Agustin Lizarraga, Machu Picchuren egiazko aurkitzailea

Agustin Lizarraga, Machu Picchuren egiazko aurkitzailea –

Gizateriaren historian badira istorio eta kontakizun ttipi asko, Agustin Lizarragarena horietako bat dugu. Laboraria zen eta laborantzarako lur berrien bila zebilela, ustekabean, inken hiri galdua topatu zuen. Bere izena eta iritsi zen urtea ikatzez bertan idatzi zituen arren, aurkikuntza eta ospea bederatzi urte berantago iritsi zen Hiram Bingham esploratzaile estatubatuarrak bereganatu zituen. Hauxe da, laburbilduz, orain jorratuko dudan istorioaren nondik norakoa.

.

Agustin Lizarragari buruzko datuak

Egia erran, ezin dugu gauza handirik zehaztu Agustin Lizarragaren familiaz eta genealogiaz. Euskal jatorriko familia zela garbi dago, baina, zoritxarrez, ez dakigu haien arbasoak Euskal Herriko zein herritatik eta noiz abiatu ziren Ameriketara. Jakin badakigu, XX. mendeko hastapenetan, Angel Mariano eta Agustin Lizarraga anaiak Peruko Incarracay aldean kokatu zirela haien familiekin. Nondik zetozen? Erantzun gabeko galdera dugu oraindik. Zertara joan ziren lur menditsu eta salbai horietara? Laborariak edo nekazariak zirenez gero, laborantzarako lur berrien bila joan zirela dirudi eta luzaz, euskal jatorrizko Otxoa familiaren Collpaní haziendan aritu ziren lanean.

Agustin Lizarraga laboraria zen, aipatu dugun bezala, baina gainerako nekazarien artean bere izaeraz eta kulturaz nabarmentzen zenez gero, Peruko Garraio Ministerioak zerga-kobratzaile gisa kontratatu zuen.

Horretaz gain, bere ardurapean zituen Cuzcoren eta Quillabambaren arteko zubi guztiak. Igarobide horiek ezinbestekoak ziren eskualdeko garraioa bermatzeko, eta orgek eta gurdiek pasatzerakoan hondatzen zituztenez gero, Agustin Lizarraga zen zubi horiek egoera onean iraunarazteko ardura zuena. Gainera, garai hartan garraio handia zebilen, bazter haietan trenbideak egiten ari zirelako. Hori dela eta, geroxeago, Urubamba ibaia zeharkatzen zuen San Migel zubiaren ondoan hartu zuen bizitoki.

Agustin Lizarraga, Machu Picchuren egiazko aurkitzaileaAgustin Lizarragak ongixko ezagutzen zuen bere ardurapean zuen eskualde zabala. Harreman bizi-biziak zituen bertako lurjabe eta laborariekin, baita hango bideetan barna zebiltzan mandazainekin ere. Informazio handia zuen eskualdean gertatzen zenaz. Baliteke, norbaitek kontaturik, bizi zen tokitik bi ordutara, mendi eta haitzen artean, hiri inka handi abandonatu bat zela jakin izana. Baliteke.

Gauza da, 1902ko uztailaren 14an, Agustin Lizarraga, Gavino Sanchez eta Enrique Palma herritarrekin batera, inken hiri abandonatura iritsi zirela. Gehien-gehienek laborantzarako lur berri bila zebiltzala diote. Gaur Hiru Leihotako Tenplua deitzen dugun eraikin horretako horma batean, honako mezua idatzi zuen ikatzez: A. Lizarraga. 1902. Egun osoa eman zuten herri abandonatuan eta jauregi zaharrak, tenpluak eta bestelako eraikinak ikusi zituztela kontatu zuten gero. Beraien ustez, bazirudien, inkek egun batetik bestera herria abandonatu zutela eta horregatik zeramikak eta bestelako objektuak aurkitu zituzten.

Aurkikuntzaren albistea ahoz aho zabaldu zen. 1904an, Otxoa familiaren haziendan, ezkontza bat izan zen, eta Limatik eta Parisetik etorritako gonbidatuak izan ziren bertan. Kontatzen denez, gonbidatu horietako batzuk hiri abandonatura igo ziren, turisten modura.

Beraz, Agustin Lizarraga hirira iritsi zenez geroztik, inken hiri abandonatuaren istorioa ezaguna zen eskualde hartan.

Eta zer gertatu zen Agustin Lizarragak jaso zituen zeramika eta gainerako objektuekin? Agustin Lizarragaren Angel Mariano anaiaren Romulo Lizarraga bilobak kontatzen duenez, Agustinek bi kutxa, leporaino beteta, eraman omen zituen etxera. Kutxa horietan ba omen ziren harrizko objektuak, goilarak, metalezko estatua ttipiak, lanabesak… eta beste. Agustin Urubamba ibaia zeharkatu nahian ito zelarik, Rosa alargunaren esku geratu ziren. Zaharturik eta arras gaixorik zela, herriko apaizari kontatu zion aitorpen gisa. Apaiza biziki haserretu omen zen eta gauza horiek jentil edo paganoen gauzak zirelakoan, komentura eramateko agindu zion. Zeruan sartu nahi bazuen hori ezinbesteko baldintza zela argudiatu zion. Horrez ordainaz, elizako aldare nagusian haren izena idatziko zuela hitz eman zion. Alargunak kutxak komentura eraman omen zituen, eta apaizak ez zuen inoiz haren izena aldare nagusian idatzi. Horrela galdu omen ziren Agustin Lizarragak hiri abandonatutik ekarritako altxorrak.

.

Hiram Bingham amerikarraren espedizioa

Hiram Bingham arkeologo eta esploratzaile estatubatuarrak bidaia bat anlolatu zuen Peru aldera Vilcabamba hiriaren bila. Yaleko unibertsitatean ikasketak eginak zituen eta bertako katedraduna izatera iritsi zen. Espainiar konkistatzaileen kroniketan kontatzen dutenez, aipatu dudan hiri hau izan omen zen inken azken hiri gotortua. 1911ko uztailaren 24an Machu Picchura iritsi zen. Bertan bost ordu eman zituen, datuak hartzen eta argazkiak ateratzen. Agustin Lizarragak ikatzez idatzitakoa ikusi zuen, argazki bat egin zion eta bide-liburuan honela idatzi zuen: Agustin Lizarraga da Machu Picchuren aurkitzailea. 1922an plazaratu zuen Inca Land izeneko liburuan aipamen bera egin zuen, baina 1948an argitara eman zuen Lost City Of The Incas (Inken hiri abandonatua) izeneko liburu famatuan ez zuen horrelakorik aipatu, eta horrela aurkikuntzaren ospe guztia zuen bereganatu. Horrelako jukutriak oso ohikoak izan dira arkeologo, egiptologo, aurkitzaile eta zientzialari asmatzaileen artean.

Laurogeita hamar urteko German Etxegarai Lizarraga ilobak 2011. urtean Sergio Vilela eta Jose Carlos de la Puente kazetariei kontatu zienez, Hiram Ningam berak kontratatu omen zuen Agustin Machu Picchuko lanetan aritu zedin. Bitxia da gero. Agustin Lizarraga izan ote zen hiri abandonatuaren kokapenaren berri antropologo amerikarri eman ziona? Horretaz badira zenbait teoria eta esamesa. Cossío irakasleak espedizio bat antolatu zuen, Hiram Bingham hirira iritsi eta zazpi hilabetera, eta Agustin Lizarraga kontratatu zuen espedizioaren gida izan zedin. Horretan ari zela, 1912ko otsailaren 11n, Urubamba ibaia zeharkatzen ari zela, bertara erori eta korronteak eraman zuen.

Agustin Lizarraga, beste bi laborariekin batera, izan zen Machu Picchu aurkitu zuena, eta Hiram Bingham hiria aztertu eta mundu zabalari ezagutarazi ziona. Dena den, ez da historiara horrela pasatu, Agustin Lizarragaren izena liburu guztietatik desagertu baita eta Hiram Binghamek, egia ezkutatuz, ospe guztia bereganatu zuena. Lizarragak ez zuen inor atzean, eta Hiram Binghamek, berriz, National Geographik, Yaleko Unibertsitatea, Estatu Batuetako eta Peruko gobernuak, eta adiskide aberats pilo bat zuen berekin.

Agustin Lizarraga, Machu Picchuren egiazko aurkitzailea
Ezkerrean, Hiram Mingham arkeologoa. Eskuman, Agustin Lizarraga.

.

Agustin Lizarragaren heriotzaren inguruko zurrumurruak

German Etxegarai Lizarraga ilobak kontatu zuenez, 1912ko otsailaren 11n, Agustin Lizarraga Urubamba ibaia zeharkatzen ahalegindu zen. Bi haitz handiren artean bazen kanaberazko zubi bat eta hortik pasatu nahi zuen ibai erdian zen uhartetxo batera iristeko. Uhartetxo horretan artadi bat omen zuen. Pasatzen ari zela, zubia askatu eta erori zen. Lizarraga zubitxoarekin batera ibaira erori zen. Lizarragarekin mutiko bat zihoan eta honek herritarrak gertatutakoaz ohartu bazituen ere, ezin izan zuten ezer egin Lizarraga onik ateratzeko. Korronteak eraman zuen eta gorpua ez zuten inoiz topatu.

Hauxe da gertatu zena, baina bada legenda beltz moduko bat gertakizun honen inguruan. Romulo Lizarragak kontatu zuenez, Bingham arkeologoak Agustin kontratatu zuen hiriaren indusketetan parte har zezan. Berak, Urubamba ibaia zeharkatuz, eramaten zituen erremintak eta gainerako tresnak inken hiriraino. 1912ko otsailaren 11n, amerikarrak eskatu omen zion Agustini, Mandorpampara jaitsi zedin elikagaien bila. Dena ongi prestatutako maltzurkeria izan omen zen. Berandu samar igorri zuen, ilun samarra zelarik, eta ibaia urez gainezka zihoan. Lehen kontatu dudan bezala, kanaberazko zubitik pasatzen ari zela, zubia askatu eta ibaira erori zen, berekin batera Agustin Lizarraga eramanez. Legenda beltz honen arabera, norbaitek zubia moztu zuen Agustin ibaira amildu zedin.

Agustin Lizarraga, Machu Picchuren egiazko aurkitzailea

Kontakizun honek ez du ez zangorik eta ez bururik. Herritarren artean zabaldu zen zurrumurrua dugu, baina egiarekin zer ikusirik ez duena. Lehen aipatu Cossío irakasleak, bere agendan idatzi zuenez, istripu lazgarria izan zen, besterik ez. Konspirazioaren kontuak ez du inolako oinarririk. Lizarragaren heriotza gertatu zelarik, Hiram Bingham New Heaven zegoen, Yaleko unibertsitatean, Machu Picchura egin nahi zuen bigarren espedizioa prestatzen.

Agustin Lizarragaren istorio hau ilunpetan gelditu den arren, azken hamarkada hauetan, badira haren oroitzapena berreskuratzen saiatzen ari direnak. Alde batetik haren ondorengoak, eta bestaldetik Peruko prentsan hainbat artikulu plazaratu duten kazetariak, lehen apatu Sergio Vilela eta Jose Carlos de la Puente, gehien bat. 2002. urtean, Américo Rivasek “Agustin Lizarraga: el gran descubridor de Machu Picchu” (Agustin Lizarraga, Matchu Picchuren aurkitzaile handia) izeneko liburua plazaratu zuen. Beraz, badirudi zerbait mugitzen ari dela Agustin Lizarraga berez dagokion lekuan jartzeko.

Agustin Lizarraga, Machu Picchuren egiazko aurkitzailea

Euskaltzalea eta irakasle-ohia