uste eskuinaldera eroriko direla.

Hego Euskal Herria

Egun hauetan EAJ-k izan duen jarrera da EAJ erdigunetik kentzearen beharra azaleratzen duen froga argigarriena. Errepublikaren aldeko dinamika indartsi bat behar dugu, herritarrek abiatu eta elikatutakoa, eta ez alderdien zuzendaritzek adostutakoa. Tokian tokiko gatazkak planteatuko dituena, irabazi daitezkeen batailak. Zeren eta guk, Goierrin, ezin dugu lan erreforma atzera bota; baina bai enpresa batekoa, eta bada garaia irabaz ditzakegun batailak abiatzeko; eta horri Euskal Errepublikaren txapela eman.

Katalunian egun bat jaio da, urteak iraungo dituen eguna; guk marmotaren egunarekin jarraitzen dugu. Aprobetxatu dezagun olatua.

Urteak iraungo dituen eguna

Urteak iraungo dituen eguna

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

Zer duzu buruan “Urteak iraungo dituen eguna #KatU1”-ri buruz

  • ganbaratxotik 2017-10-02 20:30

    Eskerrak aurrena Beñat gertakari historikook zuzenean gureganatzen egiten ari zeraten ahaleginagatik.
    EAJren inguruan apuntetxo batzuk:
    – Atutxa andrearen adierazpenak zalatuz Estatuak ez duela inolako eskeintzarik Katalunia eta (narrua izan behar da) Euzkadirentzat (?). Hau da kultura politikoa? Kataluniako borrokaren kontura PPtik sos batzuk atera (Puigemont-en posizioa ahulduz) eta orain PP ustez behartuta dagoenean Kataluniarrei arrimatu? Politikatik at pertsonon arteko giza-harremanetan norbaitek horrlako “azpijokotan” dabilenean nola katalogatuko genuke?
    – Oraintxe bertan Espaniako irrati baina bertarako emisioan Anasagasti jaunak zera bota du :galdetu diote ea nola ikusi zituen atzoko basakeriak eta EAJko frikienak atzokoaz ezer aipatzeke, Otegi eta Txiki MUñoz-en kontra epelak eta bi bota ditu bukatu duelarik esanez bi horiekin ezin dela inora joan. Orain ere EAJko agintari (bizkaitarrak) distantziak gordetzen. Aurreko hastean gure herrian Bilduk kontzentrazioa deitu zuen eta EAJ jendea azaldu zen. Mandatari horiek ez dute hori inola ere orokortzerik nahiko. Izan ere horrek ezkerreko abertzaletasunari interlokutore izaera ematen diolako. Homologatu egiten du bere jendearen aurrean. Beraz, argi joka dezagun amarruetan erori gabe.

    Kataluniatik hainbat irakaspen datozkigu. Behar beste aipatzen ez diren batzuk:
    – Inteligentzia politikoa (Xake-partida).
    – Planifikazioaren beharra ( Kataluniako eragileek PLAN bat dute Espainia inprobisatzen ari da)
    – Ganora. Gauzak fundamentuarekin egin behar dira, txapuzarik ez mesedez, hori oso espainola da.
    – Antolaketa eta disziplina.(kolektibotasuna)